San Pedro jaien atarian gaude. Aurten, LGTBIQ+ kolektiboak botako ditu jaien hasierako pregoia eta txupinazoa. Nola iritsi zaizue proposamena?
Amaia Agirre: Festen antolaketa aurrera zihoan eta nonbait oraindik ez zegoen zehaztuta txupinazoa nork botako zuen. Udaletxera proposamen hori iritsi zen eta Udalak, noski, aho batez onartu zuen. Axier Baglieto teknikariaren eskutik iritsi zen proposamen hura. Arlo zabalean egiten du lan Axierrek; berdintasuna, kultura, gazteekin, etorkinekin... eta kolektiboko kide da. Ni ere hor tartean naiz eta lehen bilerak egin ditugu pregoiari forma ematen hasteko. Herriko jaietan udaletxeko balkoira igo eta mikrofonoak eskuan hartzeko ohorea izanda, zer esan nahi dugun zehazteko lanean ari gara azken asteotan. Izan ere, denok ez gatoz bide bera eginda, denok ez dugu sufrimendu bera bizi izan eta adin ezberdinetako jendea ere bagaude. Testu bateratu bat adostu nahi dugu, umore puntua ere izango duena.
Paperera ekarri gabe dugu oraindik balkoitik zabalduko dugun mezua; guztion artean egingo dugu hori. Garbi dugu, ordea, aldarrikapen mezua izango dela eta galdera ikur batzuk utzi nahi ditugula zenbait herritarren garunetan.
Gure bizitzan zenbait bandera eramatea erabaki dugu eta nik ez dut inongo arazorik hori egiteko, baina itzalean eta fokoetatik kanpora egotea ere estimatzen da. Beti aurpegi berdinak ikusten badira, jendea nekatu egingo da eta abanikoa itxi egiten da, gainera. Abaniko hori zabaldu eta lehen lerro horretara beste ahots batzuk eta beste gorputz batzuk ekarri behar direla iruditzen zait.
Nola hartu dute proposamena kolektiboko Asteasuko kideek?
Gai delikatua da. Batzuk aurrera azaltzeko prest daude, beste batzuk aldiz ez. Berdintasuna badagoela esaten da eta eskubide guztiak onartuta daudela, baina oraindik badago zer eginik. Diskurtso aurrerakoia garatu du gizarte heteropatrarkial honek, baina praktikan gauza asko dago hobetzeko. Egunerokotasunean gure azalean bizitzen ditugun esperientziak, entzuten eta gertatzen zaizkigunak oraindik errealitate dira, nahiz eta batzuetan istorioak puztutzen ari garela pentsatzen duen jendeak. Horiek guztiak azaleratu nahi ditugu txupinazoko momentu horretan; ez noski inor mintzeko asmoz, baizik eta herritarrangan galderak pizteko eta batzuetan izaten ditugun joera horien inguruko hausnarketa pizteko. Izan ere, niri ere gertatzen zait. Nahiz eta kolektiboko kide naizen, nik ere baditut nire kontraesanak eta aurreiritziak. Betaurreko horiek jantzi gabe dabilenak, ziurrenik gisa horretako jarrera asko izango ditu, eta oharkabean min egiten ari da, min hori ematen ari dela konsziente izan gabe.
Gure gizarteak oraindik lan asko al du egiteko?
Bai. Homofobia, arrazismoa, generoa..., zenbait gai handi geratzen zaizkigu eta oraindik asko falta zaigu. Sanpedrotako txupinazoaren inguruan hitz egiteko antolatutako bilera horietako batean, gazte koadrilatxo batekin hitz egiten, erreferenteak falta zaizkiela aipatzen zuten. Hogei urteko aldea dut haiekin, eta hain zuzen ere, nik aipatzen nituen gauza berberak aipatzen dituzte askotan. Aldatzen doa gizartea baina oraindik beste asko falta zaigu egiteko. Esaterako, gazte horiek aipatzen zuten, sexu bereko bikotekideari muxu emateko garaian, pentsatu egiten dutela, dauden tokiaren arabera. Hori oso adierazgarria da.
Gainerantzean, nola bizitzen dituzu zuk Asteasuko San Pedro jaiak?
Beste zenbait herritan ere festak izaten dira eta bertso-saio ezberdinak izango ditut egun horietan. San Pedro egunean, esaterako, Lasarten arituko naiz, gai-jartzaile lanetan. Gainerantzean, herritar gisa biziko ditut festak, zinegotzi bezala ere lan egitea egokituko zait aurten eta guraso bezala ere parte hartuko dut. Buru-belarri murgilduko naiz jaietan hemen nagoen momentu horietan, baina beste zenbait herritara joan-etorrian ibiltzea egokituko zait.
Gai-jartzaile lanetan ere arituko zara aurtengo jaietan. Nolako saioa aurreikusten duzu?
Urte luzetan aritu izan naiz lan horretan. Iaz kale egin nuen. Izan ere, Lasartetik deitu zidaten San Pedro eguneko bertso-saioan gaiak jartzeko. Lagunak ditut han, eta baiezkoa eman nien. Nire ordez, Igotz Alkorta zizurkildarrak bideratu zuen Asteasuko saioa. Aurten ere Lasarten aritzeko deia jaso dut eta hara joango naiz San Pedro egunean. Asteasuko jaietako saioa, ordea, egunez aldatzea erabaki dute aurten eta, modu horretan, bietan aritzeko aukera izango dut.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 651 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.