Musika eskaintza zabala Asteasuko jaietan

Aiurri 2024ko eka. 26a, 07:48

© Kaos Etiliko

Herri kirolak, otorduak... hainbat ekitaldi izango da gozagarri eta, tartean, musika eskaintza zabala.  

Ekainaren 27an hasiko dira Asteasuko San Pedro jaiak, txupinazoarekin. 

Txaranga

Laskotxaranga eta Dj Gometxa izango dira lehen gaueko protagonistak eta dantzarako giroa jarriko dute biek ere. Laskotxarangak ongi ezagutzen ditu lehen ere Asteasuko jaiak.

Koadrillen eguna ospatuko da biharamunean. Andoni Ollokiegi abeslari pasaiarrak alaituko du bazkalostea, hainbat kanturen bertsioak eskainiz. Giro bikaina jarri ohi du abeslariak. Ondoren, Elektrotxufla elektrotxarangaren emanaldia izango da plazan. Gauean, 23:00etan hasita, Gabezin erromeria taldearen doinuak nagusituko dira plazan. 

 

Kontzertuak

San Pedro egunean, herriko musikariak izango dira protagonista nagusi arratsaldean; bertako trikitilariak, txistulariak eta Usarrabi abesbatzako kideak kalez kale ibiliko dira, erraldoi eta buruhandiekin batera. Gauean berriz, kontzertuen garaia iritsiko da. Kaos Etilikok rock doinuak eskainiko ditu eta ondoren, Fresa Morango Dj-a arituko da. 

Trikiti-doinuak

Jaietako azken egunean trikiti doinuak izango dira nagusi. Jubilatuen bazkariaren ondoren, Agurtzane eta Ion Elustondo trikitilariek euren saioa eskainiko dute, dantzarako aukera ederra eskainiz.

18:30etan hasita, Asteasuko trikitixa eta pandero eskolako kideen txanda izango da. San Pedro jaietan urtero eskaintzen dute euren emanaldia eta aurten, jaietako azken egunean egingo dute. Ikasturtean zehar ikasitakoa plazaratuko dute ikasleek. Iluntzean, erromeria giroari eutsiko diote Elustondo anai-arrebek. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!