Hamalau urteko bidea egin du Pili Legarrak Asteasuko alkatetzan eta egindako lana eskertu diote gaurko ekitaldian. Besarkada estuak eta eskertza hitzak nagusitu dira ikus-entzunezkoen aretoan. Herriko eragileak, eskualdeko udal ordezkariak, hainbat erakunde eta elkartetakoak, herritarrak, lagunak, etxekoak... jende asko izan du alboan Pili Legarrak.
Plenuarekin eman diote hasiera egunari. Bertan gauzatu da Pili Legarraren kargu uzte ofiziala. Larraitz Alkorta zinegotziak hartuko dio lekukoa Legarrari eta hori datorren ostiraleko bilkuran onartuko dute. Plenu aretoko lanak amaituta, ikusentzunezkoen gelara eraman dute Legarra, omenaldi eta eskertza ekitaldia gauzatzeko.
Une hunkigarri ugari izan ditu ekitaldiak. Amaia Agirreren koplekin eman diote hasiera eta Agirrek berak izan du ekitaldia gidatzeko ardura. Ramon Aiertza eta Pili Iturbe gerturatu dira, Legarraren alboan lanean aritu diren zinegotzien izenean; Onintza Elduaien eta Arantza Etxeberria, Pello Errota ikastetxeko ordezkari gisa; bertako haurrek ere eskaini diote euren omenaldia alkate ohiari, kantuan.
Migel Mari Izagirre brigadako langile ohiak ere parte hartu nahi izan du Legarraren agurrean. Hunkituta aritu dira biak, eskertza eta miresmen mezuak luzatuz.
Asteasuko alkate izan da Pili Legarra, baina Aiztondo bailaran eta Tolosaldea eskualdean itzal luzea ere utzi du. Iñaki Irazabalbeitia, Alkizako alkateak eskerrak eman dizkio, baita Amaia Azkue Berastegiko alkate ohiak edota Gorka Murua, Irurako alkateak ere.
Euskal Fondoatik, Juanma Balerdi eta Mikel Arrastoak hartu dute hitza, Legarraren lana eskertuz eta, udal langileen mezua ere helarazi diote Legarrari.
Ekitaldia amaitzeko, Porrotxen umorea, kolorea eta alaitasuna nagusitu dira ikusentzunezkoen gelan.
Guztiei eskerrak luzatu dizkiete Pili Legarrak, hunkituta. "Ez zait bururatzen alkatetza uzteko modu hobeagorik", hitzekin amaitu du.