Enpresa parte-hartzaileen ekosistema sortzeko lehen proiektuari ekingo diote Beterri Saretuz izenpean

Mikel Arberas 2019ko aza. 4a, 17:17

Partaidetza eredu berritzaileak dituzten enpresek euren esperientzia azalduko dute Hernanin, Beterri Saretuz programaren barruan azaroak 7an Orona-Ideon egingo den jardunaldian. 

Beterrin pasa den ikasturtetik lanean ari dira hainbat enpresa eta eragile, ekonomia sozial eta eraldatzailearen bueltan sare eraginkor bat sortzeko xedearekin. Epe luzerako ikasketa prozesua dela adierazi dute, eta estrategia horretan, lehen proiektuari ekingo diotela nabarmendu dute: programari Beterri Saretuz deitu diote, eta partaidetza oinarri duten enpresen ekosistema sortu nahi dute. Esandako guztia aurrera eramateko Gipuzkoako Aldundiaren eta Beterri-Buruntza Udalaren laguntza izango dute.

Ildo beretik jarraituz, hainbat jardunaldi antolatu dituzte, esperientzien ezagutza, bidelaguntza eta lan-mahaien bidez Beterriko enpresek euren barne egituretan partaidetza bultzatzeko tresna bat izan dezaten. Azaroaren 7an izango da lehen jardunaldia, Orona-Ideon, goizeko 9:30etik 13:30era.

Jardunaldiaren hasieran proiektua zertan oinarritzen den azalduko dute eta, ondoren, Aitor Bengoetxea GEZKI-ko zuzendariak (EHUko Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutua) oinarrizko azalpenak emango ditu. Horren ostean, Talleres Mitxelena, Argia, Fagor Ederlan, Katea Legaia eta TaPuntu enpresek hartuko dute hitza.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!