Asteburu borobila izango dute Asteasun. Larunbat goizean, 11:30etatik aurrera, trikitilariak herriko plazan biltzen hasten direnean piztuko da jai-giroa. Hamaiketakoa eginda, Eleuterio Tapiaren inguruko ekitaldia gauzatuko dute plazan, 12:00etan hasita eta, Asteasuko kaleetan barrena abiatuko dira ondoren. Elkarrekin bazkaldu ondoren, trikiti-giroan murgilduta pasako dute arratsaldea eta 18:30etarako kalejira erraldoia iragarria dute. Izer eta Alabierren erromeriak emango dio amaiera larunbateko egitarau mardulari.

Igandea, Asteasuko Azoka Berezi entzutetsua izango da protagonista. Ganadua, artisautza eta elikagaiak ikusi eta erosteko aukera izango dute igande goizean Asteasura gerturatzen direnek. Herriko plazan, pilotalekuan eta Iturri-ondo atzeko belazean zabalduko da azoka-gunea. Ohi bezala, arroz-esne lehiaketa egingo dute eta haurrentzako asto ibilaldiak egiteko aukera ere izango da. Eguerdian, asto ederrenen erakustaldia eta epeia ere egitekoa dute Asteasun.
Asteasura autoz gerturatu nahi dutenek, industriagunean aurkituko dute aparkalekua eta handik autobusa antolatua dago, herrigunerako joan-etorria eroso egin ahal izateko.
