Pertsonak erdigunean izango dituen osasun kudeaketaren alde konprometitzeko aldarria egin du EH Bilduk. Egungo kudeaketa pribatuak arretan eta kalitatean eragiten duela salatu du koalizioak, baita langileen lan baldintzak kaskarrak direla ohartarazi ere.
Juan Karlos Izagirre EH Bilduko ahaldungai nagusiak “osasungintza publiko, unibertsal, bidezko eta euskalduna” eskatu du: “Horrek bakarrik bermatuko du kalitatezko osasun zerbitzua”. Izagirrek kezka agertu du pribatizazioaren alde egindako urratsengatik eta lurralde desorekagatik. Gogorarazi du Tolosaldea dela ospitale publikorik ez duen eskualde bakarra. Haren hitzetan, kalitatezko osasun arreta bermatzeko, “ezinbestekoa da sare publikoan egotea”. Hargatik, herri eta eskualdeei entzuteko prest agertu da, eta konpromisoa hartu du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailari eskatzeko eskualde guztietan maila bereko inbertsioa egin dezala.
Amaia Azkue Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hautagaiak nabarmendu du Tolosaldea dela gaixoekin harreman zuzena duten hiru arreta zerbitzu pribatizatuta dituen eskualde bakarra. Ospitalizazio eta espezialista kirurgikoen zerbitzua, bizi euste medikalizaturako zein oinarrizko bizi eusterako anbulantzien zerbitzua, eta etxerako mediku eta erizainen zerbitzua lirateke horiek. “Beste eskualdeek bezala zergak ordaintzen ditugun arren, Tolosaldean ez dugu beste eskualdeen zerbitzu bera jasotzen Osasun Sailetik. Areago, zenbait eskualdetan bigarren ospitale publikoa eraikitzen ari diren bitartean, Tolosaldean ez dago bat bera ere”.
Tolosaldeko ospitale publiko berriak hainbat ezaugarri izan beharko lituzke, Azkueren hitzetan. “Bilakaera demografikoa eta biztanleriaren zahartzea hartu behar dira aintzat geriatria zerbitzua diseinatzeko. Eta, zerbitzu berriak zehazterako, eskualdeko azpiegiturak eta horien berrantolaketa aztertu beharko da”. Azkenik, ospitale publikoaren izaera zehazteko, azterketa sakona egin beharko dela nabarmendu du Azkuek: “Gure osasuna gure erabakia den neurrian, Tolosaldeako udalek herriz herriko beharrak aztertu eta eskualdeko diagnostikoa osatzeko konpromisoa dugu”.
Andu Martinez de Rituerto EH Bilduko Tolosako alkategaiak, bere aldetik, Asuncion klinika pribatuaren egoeran jarri du arreta. Azpiegituren egokitasun eza, “osasunarekin negozioa egitea” eta erreferentziazko medikuen gabezia salatu ditu. Lan baldintzei dagokienez, berriz, esan du langileen konpromisoari esker ez dela gehiago okertu arretaren kalitatea: “Beren lanarekiko eta eskualdeko herritarrekiko konpromisoa dute eta enpresa pribatu baten baldintzetan zerbitzu publikoa eskaintzen dute”.
Ospitale publikoa hornitzera begira, Asuncion klinikako langileak sare publikoan barneratzea proposatu du Martinez de Rituertok. “Gehiago behar izatekotan, Lan Eskaintza Publikorako probak egindako profesionalekin hornitu beharko litzateke. Eta gauza bera anbulantziei eta etxeko mediku eta erizainen dagokienez ere”. Udal gisa, beraz, osasunaren sustapenerako elkarlana bultzatuko luke Martinez de Rituertok, Tolosako gizarte zerbitzuekin, eragileekin zein Osasun sailarekin. Horrez gain, konpromisoa agertu du, beharrezkoa balitz, ospitale publikoa eraikitzeko lurrak Eusko Jaurlaritzari eskuragarri jarri eta tramiteak errazteko ere. Azkenik, Tolosako osasun eta gizarte beharrak aztertu eta politika guztietan osasun ikuspegia txertatzen ahaleginduko direla esan du.