Trikitilariez lagunduta abiatu dira Amasatik Korri taldea, Villabonako Etxeondo auzotik Punpa taldea eta Zizurkilgo herrigunetik Ttak taldea. Bidean zehar, Altxorraren bila jolasa burutu dute eta hainbat pista aurkituz joan dira haur eta gaztetxoak. Era berean, hiru horma-irudi azaleratu dituzte ibilbide bakoitzean. Hain zuzen ere, Kilometroak 20ko logoa Otsabiko tunelean eta Txermingo ikastolako atarian eta, Pello Mari Otaño bertsolariaren irudia eta bertsoa jasotzen dituen horma-irudia, bere jaiolekuan, Zizurkilgo Errekalde baserriko paretan.
Zizurkilgo Joxe Arregi plazan elkartu dira hiru taldeak eguerdian. Bertan Altxorraren bila jolaseko pistak batuz, Amaia Agirrek idatzitako hiru bertsoak osatu eta abestu egin dituzte plazan bildutakoek. Taldeko argazkia egin eta gero, Zizurkil eta Villabonako erraldoi eta buruhandiekin nahiz trikitilariekin kalejiran abiatu dira Villabonako Errebote plazara. Han, jolaserako aukera izan dute guztiek. Aiton-amonek erakutsitako garai bateko jolasetan aritu dira nagusiki. ‘Korri, punpa, ttak’ leloa oihukatuz eta pilotaren sakea irudikatuz amaitu dute jaia, urriaren 4an egingo duten jai nagusia girotzeko prestatu dutena.