Presoen eskubideen aldeko manifestazio bana Bilbon eta Baionan

Aiurri 2020ko urt. 10a, 07:37
©Sare

"Orain presoak" lemapean, larunbat honetan Sarek manifestazio bana antolatu du Baionan eta Bilbon. Eskualdetik toki ezberdinetatik abiatuko dira autobusak.

SARE herritarrak agerrraldia egin zuen atzo Bilbon, eta manifestazioari begira honako hausnarketa utzi zuen: "Pasaden azaroaren 30ean, Miramon Parke Teknologikoan eginiko agerraldi batean, Madrileko Gorteetan ordezkaritza duten euskal alderdiei eskari eta galdera bat luzatu genien:

Eskari hau izan zen, eta honek izaten jarraitzen du; euskal diputatuen bozkek legealdi honetan izango duten garrantzia kontuan izan da, bozka hauek presoen egoera eta giza eskubideen urraketarekin amaitzeko beharra akordioen agendan txertatzeko erabiliak ere izan daitezela.

Eta galderak ere bera izaten jarraitzen du, bai euskal alderdientzat, baita presidente berriarentzat ere; ez bada orain, noiz?"

"Gobernu berri hau osatu duten bi alderdi nagusiek, hemen, Euskal Herrian duten ordezkaritzaren bitartez, espetxe politika hau aldatzeko borondatea behin eta berriro erakutsi dute azken urtean onartu diren adierazpen anitzetan".

Datorren larunbatean milaka eta milaka pertsonak horixe bera aldarrikatuko dute Bilbo eta Baionako kaleetan, sareren iritziz: "Euskal instituzioek, gehiengo politikoak eta gehiengo sindikalak onartu duten bera aldarrikatuko dugu. Hori hala, jendarte honen gehiengo zabalaz mintzo garela kontuan izanda, Madrileko Gorteetan dauden euskal diputatuei, larunbatean Bilboko zein Baionako kaleetan entzungo den aldarria beren egitea eskatzen diegu.

Aukera ezinhobe baten aurrean gaude. ETAk urte eta erdi baino gehiago darama deseginda. Euskal politikagintzan akordio sendoak lortu dira espetxe politikaren aldaketaren harira. Eraman diezaiogun aldaketa nahi hau Gobernu berriari.

Urteetako minari amaiera emateko ordua da. Ahanzturarik gabe, baina gorrotorik gabe, aurrera egiteko ordua da. Elkarbizitzen den jendarte bat osatzeko unea da. Giza Eskubideen errespetuan eta akordioetan oinarrituko den jendarte bat eraikitzeko ordua da.

Hau da, aurtengo urtean gure buruari ezartzen diogun helburua larunbatean, arratsaldeko 17:00etan La Casillatik abiatuko den manifestazio honetan".

Amaiera Bilboko Udalean izango da eta bertan Asun Lasa eta Rosa Rodero, GAL eta ETAko biktimak izango dira manifestua irakurriko dutenak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!