[Anttine trail mendi lasterketa]

"Lasterkariek bidean aurkituko dutena, neurri handi batean, eguraldiaren araberakoa izango da"

Leire Uranga 2026ko otsailaren 9a

Maialen Otegi, Anttine traileko antolatzaileetako bat.

Anttine trail mendi lasterketak laugarren edizioa ospatuko du otsailaren 21ean. Iturriotzetik Ernioko gurutzeraino egingo da proba, krono igoera formatuan. Izen-ematea martxan dago. Maialen Otegi antolatzaileetakoa da.

Lasterketa krono-igoera formatuan egiten duzue. Zergatik egin zenuten hautu hori, eta zertan desberdintzen da ohiko mendi-lasterketetatik?

Hasieran, antolakuntza aldetik askoz errazagoa zelako egin genuen hautu hori. Kilometro gehiago dituzten ibilbide zirkularrek azpiegitura eta baliabide gehiago eskatzen dituzte, eta lehen lasterketa bat antolatzeko, formatu sinpleagoa aukeratzea errazagoa iruditu zitzaigun.

Bestalde, ibilbidea oso ezaguna da guretzat: Iturriotzetik Herniora doan bidea etxeko bidea da, jende askok egina duena; batez ere iraileko igandetan. Hasierako asmoa aurrerago formatuan aldaketak egitea zen, eta aurten ere aukera hori aztertu dugu; baina, azkenean, betiko moduan egitea erabaki dugu. Iruditzen zaigu lasterketak bere xarma duela, eta hasiera-hasieratik horrela sortu zenez, modu berean jarraitzeak ere baduela bere balioa.

Ohiko mendi-lasterketekin alderatuta, desberdintasun nagusia da hemen ibilbidea gorakoa dela soilik. Pertsonalki, goranzko lasterketak asko gustatzen zaizkit, eta jaitsierak ez hainbeste; kasu honetan, parte-hartzaileek gora bakarrik egin behar dute.

Gainera, lehenengo lasterketa gisa ere aproposa dela iruditzen zait: lasterketa batean zaude, baina presio gutxiagorekin, bakarrik zoazelako, eta nolabait entrenamendu baten modura har daiteke.

Nolakoa da ibilbidea? Zer aurkituko du parte-hartzaileak bidean?

Ibilbidea Iturriotzen hasten da eta Hernioko puntan amaitzen da, eta hasieratik amaierara dena gorakoa da. Lehen zatia gogorra da, aldapa handiarekin; ondoren, korrika egiteko tarte lauago bat dago, apur bat beherantz ere egiten duena, eta amaiera berriz ere gogorra da, berriro ere gora eginez.

Guztira, 4 kilometroko luzera du, eta 482 metroko desnibela. Parte-hartzaileek bidean aurkituko dutena, neurri handi batean, eguraldiaren araberakoa izango da. Orain arte, edizio guztietan eguraldi txarra egokitu zaigu, eta iaz elurra ere egin zuen. 

Otsailaren 21ean izango da lasterketa. Nola doaz izen-emateak, eta zein da izena emateko azken eguna?

Izen-ematea otsailaren 17ra arte egongo da zabalik, 20:00ak arte. Une honetan, ia 60 lagunek eman dute izena, eta izen-emateak ondo doaz.

Espero dugu, lasterketa motza denez eta oraindik izen handirik ez duelako, azken egunetan jende gehiago animatzea. Nolanahi ere, gustura gaude orain arteko izen-emateekin, eta ikusi dugu beste lasterketa batzuetan ibiltzen den jendea ere apuntatu dela; beraz, balorazio positiboa egiten dugu.

Etorkizunera begira, nola irudikatzen duzue Anttine Elkartea datozen urteetan?

Etorkizunera begira, duatloiari jarraipena ematea ikusten dugu, eta Anttine trailari ere eustea. Horrez gain, beste ekintza eta ekimen batzuk ere baditugu eskuartean, eta martxaren arabera etorriko dira.

Elkarteak orain arte egin duen bideari jarraipena ematea da asmoa, pixkanaka eta erritmoa errespetatuta.

Amaitzeko, zein giro espero duzue lasterketa egunerako, eta nori dago zuzenduta Anttine traila?

Anttine traila edonorentzat dago zuzenduta, eta lehen aldiz lasterketa batean parte hartu nahi dutenentzat aukera egokia dela uste dugu. Formatuak, distantzia laburrak eta krono igoerak berak laguntzen dute lasterketa modu lasaiagoan bizitzen, presio handirik gabe. Horrez gain, oso giro ona sortzea espero dugu. Lasterketa amaitzean, goran pintxoak egongo dira, trikitilariak ere bai, eta egunaz elkarrekin gozatzeko aukera eskaini nahi dugu, giro ederrean.

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 686 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!