Aztarrika

Atzokotik | Martxoak 21

Xabier Lasa 2020ko mar. 22a, 19:30

Lau ertz ditu gaurko Aztarrika zutabeak: Espainiako gobernuaren agerraldi ofizialetan gero eta ohikoagoa egiten ari den erretolika militarra; osasungintzaren aldeko eta militarismoaren aurkako diskurtso xaloa, guztiok sinatzeko modukoa; goiz ala berandu helduko den txertoaren deskubrimenduaren ingurukoa; eta, Lopez Obrador Mexikoko presidenteak gaitzaren aurka planteatu duen errezeta integrista.

Erretolika militarra

Azken egunetan Moncloan egin diren zenbait agerraldi ofizialak direla eta asaldatuta dabil jende ugari, eta sare sozialetan bideratzen ari da ezinegona. Hain zehazki, paparrak kondekorazioez betetako militar generalen eszenaratzea, eta, horien diskurtsoetan nabarmendu den erretorika belikoa dute hizpide, balore militarrak goratzen dabiltzalakoan. Darabilten terminologiak zer pentstaua ematen du: “Gerra bizi dugu”, “denok gara soldadu, armarik gabeko gerra batean murgildu gara”, “Izan gaitezen guztiak ere zerbitzatzeko espirituko soldadu, gauden tokian gaudela  ere”. Gerran ez dago astebururik, egun guztiak astelehenak dira”...

Asaldatuek hainbat galdera eta iritxi planteatu dituzte sare sozialetan. Honatx, urrutira gabe, Arturo Puente kazetariaren twitter kontuan jarraitzaileek idatzitako zenbait iruzkin:

- Beste inongo herrialde demokratikoan ari al dira agertzen militarrak gobernuaren prentsaurrekoetan?

- Militar bat jendaurrean mintzatzen jarriz gero, horrela hitzegingo du derrigor, ez daki beste erregistroan egiten. Kontua da zergatik jarri duten hor gobernuko agintari zibil demokratikoek.

- Hauxe ote zen progresismoa, federalismoa eta errepublikanismoa?

- Kontua da egungo gobernariak ere bere egiten ari direla terminologia hori.

- Gauza onik ez balore militarrak aldarrikatzen direnean, balore zibikoak baino gehiago. Are okerrago gerra aipatzen denean lana baztertuta. Eta kolapsoaren atarian jartzen gara, dominak, kondekorazioak eta uniformeak erakusten direnean jakintzaren eta zientziaren ordez.

- Egungo egoera larrian, nork eragiten digute konfiantza handiagoa prentsaurreko batean: ministro eta militarrek, ala, epidemiologo eta medikuek?

- Suterik badago, normalena suhiltzaileak ateratzea da prentsaurrekoetan; osasun krisia badago, medikuak. Ez militarrak. Esperpentikoa da hau guztia.

- Tiroka eta kanoikadaka egingo diete aurre birusari horiek.

….

Azken orduetan begi aurrera iritsi zaizkidan zenbait artikuluetatik, hiru bat gomendagarri:

- Hizkera beliko horrekin giroa maskulinotzen ari dela dioen Angel Erroren zutabea Berria-n.

- Osasungintzan bizi dugun ezintasuna prepotentzia militarrarekin kamuflatzea salatzen duen David Fernandezen artikulua Argia-n.

- Gogoeta luze bezain interesgarria idatzi dute Santiago Alba Ricok eta Yayo Herrerok CTXT aldizkari digitalean. Azken bi pentsalari horiek bi premisa nagusi, burutsuki garatu dituzte: “osasun krisia ez da guerra, hondamendia baizik”, eta, “ez dira soldaduak behar, herritarrak baizik”.

 

Planetamendu inozoa?

Ser Katea irratiko zientzia arloko arduraduna den Javier Gregori esatariak, edozein gizaki zentsudunak, arduratsuak, enpatikoak, ongilek, bihozberak irizten duen gogoeta-desio xaloa, baina kumplituko ez dena krisia gainditu ostean, bota zuen Ser Aventureros saioan, larunbat goizaldean (06:00-07:00). “Ea mundu mailako pandemia honekin ikasten dugun, eta behingoz ez dugun horrenebesteko dirutza bideratzen makina bat aldiz gizateri guztia suntsi, txiki, ezaba... dezakeen armateria konbentzionala edo kimiko bakteriologikoa ekoizteko. Eta horren ordez, ea behingoz dirutza hori bideratzen dugun gizakien ongizatean premiazkoak diren osasungintzara, hezkuntzara, kulturara, zientziara...”.

Nork ez luke sinatuko printzipio xume hori? Horrexegatik, non dago arazoa, non, desio hori ez dadin gauzatu sekula? Planteamendua demagogikoa, irreala, fantasiosoa, inozoa... dela? Ba ote azken posizio hori defendatuko digun gizakiarik, lotsa izpirik sentitu gabe?

 

Txina eta AEN lehian

Gregorik autokritika ere gaineratu zuen bere interbentzio laburrean. Bere iritziz, berri ezkorrez betetako albistegiak ari dira zabaltzen komunikabideak, eta ondorioz, irensten kontsumitzaileak. Ezkortasuna sustatzen ari dira, eta bigarren edo hirugarren mailan jartzen ari dira itxaropena edo poza eragin dezaketenak. adibidetzat jarri zuen Txina eta Ameriketako Estatu Batuak nola dabiltzan lehia bizian ea nork deskubritu lehenago Koronabirusaren aurkako txertoa.

Nork esan mundu mailako bi potentzia inperialisten arteko lehia, gizakien osasunari begirakoa izan zitekeenik! Nahiz eta horiek, gero, deskubrimenduaren “arrakasta” probestu eta instrumentalizatu euren estrategia geopolitikoa eta ekonomikoa indartzeko, hots, nazioartean posizioak irabazteko gizateriaren ongizatearen aurkako karrera itsu horren baitan.

 

Lopez Obrador, katoliko fundamentalista?

Itxaropen izpia piztu zuen Lopez Obradorrek, Mexikoko gobernura iritsi zenean 2018ko abenduan. Kale indarkeria, ustelkeria eta gizarte injustiziagatik nabarmentzen den Mexikoko lidergoa harturik, behartsuenen aldeko politikak behingoz ezarriko zituela pentsatu zen. Azken aldian, baina, zalantzak eragin ditu; ez ote den izango herritarrek ondo baino hobeto ezagutu dituen mandatari horietako bat, ez ote den izango Mexikoko historian Zapata eta Pancho Villaren ostean izan diren presidente klasista eta ustalduen zerrenda luze-luzearen azkena... Horrela pentsatzeko seinaleak eskaini ditu azken aldian. Urrutira gabe, Mexikon femin¡zidioa izugarrizko drama den arren (hara bi datu, zein baino zein zirraragarriagoa: otsailean, 92 emakume hil zituzten; martxoaren 8an, 11), errealitate horren aurkako plan integral bat beharrik ez dagoela esana du.

Koronabirusaren haritik egin berri dituen adierazpenak ere negargurea eragitekoak dira. Irtenbide gisa, fedea edukitzeko eskatu diete Mexikoko herritarrei, katolikoei zein ebanjelista eta librepentsalariei. Eta horretarako, poltsikutik aterata, Jesusen Bihotza, santuen irudi estanpatuak eta amuletoak erakutsi dizkie telebisten aurrean orain hiru egun.

Lopez Obadroren adierazpen integristak gertu-gertuko historiarekin antzekotasunak topatzea eragin digu. 1918an gertatu zen gripearen pandemia izugarri hura, esate batera. Orduan ere, gizarte sektorerik kontserbadoreenek fedeari eusten zioten herritarrak samaldaka akabatzen ari zen izurritearen aurkako erremedio bakar gisa. Aiurri aldizkariak, bere web orrian, Andoainen Iñaki Agirre historiagileak eta Zizurkilen Teodoro Hernandorena Kultur Elkarteak egindako ikerketa bana berreskuratu ditu egunotan, irakurgai jarriaz.

Bestetik, Iñigo Aranbarrik Berria-n idatzi berri du zutabea, non, besteak beste, Nafarroatik abiatuta, Andoan, Gipuzkoa, Bizkaia eta Estatu espainiarreko hainbat lurralde odolez eta tiroz okupatu zituzten karlistak hartu dituen gogoan. Egiazki, 1936an Andoainen bizi ziren hainbat herritarrek emana digute lehendik ere lekukotza, Villabonatik eta Leitzaran aldetik azaldu ziren karlista ez ezik baita falangista eta militarren gainean. Abuztuaren 16ko San Roke egun fatidiko hartan nola okupatu zuten militarki herria, eta ziurtatuz nolako trazarekin agertu ziren antzeko irudi katolikoak (“Escudo protector. Detente enemigo, el Corazón de Jesus”) lepotik zintzilika zeramatzatela, hurrengo hamarkadetan “España, una y libre” nazional-katolikoa ezartzeko intentzioz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!