Bertan ziren Eusko Jaurlaritzako, Foru Aldundiko eta Donostiako Udaleko ordezkariak; baita ekitaldian parte hartzen duten hainbat eragile eta sektoreko ordezkari ere. Sagardoa Route ekitaldiaren antolatzailearen arabera, ekimena aberasgarria da “sagardoaren maitale direnentzat eta ezagutzen ez dutenentzat, bere balioa ikusi eta zabaltzen dutenentzat eta oraindik dastatu ez dutenentzat. Sagardogileek egun antolatzen duten produktu sorta ezagututa, Sagardo Apurua topagune izango da uzta berria dastatu nahi duten guztientzat, bere baitan antolatutako ekintzak publiko oso anitzarentzat izango baitira.”.
Igandera arte zabalik izango da, eta abenduaren 7an esaterako, aurtengo uztaren xehetasunak eskainiko dituzte.
Sagardoa Urumean barrena, garai batean bezala
Aurtengo sagardo berria, 2019ko uztan egindakoa, Astigarragatik jaitsi zuten Donostiara Urumea ibaian zehar. Horretarako, "ala" bat erabili da, garai batean sagardoa eta material ezberdinak garraiatzeko erabiltzen zen ontzi bat. Lizeaga, Petritegi eta Albaola Itsas Faktoriak bere garaian sortutakoa da. Behin sagardoak Donostiara iritsita, Albaolako lagun taldearekin deskarga egin, kupelak gurdira igo zituzten, idi pare batek triki eta panderoaren kalejira doinuekin Boulevardeko baserrira garraiatzeko.
Apurua, sagardo berria dastatzeko gonbidapena
Garai bateko sagardotegi bat egin da Boulevardean, orduko Donostiako sagardotegi eta baserrien itxura eta giroa biltzen dituena. Donostia sagardoaren hiriburua izan da mende askotan zehar: Donostiako Alde Zaharrean 100 sagardotegitik gora omen ziren aspaldian. Antolatzaileek, garai hura gogoan “Boulevardean egindako baserri tolarearen berreraikuntza egiazko berreraikuntza egin dugu. Behin baserriaren hormak zeharkatzen ditugunean espazio zabal eta irekiarekin egingo dugu bat, garaien arteko uztartzea eta nahasketa, gure produktuaren baitan ibilbide historikoa eginez. Bertan egingo dute bat sagardoaren bizipen eta milurteek eta tragoxka bakoitzen dastatu ahal izango ditugu. Horretarako, hainbat eragileren laguntza eta parte hartzea izango dugu”.