Kale Nagusia zeharkatuta, Usarrabi pilotalekura sartu dira guztiak. Han zituzten zain asteasuarrak, ongi-etorria egiteko irrikaz. Bertso bidez egin diete lehen agurra eta ondoren, dantzari gaztetxoen txanda izan da. Usarrabi abesbatzako kideek ere emanaldia eskaini diete hiru erregeei. Jaiotza biziduna ere jarri dute pilotalekuan. Emanaldiak amaituta, haurren gozamenerako tartea iritsi da. Ilaran jarrita, erregeak bertatik bertara ikusi eta azken eskariak egiteko aukera izan dute. Oparitxoa ere jaso dute. Herritar guztiak agurtutakoan, zaldi gainean jarri eta mendi aldera egin dute berriz, bidean goxokiak banatuz.