Mujikak eta Belokik Errezilen kantatu zuten, txapelketan

Xabier Lasa 2019ko mai. 21a, 10:01

Andoni Mujika urnietarrak eta Ion Beloki andoaindarrak Errezilen jokatu zen Gipuzkoako txapelketako saioetako batean kantatu zuten igandean. Gipuzkoa Bertsotan izeneko sailkapen faseko saioetako bat izan zen Errezilgoa. Saio txukuna egin zuten biek ere, eta bigarren geratu zen Urnietakoa eta bostgarren Andoaingoa.

Hona sailkapena, bakoitza bere puntuazioekin:

Jokin Uranga 333,5

Andoni Mujika 304,5

Adur Gorostidi 296,5

Imanol Irazustabarrena 293,5

Ion Beloki 283,5

Gontzal Belategi 262,5

 

Belokiren jarraitzaile mordoa izan zen Errezilen, Andoainetik joanda. Herriko ostatuan bazkaldu zuten denek ere Belokirekin batera, eta ondoren saiora joan ziren, sei bertsolarien saioaz gozatzeko gogoz. Urnietatik ere joan ziren bakan batzuk, Mujika animatzera.

 

Mujika herriko langilea, Uranga eskultorea

Andoni Mujikak eta Jokin Urangak Errezilgo bertso ariketarik txukunenetakoa osatu zuten elkarrekin, entzuleen barreak eta txaloak eraginez. Iban Narbaiza aurkezleak hona zein gai jarri zien, zortziko txikian hiruna bertso kanta zitzaten: “Zu, Andoni, herri lanetan aritzen zaren langilea zara. Gaur eskultura bat jarri duzu herriko plazan. Lanak bukatu dituzunean, Jokin eskultoreak esan dizu alderantziz jarri duzula”.

 

Andoni Mujika:

Honek ematen zidan

nahiko errespeto.

Ustez lan denak nitun

hartu nik menpeko.

Hau jarri litekela

askozaz hobeto,

erreza ez zegoen

tankera hartzeko (bis)

 

Jokin Uranga:

Ni zure zain nengoen

bederatzitatik

ta hamabitan zatoz

lasai tabernatik.

Hau zergatik gertatu

zaigun bai, badakit:

hurrena jarri zazu

gosaldu aurretik (bis)

 

Andoni Mujika:

Ez da erreza lana

noiz zein jakitea

baina ez zazu hartu

halako pikea.

Alper-alperrik baita

ai, Jokin maitea,

ura pasata gero

presa egitea (bis)

 

Jokin Uranga:

Nahiz ta nik galdu dudan

haseran kontrola

fijatzen hasia naiz

aldrebes dagola.

Etzazula ezer egin

ez du ajola,

neuri ere gehiago

gustatzen zait hola (bis)

 

Andoni Mujika:

Hasieran bazegon

hainbeste problema

baina soluzioa

nabarmena dena

nik aukeratu det ta

aukerarik onena:

azpian jarriko da

neronen izena (bis)

 

Jokin Uranga:

Zerbait egingo ote deu

bi izen elkartzean

firma jarri dezagun

aukera hartzean.

Nirea aurrean ta

zurea atzean.

Baina aurrea zein da

aldrebes jartzean? (bis)

 

Beloki, minbizia gaindituta

Gaia jarrita, bi bertso nahi zuten neurri eta doinuan kantatu behar izan zuten sei bertsolariek. Belokik arratsaldeko bertso alerik egokienak burutu zituen orduan.

Hona gaia: “Urteetan minbiziaren aurka borroka egin ondoren, gaur eman dizute alta”.

 

Ion Beloki:

Minbizi txar bat etorri zen behin

nere gorputzan barnera.

Hartua nion aspaldidanik

nik neuk horretxen tankera.

Izorraturik iritsi nintzen

Onkologiko aldera,

baina halare gaurko honetan

bizirik atera gera.

Gauza bat behintzat ondo ikasi det:

egunero egin behar da aurrera.

 

Azkenerako hura bihurtu

zen niretzako kartzela.

Baina halare berde kolorez

pintatu nahi nuen gela,

bizi poz batek lagundu zidan

ezin ziteken bestela,

ta horren gaizki egon ondoren

nik pentsatu nuen bela:

egun bakoitza bizi behar da

azkena balitz bezela.

 

Puntuak jarrita, bi bertso

Bi puntu emanda bertsoa osatu beharreko ariketan, gai jartzaileak Mujikari herri kirolen gaia planteatu zion:

Gai jartzaileak:

Herri kirolek berriz

hartu dute fama

 

Andoni Mujika:

eta ibiltzen dira

herrietan barna,

ni askotan enazu

tartean izana.

Hortan harrapatzeko

izango da lana.

 

Gai jartzaileak:

Sasoian ote zaude

giza probarako?

 

Andoni Mujika:

Arpegiz nahiz ta naizen

ni nahikoa guapo

gorputzean kiloak

badauzkat sobrako

eta ariketa hoietan

nago lekuz kanpo.

 

Kartzelako gaia, binaka

Kartzelako ariketan bertsolariak bikoteka jarri zituzten, hiruna bertso hamarreko txikian kantatzeko. Gaia: "zuen bizitza osoko aurrezkiak sartu zenituzten inbertsio fondo batean, eta gaur jakin duzue guztia galdu duzuela”. Hona Uranga eta Belokik osatutako bikoteak egin zuen saioa:

 

Jokin Uranga:

Garai batean dena

koltxoian azpira,

guk beste leku baten

denak erretira.

Hamabi miloi sartu

nituen guztira

azkenean zer pasa

zaigun begira:

fondoa ta hondoa

gauza bera dira.

 

Ion Beloki:

Hasieran gu biok

ez ginen kezkatu

ta horretan zebiltzan

ia ia lau katu.

Nahiz eta bankeruak guk

nahi bai guk akatu

ezin degu oraintxe

horretan pentsatu.

Badakizu, bankuez

ezin da fidatu.

 

Grafikoei begira

enintzen aspertzen,

orain barruak dauzkat

amorruz lehertzen.

Zer gertatu ote den

Ari naiz aztertzen

norbaitek hartu ditu

edo ez dut ulertzen

dirua hola ta hola

ez da desagertzen.

 

Ion Beloki:

Bankuen kontu hori

ez da nobedade

eta egoera hau

bihurtu da grabe.

Baina elkarren ondon

gaude gu halare

ta arkitzen gera

ia ezer gabe.

Bankuak ingo al du

orain gure alde?

 

Jokin Uranga:

Txinotara nijoa

arren, konprenitu,

kaputxa ta pistola

nahi ditut aurkitu.

Bihar goizean goizik

banua abitu,

Jokinek hango denak

eramango ditu.

lapurrei lapurtzea

ez baita delitu.

 

Ion Beloki:

Soluzio bilatzen

gaur gau eta egun,

eta bankua degu

guztian errudun.

Ta tratatu gaituzte

gixaxoen modun,

baina guk euren kontra

ezin degu jardun.

Gure maitasunean

inberti dezagun.

 

Iraileko Gipuzkoako txapelketara begira

Maiatzaren 4an ekin zion sailkapen faseak, eta 84 bertsolari ari dira parte hartzen. Horietatik puntuaziorik altuena lortzen duten 34 bertsolariek eskuratuko dute irailean hasiko den txapelketarako txartela. Dagoeneko ospatu dira saioa gehienak; bi besterik ez dira geratzen, Bergaran eta Donostian igandean. Andoni Mujika urnietarrak badauka aukerarik sailkatzeko, baina azken bi saio horietan gertatzen denaren zain geratzen da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!