Egibarrek, bere hitzaldian, EAJ-PNVren ibilbide historikoa aldarrikatu zuen, alderdiak erakundetatik egin duen lana nabarmenduz. Esan zuenez, honela eraiki da Euskadik duen “babes sozialeko sistema”, berdintasuna eta justizia oinarri dituena. “Sistema propioa da, babestu eta hobetu behar duguna, Estatutuaren arabera gurea behar lukeen pentsio sistema gehituz. Elementu hau behar dugu sistema osoa osatzeko”. Gaur gaurkoz inork ez duela eredu horrentzako alternatibarik proposatzen Euskadin esan zuen: “Proposatu dezakete hemen edo hor diru gehiago jartzea, baina ez dago beste batzuek iraultza egiten ari zirela EAJ-PNVk eraiki zuen ereduarentzako alternatibarik”.
Esparru politikoan, “nahitaezkotzat” jo zuen Estatutu berria adostea, Euskadik “sozialki, politikoki eta instituzionalki hazteko beharra baitauka". Horretarako, “ezin dugu herri honen interesetatik urrun dauden estrategien menpean egon, eta hori da Espainiarekin gertatzen zaiguna”. Estatu espainiarrak azken hauteskundetan gertatutakoa aztertuko beharko lukeela adierazi zuen, "Kataluniak eta Euskadik ezberdin bozkatu baitute, eta kontu horri irtenbide politikoa eman behar zaio harremanetarako marko berria adostuta. Bizikidetza ez da inposatzen, adostu egin behar da. Guk Espainiako errealitatea errespetatzen dugu, orain falta dena da beraiek Euskadiko eta Kataluniako errealitateak errespetatzea”.
Jarrera aldaketa
Olanok, bere aldetik, datozen Foru eta Udal hauteskundetan herritarrek politika egiteko “bi estiloren” artean aukeratu behar dutela esan zuen, “ezker abertzalearena edo gurea”. Hautagai jeltzaleak Tolosa jarri zuen adibide bezala, lurraldean duela lau urte bizi zen giroa eta gaur egungo egoera alderatuz: “Nola aldatu den herriko giroa, nola aldatu den Udalaren papera, nola aldatu den bizikidetza… Tolosa Gipuzkoan gertatu denaren adibidea da. Herritarrek orain aukeratu beharra daukate, edo iraganera itzuli, edo etorkizuna jo. Eta oso argi daukat etorkizuna EAJ-PNV dela”.
Hala ere, Olanok adierazi zuen lan asko dagoela egiteko maiatzaren 26aren aurretik, “gure mezua herritar guztiengana iristeko. Azken hauteskundeetan, Senatu eta Kongresukoetan, herritarrak mobilizatzeko modua egon zen, eta orain berriro ere mobilizazio maila bera lortu behar dugu. Hori lortzen badugu, herritarrek ezagutzarekin eta ziur daudelako bozkatzea lortzen badugu, gure lana ondo egin dugunaren adierazle izango da”, esan zuen. “Kanpainan zehar argudioak ematen jarraituko dugu, gogoratuz jokoan dagoena Tolosa, Tolosaldea edota Gipuzkoa osoak aukeratu behar dutena dela edo iraganera itzuli edo aurrea egin, etorkizunera”.
Elkarlana eta akordioak erdiesteko gaitasuna
Azkenik, Tolosako alkategai den Olatz Peonek azpimarratu zuen EAJ-PNVn beti egin duela elkarlanaren aldeko apustua eta “gainerako erakundeekin batera lanean aritu gara herritarren interesen defentsan”. Elkarlana eta adostasuna ezinbestekoak direla esan zuen, “are gehiago, gurea bezalako bailara batean, neurri, tamaina eta izaera ezberdinetako 28 herriz osatuta dagoen eskualdean”.
Maiatzaren 26ko hauteskundeetara “herri honen alde lan egiteko prest dauden gizon emakumeak” aurkezten direla adierazi zuen Peonek, “konpromiso etiko, politiko eta demokratikoa hartzen duen lantaldea”. Tolosako alkategaiak gehitu zuen, “bi indar politiko nagusi” daudela Tolosaldean, eta EAJ-PNVk “konfrontaziorik gabe eta adostasunak bilatuz” egin duela lan, “zer garen ahaztu gabe baina aurrera begira, gizarte ongizatea eta ekonomiaren garapena uztartuz, pertsona erdigunean jarriz, gizarte inklusibo baten alde eta herritarrekin leial jokatuz”. EAJ-PNVren oinarria “herritarrekiko gertutasuna” dela gehitu zuen.