Koronabirusa

Adinekoen egoitzatan bisitaldiak mugatzen ari dira

Jon Ander Ubeda 2020ko mar. 10a, 18:45

Eider Mendoza foru bozeramaileak prentsaren aurrean egin duen agerraldian adierazi duenez, Gipuzkoa osoan adineko egoitzetako bisitaldiak mugatu dituzte: “Egunean bisita bat, pertsona bakarra eta ordubeteko bisitaldia gehienez”.

Agerraldian gogoratu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak lankidetza estua ari da izaten Osakidetzarekin eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailarekin. Erakunde horietatik gomendatu dituzten protokolo eta esku hartze guztiak aplikatzen ari direla, birusaren hedapenari aurre egiteko. Aldundiak ohar bidez adierazi duenez, pasa den astean lurraldeko 135 adinekoen eta desgaitasunak dituzten pertsonen egoitza eta eguneko zentroetara COVID-19ari aurre egiteko protokoloak igorri ziren, eta momentu honetan lantzen ari direna kontentziorako protokoloa da.

Egoitzetan, gainera, bisitak mugatu egiten ari dira: pertsona berdina, egunean bisita bat eta ordubetekoa gehienez. Atzo eta gaur artean gizarteratze eta haurtzaroaren arloetan dituzten azpiegituretara igorriko dituzte protokolo egokituak. Pasa den astean, adierazi dutenez, autobusetan dauden operadore guztiei ere dagokien esku hartze protokoloa bidali zitzaien.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!