Asteasuko kaleetan desfilea egin ostean, Beriain mendiaren babesean dagoen Unanuko inauterietatik etorri diren Mamoxarroak eta Muttuak pertsonaiak udaletxeko balkoira igo dira, eta bertatik pregoia egin dute. Hitzartzean, “Gure makilak astinduz bailara honetako gaizkile, lapur, lotsagabe, deabru eta txepel guztiak uxatuko ditugu” adierazi ostean, “puzkerrak” eta txaloak banatu dituzte.
Lehenbizi “puzkerrak” honakoei banatu dizkie: “gure baserriko oilaskoak modu trakets eta zitalean akabatzea gustatzen” zaienei, “Asteasu erre eta su ematea gustuko dutenak ere badirenez, bada, eskolako papelerak erretzea gustuko” dutenei, “abiadura murrizteko udalak jarri dituen badenak kentzen” dituztenei, eta azkenik, puzkerrak "frontoia desitxuratu” dutenei oparitu nahi izan dizkie pregoilariek.
Eta ondoren, txaloen txanda heldu zaie: Udalari “parkea berritzeagatik, eskolako isolamendua egiteagatik, eskolako aldagelak txukun-txukun uzteagatik, eta, bizikletak aparkatzeko aparkalekuagatik”. Eta txaloak, Sokari eta Ikasle Batzordeari, "egiten duten lanagatik".
“Gora Pello Errota!”, “Gora Asteasu!” eta “Gora inauteriak!”oihukatuz amaitu dute pregoia Unanuko Mamoxarroek eta Muttuek.