Jai batzordea: txosna herrikoiak (Jon Ander Artaza), kuadrilla eguna antolatzeko lan-taldeak (Arantxa Asurmendi) eta sare herritarrak (Itziar Zeberio) osatzen duzue. Elkarlana garrantzitsua al da Asteasuko jaiak aurrera eramateko?
Arantxa Asurmendi: Bai, garrantzitsua da eragile bakoitzak dagokiona antolatu eta gero talde desberdinek adostutakoa elkarbanatzea.
Jon Ander Artaza: Ezinbestekoa da. Herri txikia izanik, hainbat eragile eta herritarrek parte hartzen ez badute, ez dago zer eginik. Beharrezkoa da guztiok aletxoa jartzea festak ospatuko badira. Herri honetan lan egiteko modua horrela izan da. Lan egiteko modu eredugarria dela iruditzen zaigu, galtzen utzi behar ez duguna.
Itziar Zeberio: Elkarlana ezinbestekoa da antolakuntzari eusteko eta denon artean nola ekin erabakitzeko.
Kuadrilla eguna antolatzea lan handia al da? Urtetik urtera geroz eta kuadrilla gehiago ikusten baita Asteasun…
A.A.: Lana da bai, baina gustura gabiltza. Aurten ere 470 bat lagun izango gara, hogeita hamazazpi kuadrilla desberdinetakoak, bada zerbait Asteasu bezalako herri txiki batentzat. Polita da karpa azpian adin desberdinetako kuadrillak elkartuta ikustea.
Herritar laguntza-sarea antolatzeko bilera izan zenuten ekainaren 11n. Zein egoeratan aurkitzen da taldea?
I.Z.: Talde-eragilea gogotsu antzematen dut. Hamar pertsona elkartu ginen eta bileran bertan zereginak identifikatu ziren, erabakiak hartu eta lan banaketa egin genuen. Txapak eta eskuorriak diseinatu, pankartak egin eta jarri… badago zeregina.
Aurten ere indarkeria matxistaren aurkako protokoloa martxan izango da.
I.Z.: Bai protokoloa martxan jarriko da. Protokoloa 2019an herriko gazteekin egin zen lanketa baten ondorioz sortu zen. Orduko hartan indarkeria matxistaren inguruko gogoeta egin genuen herriko neska-mutil talde batek, eta beharrezko ikusi zen neurriak hartzea festetan indarkeria matxistari aurre egiteko. Lan horri jarraipena ematen ari gara, urtez urte. Talde eta eragile ezberdinak inplikatu ditugu: emakume taldea, txosna herrikoia, herriko gazteak... Landuta dugun protokolo hori tabernetan azalduko dugu eta eurei lankidetza eskatuko diegu, larrialdietarako telefonoa ere jarriko dugu martxan. Txandak betetzen ari gara, egun hauetan.
Aurten ere, jendaurrean protokoloa aurkezteko eta gogorarazteko prentsaurrekoa deitzea erabaki dugu. Agerraldi horretan elkartuko garen talde eta kolektiboen ordezkariek mezu argia zabaltzeko: Asteasuko biztanleok indarkeria matxista ez dugula onartzen, eta, emango balitz, aurre egiteko prest gaudela adierazi nahi dugu.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 651 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.