M8 2022

Bertso-botika

Xabier Lasa 2022ko mar. 27a, 09:00

Uxue Alberdi, Oihana Iguaran, Maider Arregi eta Eli Pagola bertsolariak, Amaia Agirre gai-jartzaileak Ixak Arruti eta Gari Otamendi musikariak, eta Izan Inurri taldeko Elenita, Olatz, Sandra eta Aintzane.

Uxue Alberdi, Oihana Iguaran, Maider Arregi eta Eli Pagola bertsolariek Tabuen Kutxatik Oholtzara Asteasuko bertso musikatu solidarioan kantatu zuten Izan Inurri elkarteko kideen laguntzarekin. Minbizia jasan duten edo jasaten ari diren emakumeen topaleku da elkarte hori

Bertso saio aparta entzun izanaren sentsazioarekin irten zen Asteasuko ikus-entzunezko gela lepo jarri zuen publikoa. Barruraino sartzen den horietakoa, hurrengo egunetan oraindik bere oihartzuna belarri inguruan joan ezinik dabilkizun horietakoa.

Bularreko minbiziarekin loturiko tabuak, aurreiritziak, estereotipoak… astintzeko sortu zen Izan Inurri taldea. Modurik naturalenean, eta tarteka umorea erabiliz, minbiziaren oinaze fisiko eta psikologikoei buruz mintzatzeko hizkuntza berri bat sortzeko jaio zen, eta bidea egiten hasi da geroztik, besteak beste, bertsoaren bapateko adierazmoldea erabiliz, emakumearen ikuspegitik eta ahotsetik. Sekula baino kolektiboagoa eta parte-hartzaileagoa bilakatu zen "Tabuen Kutxatik Oholtzara" bertso musikatu solidarioa. Uxue Alberdi, Oihana Iguaran, Maider Arregi eta Eli Pagola bertsolariek Ixak Arruti gitarra-jotzailearen eta Gari Otamendi biolin-jotzailearen doinupean jardun zuten kantari. 

“Gora gu eta gutarrak/ Bi titidun ta bakarrak/ Bular gabeko malkarrak/ Gora gu eta bularrak” errepika ahotan zutela, hasi ziren lau bertsolariak. Printzipio-deklarazio horrekin ekin zioten, eta hortik aurrera, Amaia Agirre aurkezleak eta Izan Inurri taldeko Elenita, Olatz, Sandra eta Aintzanek haien irudimena eta mihia astintzea lortu zuten.

Gaiak, bularreko minbizia jasaten duten emakumeen eguneroko pasadizo errealetan eta gogoetetan oinarritu ziren. Sentimendu sarkorretatik eta umoretik abiatu ziren, eta bertsoen uzta ere, neurrikoa gertatu zen, entzuleen txalo zaparrada jasoaz.

Munstro baten pare

Olatz, Izan Inurriko kideak, berari gertatutako pasadizoa kontatu zien, Alberdi, Pagola eta Arregi bertsolariei: “orain urte bete, ezkerreko bularra kendu zidaten. Igeriketara jende gutxi dagoenean joaten naiz, eta behin, larunbat arratsalde batean, dutxan nengoela, ama bat eta zortzi urteko Nora bere alaba sartu ziren. Nik bainujantzia kendu, eta hor geratu nintzen, larrugorritan, orbana bistan, titi bakar. Umea begira-begira gelditu zitzaidan. Eta ama, han ikusi nuen dena apuratuta, umeari jaboia ematen, eta ahapetik aginduz “ez begiratu, ez begiratu!”. Umea, jakina, niri begia kendu ezinik. Eta ama, geroz eta estutuago. Umeari esan nion: “beno maitea, lasai begiratu; zeozer galdetu nahi al didazu?”. 

Maider, zu alaba izango zara; zu, Uxue, ama; eta Eli, igerilari bular bakarra”.

Maider Arregi:

Emakumek hau begiratzea
debekatua da antza
Baina nire buruan badaude
Mila duda ta zalantza
Eta zeozer aklaratzeko 
orain badut esperantza.
Ama: zer da bular ondoan
ikus dakioken mantxa?

Uxue Alberdi:

Aldageletan hemen ari naiz
ni lotsa zatiak batzen,
gure alaba Norak ez daki
eta ixilik geratzen.
Nere ustetan nahiko irekia
eta progresista nintzen,
eta bizkarraz hor ari nintzen
bere orbana tapatzen.

Eli Pagola:

Urte bete bat arratsaldero
pizinara sartuz jada
ta berdin-berdin ikusi ohi dut
besteengan begirada.
Galdetu, txiki, entzun nahi dezuna
bidea zabal da, hara.
Bularrean dudan orban hori
ere galdera bat da.

Maider Arregi:

Ba galdetzea justu hori zen
inguruan neukan plana.
Baina nire amak tapatu nahi du
zuk hortxe duzun orbana,
ta orain zuri zuzenduko naiz.
Ama, noa zuregana,
berari baino traba gehiago
zuri egin dizut, ama.

Uxue Alberdi:

Hori, alaba, ez bainekien
nondik bultza nondik tira,
bere mozio, bere galdera
edo bere hiztegira,
jarri baitzara bere bular ta
orbanari zuzen begira.
Nik enekien, ispilu batzuk
haragizko izaten dira.

Eli Pagola:

Ikusi ezin zuen horixe
ikusita derrepente,
eztagoena ikusi dezu
ta bestea, aldiz, tente.
Pentsa ezazu besteengan ere
kontu hau nola liteke,
jaso ditudan begiratuak
ez dira hain inozente.

Maider Arregi:

Hain neska maja hemen dutxatan
nik ikusi dut gutxitan,
eta guztia erantzuten dit
eta errepikatu bitan.
Ama, gauza bat esan nahi dizut,
ze igual nik ere praktikan
berak moduko orban txiki bat
izan nahi nuke haunditan.

Uxue Alberdi:

Beste ispilu beste diztira,
beste argi eta orratz.
Batzuk aurrean jarrita utzi
didazue nahiko lorratz.
Gaurko honetan aldagelan zer
den ulertu dut ganoraz
eta aldatzen laguntzearren
mila esker Nora eta Olatz.

Eli Pagola:

Zuri ere galdetzearren,
ez dago esan beharrik
sekula inoiz jasoagatik
galdera erdi baldarrik.
Nahiz dutxetatik aterako den
titietan titularrik,
gogora zazu ni ez naizela
hemengo orbana bakarrik.

Bertsoaldiak kito egin ostean, Olatz berriro ere oholtzara igo zen, aldageletako pasadizoa zertan amaitu zen azaltzeko asmoz: “Alaba natural hasi zitzaidan galdezka, “zer gertatu zaizu?”, “Mina ematen al dizu?”. Nire gorputza uki zezan utzi nion. Gero, amak, ilea lehortzera kanpora bidali, eta zera aitortu zidan, “barkaidazu, ikaragarrizko lezioa eman diguzu, ze hasieran munstro baten antzera tratatu zaitut”. Uxuek bertsotan esan duen bezala, aldagela bi zentzutan izan zen egun hartan, eta besarkada batekin bukatu genuen”.

izaninurri.com

Webgunea sortu du elkarteak eta bertatik laguntzeko aukera dago. Dohaintza eman daiteke, 5 eurotan hasita. Baina zapi koloretsuak erosteko aukera badago. Webguneaz gain, Instagram "izaninurri" profila dute.

 

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!