Atzera begira, argazkien bitartez

Jon Ander Ubeda 2020ko mar. 22a, 08:00
1996ko martxoan, Garetza baserriko Anttonio Kortajarena izan zen III. Txapela eguneko omendua. Inguruan ditu Joxin Azkue, Inaxio Fernandez, Bernardo Arregi, Xabier Pellejero, Iñaki Urkola, Aitor Sarasua eta Iñaki San Sebastian.

1994 eta 1997 urteen arteko 2.000 argazki bistaratu ditu Aiurri aldizkariak, TOKIKOM tokiko hedabideen federakuntzaren eta Euskal Wikilarien kultur elkartearen ekimenaren bidez. Argazkietara sarbidea Aiurri.eus webgunetik egin daiteke, Wikimedia atalean klik eginez.

Otsailaz geroztik, Aiurriko erredakzio taldeak, 90eko hamarkadan Beterri-Aiztondon ateratako ia bi mila argazki ikusgai jarri ditu internet sarean. Lehen hamaboskariei loturiko material grafikoa da, eta aldizkari horiek PDF formatuan ere ikusgai daude sare berean. "Toki komunikabideek altxor handi bat dute gordeta", adierazi zuen EWKE Euskal Wikilarien kultur elkarteko kide Galder Gonzalezek Andoaingo aurkezpen ekitaldian.

"Toki komunikabideek altxor handi bat dute gordeta", adierazi zuen EWKE Euskal Wikilarien kultur elkarteko kide Galder Gonzalezek Andoaingo aurkezpen ekitaldian

Wikipedia jakintza librea sustatzeko ekimena da, eta euskarazko komunitatean EWKE elkartea erreferentzia nagusia da. Euren eguneroko jardunean hutsunea nabaritzen zuten: "Bada zulo beltz bat: 1980ko hamarkadatik aurrera ohikoa izan zen kamera bat izatea etxean edo lantokian, argazkiak egin ziren baina ez dira digitalizatu; eta digitalizatu diren kasuetan copyrightdun argazkiak dira oraindik, ezin direnak Wikipedia bezalako proiektu askeetan erabili". TOKIKOM eta EWKE elkartearen akordioari esker, proba pilotuan hartu du parte Aiurrik.

Larramendi Bazkunak ondo gordeta zituen argazkiak digitalizatu dira, egun Aiurriko argazkifunts digitalean bereizmen maila handian gordeta daudenak. Era berean, argazki horiek internet sarean daude ikusgai. "Esperientzia ederra izan da, eta errepikatzea espero dugu. Balio digu artikulu asko hobetzeko", erantsi zuen Galder Gonzalezek. Besteak beste, intsumisioari buruzko edota ijitoen joan-etorriari buruzko Wikipediako artikuluak ilustratzeko Aiurriko argazki historikoak oso baliagarriak zaizkie. Baita Martin Ugalderen argazkiak ere. Orain arte, hari buruzko argazkiak eskuratzea zaila zelako. Kultur, gizarte eta politika mailako eragile ezagun askoren argazkiak ikus daitezke, eskualdetik kanpokoen begietara. Eskualdeko herritarrentzat, aldiz, norberaren bizitzari lotutako argazki-album modukoa da. Bertan agertzen direlako denboraren joan-etorriarekin aldatuz joan diren paisaiak, iraganean nabarmendu ziren pertsonak eta gertaerak, eta batez ere, eskualdean bizi diren pertsona asko iraganeko argazki horietako protagonista direlako. Lehen egunetan, argazki-bilduma hark eragin handia izan zuen Andoainen.

Argazkiez gozatzeko aukera dago, noiznahi,
Aiurri. eus webgunean sartuz eta Wikimedia atalean
klik eginez gero. Herriz herri sailkatuta daude, gainera.

 

Hurrengo egunetan, Aiztondo bailaran. Argazkiez gozatzeko aukera dago, noiznahi, Aiurri. eus webgunean sartuz eta Wikimedia atalean klik eginez gero. Herriz herri sailkatuta daude, gainera.

---------------------------------------------------------------------------------------

AIURRI HAMABOSKARIA HARPIDEDUNEN ARTEAN BANATZEN DA SOILIK, ETA HAIEI ESKER ATERATZEN DA AURRERA. KORONABIRUSA DELA ETA, EZOHIKO NEURRI NEURRI BEZALA, AIURRIKO EDUKI GUZTIAK IREKIAN UTZIKO DITUGU. BIZTANLE GUZTIEN EGONALDIA ARINAGOA IZATE ALDERA, HORI DA ERREDAKZIO TALDEAK HARTU DUEN ERABAKIA.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!