XIX. mendearen azken bi hamarkadetan eta XX. mendeko lehen bi hamarkadetan ustiatu ziren Andazarrate inguruko meazuloak. Burdina ateratzen zen bertatik, eta Zarautzera bitarte aire-kableetan zihoazen bagonetetan zamatuta Mollarriko uharteraino garraiatzen zuten. Garraiorako egitura ikusgarria eraiki zuten horretarako: Andazarratetik Zarautzera dauden 11 kilometroko ibilbidean, hogei metroko luzera zuten 112 dorretxo edo zutabe zutitu zituzten. Behin burdina Talaimendi azpian dagoen Mollarri parajeko zama-lekura eramanda, han, metalezko zubi batzuen bidez, itsasontzietara isurtzen zuten.