Bizipoztu zaitez! Izan babesle, izan boluntario

Ainhoa Arozena 2020ko ots. 1a, 10:56

Bizipoza elkartea aurkeztu zuten atzo iluntzean, Asteasuko Udaleko ikus-entzunezkoen gelan egin zen ekitaldian. Elkarteko kideez gain, gonbidatuak ere izan ziren: herriko dantzari eta txistulariak, Amaia Agirre bertsolaria, Aitor Atxega musikaria edota Eijer Olano gaztea. Elkartea ezagutaraztearekin batera, boluntario edo babesle izateko deia luzatu zuten.

Bizipoza elkartea 35 elkartek osatzen dute, egungoa eraldatu eta eskubideak urratuta dituzten haur eta familientzako gizarte inklusiboa eraikitzen lagundu nahi dute. Anabel Arraiza elkarteko kideak aurkeztu zuen egitasmoa, "Bizipoza gizartegintza egitasmo bat da, elkarteen elkarte bat dela esan dezakegu. Gaur egun Euskal Herrian aritzen diren 35 elkartek osatzen dute Bizipoza eta hortik ezaugarri nagusienetako bat, aniztasuna; baina euskarak ere batzen gaitu. Elkarte guztiak desberdinak dira, baina helburu eta nahi berdinak dituzte azken finean. Beraien errealitatea ezagutaraztea. Horregatik, Bizipozan egungo gizartea eraldatu eta haur eta familia guztien eskubideak bermatuak izango dituen Euskal Herria eraiki nahi dugu", adierazi zuen.

Ekitaldia borobiltzeko gonbidatuak izan ziren atzokoan, guztiak boluntario gisa etorriak. Eta hasteko, Asteasuko Izarne eta Maddi dantzariek aurreskua dantzatu zuten Nerea Goikoetxea, Xabin Mujika eta Joseba Huitzi txistulari eta atabalariez lagunduta. 

Bizipoza elkarteko Eijer Olanok hartu zuen hitza jarraian. Hitz hunkigarri eta politak eskaini zituen, barru-barrutik ateratakoak. "Ni ospitalean egon nintzenean duela bost urte, hamar urterekin, ez nintzen ondo jabetzen neukan gaixotasuna larria zela. Orain jabetzen naiz, eta orain jabetzen naiz botikek sendatu nindutela eta, botikez gain ere, zer garrantzitsua izan zen mediku onak aldamenean izatea eta familiaren maitasuna sentitzea. Eta baita Aspanogi ondoan izatea ere. Berarengandik ospitalean abantaila ugari ditugulako bai gaixoek eta baita familiek ere. Bizitzan egoera ezohikoak pasatzea tokatu zaigunoi, -izan gaixotasunagatik, izan transexualak izateagatik, izan migranteak izateagatik edo beste edozergartik-, jabetzen gara gugatik lan egiten duen elkarte bat ondoan edukitzea zer garrantzitsua den, bidea samurragoa egiten digulako. Eta elkarte horien artean elkarte bat sortzeak oraindik eta indar gehiago emango du, bolondres gehiago izango duelako eta ekintza gehiago egin ahal izango dituelako. Eta eskertu nahi diet ere, gaixo egon eta dauden haurrei aurrera egiten lagundu eta gainditzen laguntzen egon diren eta dauden ospitaleko talde guztiei. Bizipoza da ospitalean zaudenean eskulanak egitean Aspanogiko Nekane etortzea, Bizipoza da familian denak osasuntsu egotea, Bizipoza da lagunekin pozik egotea, Bizipoza da munduko umeak pozik ikustea, Bizipoza da Aspanogi bezalako beste elkarteak batzen dituen elkarte bat osatzea eta zer bizipoza gaur Bizipoza gure herrian aurkeztea. Gora Aspanogi eta gora Bizipoza elkartea!".

Dokumentalen aurkezpena
Txalo zaparrada beroa jaso zuen Eijerrek eta segidan hiru dokumental ikusteko aukera izan zuten bertaratuek. Bizipoza elkartea osatzen duten 35 elkartetatik Asteasun presentzia duten hiru elkarterena. Beroa, -Gipuzkoako harrera familien elkartea-; Naizen, -adingabe transexualen familien elkartea- eta Aspanogi, -Gipuzkoako haur onkologikoen familia elkartea-renak, hain zuzen ere. Dokumental bakoitzaren ondoren, Amaia Agirrek bertsoa abestu zuen Aitor Atxegak gitarraz lagunduta.

BEROA ELKARTEA
DOINUA: HABANERA

Denak ez dira mundura
sortzen goxo ta pakean
denek ez dute ogi bat
ekarri ohi besapean
batzuk motxila astun bat
dakarte euren katean
ta harrera familiak
berezko borondatean
ongi-etorri bat jartzen
dute etxeko atean
maitasuna ta babesa
eskainiz muxu artean
sinisten dute famili,
lagunarte ta elkartean
beroak geroa emango
baitie egun batean.

NAIZEN ELKARTEARI:
DOINUA: IZARREN HAUTSA

Nork dio zer den arauz kanpoko
nork dio zer den normala
ta nork dio zer den berezkoa
ta nork  zer den naturala
zenbait gorputzen transizioa
ta jakintzaren transmisioa
egin behar den bezala
instituzio eta legeak
alde baleude, ojala
hautsi genero ereduekin
naizena naiz eta hala
onar nazaten aldarrikatu
eta eskubide bat onartu
mamia eta azala
Norberak hauta dezala.

ASPANOGI ELKARTEA
DOINUA: IZARREN HAUTSA

Zenbat alditan madarikatu
ote dugu minbizia
bihotza ito ta eragiten
du existentzi krisia
baina umeak pirata handi
dira ta zenbat erakustaldi
atertuz malko luizia
basamortuan ur botila ta
esperantza oasia
hautsita zauden garai etsian
esperantzazko dosia
Aspanogi da hori guztia
ekaitz ondorengo eguzkia
biziminetik hazia
maitakorra ta bizia.

Amaieran, Bizipoza elkartearen dokumentala erakutsi zen, "denak ezinezkoa dirudi egiten den arte", aipatu zuen Bizipoza elkarteko kideetako batek dokumentalean zehar, "jarraitu eta jarraitu, bakoitzak aportazio txiki bat eginez, gauza handiak lortzen ari gara".

DOKUMENTAL LUZEA
DOINUA: HABANERA

Zer da gizalegea ta
zer da humanitatea
ze aurre iritzik isten
die muxuei atea?
Zein da diru publikoak
duen identitatea
indibidualista bada
bultzatzen den gizartea
norbanakoa ezezik
errotu lagunartea
zaindu bizikidetzaren
berezko entitatea
aldatu begirada ta
laguntzeko talantea
oso anitza delako
norbere errealitatea.

Bizipoztu zaitez
'Bizipoztu zaitez, izan babesle, izan boluntario' leloa aurkeztu zuen jarraian Anabel Arraizak. "Bizipozak lantzen dituen ekimenek aurrera egiteko eta Bizipozako elkarteek aurrera eramaten dituzten ekimenak aurrera eramateko boluntarioak behar ditugu. Gurekin batera bizipoztuko den jendea behar dugu. Boluntario gisa, denbora eskainiz edota babesle gisa, ekarpen ekonomikoa eginez. www.bizipoza.eus atarian dago horretarako aukera". Bakoitzak beretik eman dezakeela azpimarratu zuen, "denek daukagu zer eman eta denek eduki dezakegu egunen batean zer jaso".

Eskerrak emanaz eta txalo zaparradarekin amaitu zen ekitaldia, oroigarri gisa gordetzeko, argazkiak ateratzeko jarri zuten gunean argazkiak ateraz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!