Lehertu da festa Asteasun

Ainhoa Gil 2025ko eka. 26a, 22:20

Pili Legarrak eman die hasiera Asteasuko jaiei. Irailean utziko du alkatetza eta festa batzordeak aho batez onartu du txupinazoa jaurtitzeko ohorea berari eskaintzea. Eskerrak emanez agurtu ditu herritarrak udaletxeko balkoitik. 

Hunkituta hasi du Pili Legarrak bere hitzartzea. Ziklo baten itxiera iritsi zaiola adierazi die plazan bertaratu direnei eta, eskerrak eman dizkie: "Esker ona eta maitasuna banatu nahi dizkizuet xamurtasunez. Eskerrik beroenak eman nahi dizkiet nirekin egon diren zinegotzi guztiei, bidelagun izan ditudan herriko talde eta norbanako askori eta bereziki herritarrei eskerrik asko, beti errespetuz hartu nauzuelako".

2011n ere, alkatetza hartu berria zuela, Legarrak jaurti zuen San Pedroen hasierako txupinazoa. 14 urte geroago, zikloaren itxiera irudikatu du ekitaldi berean. Festa batzordearekin eskertuta agertu da, aukera hori eskaini diotelako eta herritarrei zuzendu zaie: "Gogoratu ibilbide honetan ondo egindakoak eta barkatu asmatu ez ditudanak. Beti aritu naiz herria maitatuz eta ahalik eta ondoen egin nahian". 

Asteasuko lehen emakume alkate izatearen ere egokitu zitzaion Legarrari, "eta gogo biziz espero dut nire ibilbideak herriko haur eta neska gazteei bidea ireki izana. Ispilu txiki eta apal bat izatea nahi nuke, ausar daitezen,  parte har dezaten eta sinets dezaten beraiek ere gai direla. Herria guztiona da, guztion etxea eta denon lanarekin eraikitzen da egunero". 

Txupinazoa jaurtita lehertu da festa Asteasun. Herriko txistularien kalejirak doinuz bete ditu kaleak, Zizurkildik gerturatutako erraldoien dantzak eta buruhandien korrikaldiak herriko txikien gozagarri izan dira. Herri afariaren inguruan bilduta daude orain herritarrak. Astelehena bitarte, jaietan murgilduta ibiliko dira guztiak. 

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!