"Beste artista batekin lan egiteak zure erregistrotik ateratzen zaitu eta hori aberasgarria izan da"

Ainhoa Gil 2024ko urt. 30a, 07:00
Neomak taldeko sortzaileetakoa da Garazi Otaegi asteasuarra.

Kepa Junkerak elkartu zituen Sorgina proiekturako eta esperientzia hartatik sortu zen, aurrerago, Neomak taldea. Bide oparoa egiten ari dira. Garazi Otaegi taldekide asteasuarrak eman ditu azalpenak

Kontzertu, bira… nola daramazue Neomakek ekarri duen zurrunbilo hau guztia?

Askotan hitz egin izan dugu gure artean. Ez dakit oso konziente garen. Irudipena dut denbora behar dugula gertatzen ari denaz konturatzeko. Nire kasuan, zurrunbiloaren barruan nagoenean, eta nahiz eta saiatzen naizen, ez naiz gertatzen ari denaz erabat konziente, oso zaila egiten zait. Horrelako bizipenen aurrean, bi edo hiru hilabeteren buruan konturatzen naiz bizitutakoaz. Esaterako, Japonian eta Korean izan ginen urrian eta irudipena daukat oraindik ez dudala erabat barneratu han bizitako guztia.

Bestalde, jendeak kalean ezagutu egiten nau, eta modu naturalean daramat hori. Ni betiko Garazi naiz, nahiz eta badakidan orain badudala irudi publiko bat eta horrek berekin dakarrela erantzukizun puntu bat.

Japonia eta Korea aipatu dituzu, nolako harrera egin zizueten?

Gauza asko egin zitzaizkigun deigarri. Esaterako, hemen ohikoa da eszenatokia eta ikusleen artean distantzia bat gordetzea. Han berriz, eszenatokitik oso-oso gertu jartzen dira. Berotasun hori sentitzea oso berezia da. Japoniarrak oso ordenatuak, diziplinatuak… direla pentsatzen dugu eta egia da, baina guk beste alderdi bat ere ikusi dugu kontzertuetan; jendea dantzan, saltoka… Guztira bost kontzertu eman genituen jaialdi ezberdinen barruan, eta oso gustura aritu ginen. Haiek asko harritzen ziren eszenatoki gainean emakumeak ikustean eta askotan aipatzen ziguten indar handia transmititzen genuela.

Emakumeak oholtza gainean, euskarazko musika egiten. Zein izaten da erreakzioa?

Oraindik ez da ohikoa oholtza gainean gauden guztiak emakumeak izatea. Eta, bestalde, egoera hori ez da lotzen indarrarekin. Askotan aipatzen digute horixe, transmititzen dugun indarra. Hausnarketara bultzatu gaitu horrek: Ondo dago indar hori azpimarratzea, baina zergatik egiten zaigu hain deigarria emakumez osatutako talde batek indarra transmititzea? Hausnarketa horretara iristea bera ere bada zerbait, eta horri eusten diogu.

Kontzertuak prestatzen ari garenean, bestalde, tarteka gertatzen zaigu, ekipoa jartzen laguntzeko eskaintza egiten diguten gizonak gerturatzea. Gehienek asmo onez egiten dute baina oraindik pauso asko dago eramateko arlo horretan. Klik hori egitea falta da.

Euskaraz aritzea ere deigarria egiten zaie askori, baina bigarren plano batean uzten du jendeak normalean.

Martxoan hasiko duzue bira berria. Kontaiguzu…

Aretoetan barrena arituko gara, martxoa eta maiatza bitarte. Donostiako Victoria Eugenian ekingo diogu, martxoaren 2an eta hortik aurrera, Bilbo, Iruñea… hainbat aretotan eskainiko ditugu saioak.

Aldi berean, sorkuntza lanean ere ari gara. Batetik, Herri Urratseko kantua egiten ari gara. Mimo handiz ari gara horretan, buru-belarri. Eta bestetik, beste zenbait kantu berri ere ari gara egiten.

Zetak taldearekin batera ikusi zaituztegu azken hilabetean. Nolakoa izan da esperientzia?

Japoniara joan aurretik iritsi zitzaigun proposamena eta han ginela bidali zigun kantua Pello Reparazek. Itzuli eta berehala, aste horretan bertan egin genuen grabaketa. Oso esperientzia polita izan da. Zetakeko lantaldearekin oso harreman polita egin dugu. Beste artista batekin lan egiteak zure erregistrotik ateratzen zaitu eta hori aberasgarria izan da.

Etorkizunari begira, zein da zuen asmoa?

Lanean jarraitzea da asmoa. Neomakek asko ematen digu eta guk ere asko ematen diogu proiektuari.

Taldean egiten dugun zerbait da Neomak eta oso gustura egiten dugu, gizarteari zerbait eskaini asmoz. Nolanahi ere, guztia ez da kanpotik ikusten den bezalakoa. Oztopo asko daude bidean, ez dute batere erraztasunik ematen honetan aritzeko. Musikan aritu ahal izateko eraman behar den bizimodua ez da inolaz ere jendeak espero duena. Gustura gabiltzalako gabiltza mundu honetan, ez etekin ekonomikoagatik. Oso modu prekarioan aritzen gara. Gure sarea egitea lortu dugu eta horrek ahalbidetzen digu musika egitea, baina jende asko dago nahi izanda ere, ezin izan duena.

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 641 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!