Nekane Txapartegik ez du espetxe zigorra bete beharko

Aiurri 2023ko ots. 16a, 12:44
Nekane Txapartegi Zizurkilen Joseba Arregiri eskaini zitzaion omenaldian, igandean

Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak eta defentsak sei hilabeteko espetxe zigorra adostu dute, dokumentazioa faltsutzea egotzita. Horrela, Txapartegik ez du espetxeratu beharrik izango.

 

 

Agiriak faltsutzea egotzita, otsailaren14an epaitu zuten kasua. Bertan, Txapartegik epaileari adierazi zion torturapean egindako adierazpenetan oinarrituta jasan zuela bere aurkako 2007ko lehen zigor epaia, eta torturak eta espetxe zigorra saihesteko egin zuela ihes.

Nekane Txapartegi 1999an atxilotu zuten, 18/98 auziko Xaki piezaren barruan. Orduan, inkomunikazio aldian torturatua izan zela salatu zuen. 2007ko abenduan, Auzitegi Nazionalak 11 urteko espetxe zigorra ezarri zion, ETAko kide izatea leporatuta. Defentsak helegitea aurkeztu, eta 2009an, Auzitegi Gorenak sei urte eta bederatzi hilabetera jeitsi zuen zigorra. Jada ihes eginda zen Txapartegi. 2015ean, defentsak bigarren helegitea aurkeztu zuen, zigor kodearen aldaketa bati helduta, eta 2017ko otsailean, hasierako zigorra hiru urte eta sei hilabetera murriztu zioten.

Bien bitartean, 2016n, Zurichen (Suitza) atxilotu zuten. Urte bete espetxean igaro eta gero aske geratu zen, Auzitegi Nazionalak preskribatu baitzuen Espainiak hura entregatzeko eskatu zuen zigorra. Nolanahi ere, Auzitegi Nazionaleko epaile batek berriro atxilotzeko agindua eman zuen 2019an, "helburu terroristekin" faltsututako dokumentazioagatik epaitzeko.

 

Iazko apirilean, etxera

Txapartegik, iazko apirilean Asteasuko jaioterrira itzuli ahal izan zuen. Ibilbideko bizipen gorabeheratsuez, zaurien osaketaz, torturaren aitortzaz, espetxeaz eta beste zenbait hausnarketari buruz, luze eta zabal aritu zen Aiurri-ri eskaini zion elkarrizketan. Ikusgai dago, honako bideoan:

 

Joseba Arregiri eskainitako omenaldian

1981ean torturaz hil zuten Joseba Arregiri senideek, lagunek eta herritarrek eskaini zioten omenaldian hitza hartu zuen Nekane Txapartegik Egiari Zor Fundazioa ordezkatuz. Bideoa, ikusgai: 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!