1918an sekulako gripe epidemia garatu eta zabaldu zen munduan zehar, historia guztian izan den pandemia larrienetakoa eraginez. Gripe honen garrantziaz jabetzeko: Lehenengo Mundu Gerrak 15-17 milioi hildako eragin zituen soldadu eta zibilen artean. Espainiako gripea izena hartu zuen pandemia honek berriz, 50-100 milioi lagun hil zituela estimatzen da ditugun azken datuekin. Txinan bakarrik 30 miloi hildako egon ziren, orduko biztanleriaren %35 inguru. Estatu Batuetan berriz, 675.000 hildako izan zirela uste da, biztanleriaren %28. Espainian, 200.000 inguru lagun zendu ziren.
Garai hartako gizakientzat guztiz berria zen birus bariante mota sortu eta zabaldu zen nonahi, besteen artean arnas-aparatuaren akats orokorra sorrarazten zuena. Dirudienez, gorputzaren sistema immunean gehiegizko erreakzioa eragiten zuen gripe-birus honek eta horrela uler daiteke biktimetako gehienak gazte eta heldu osasuntsuak izatea, sistema immune sendoa zutenak alegia. Hurrengo orriko grafikoak argi adierazten duen bezala, gripearen eraso bortitzena jasan zutenak 15 eta 54 urtekoen adin tartekoak izan ziren. Berez, osasunez bizkorrenak.
Baina gerran murgilduta zeuden herrialdeek ez zuten euren hildakoen berri eman nahi. Hau da, gobernuek gerrako datu kritikoak zentsuratu zituzten. Espainia gerran neutrala zen ordea, eta ez zegoen datu hauek ezkutatzeko beharrik. Horregatik, munduan zabalduta zegoen gaixotasun kutsakor honek, Espainian hasi ez zen arren, GRIPE ESPAINIARRA izena jaso zuen, Estatuan datuak plazaratzen baitziren. Kontua da 1918ko egoera bereziak gripe hura epidemia bihurtu zuela. Eta Lehen Mundu Gerran murgilduta egoteak gaitza areagotu zuen: elikadura eskasa, ospitaleak eta eremu medikuak gainezka, higiene eskasa….
1918ko uda hura lehorra izan zen. Irailean, ordea, euriak etorri ziren eta, hezetasunarekin, gripea berpiztu zen. Horrela, urrirako epidemia Europa osoan hedatuta zegoen. Badirudi Hendaiatik eta Irundik sartu zela Hegoaldera, trenaren bidez ziur asko, eta agudo zabaldu zen. Hasiera batean, agintariek ez zioten aparteko garrantzirik eman nahi izan epidemiari, baina laster Irunen hildakoak pilatzen hasi ziren, gizonezkoak gehienak, kuarteletan itxita zeuden soldaduen artean bereziki. Gero, gaitza Euskal Herri guztian zehar zabaldu zen azkar asko.
Gripearen pandemia bat-batean azaldu zen gure lurretan eta aste gutxi batzuek besterik ez zuen iraun. Gaitzak ez zuen berdin jo herrialde guztian baina, azken datuen arabera, gripeak Hego Euskal Herriko biztanleriaren erdia kutsatu zuela esan daiteke eta 15.000 lagunetik gora eraman zituela. Donostiak, adibidez, 67.000 biztanle inguru zituen 1918 hartan eta horietatik 735 lagun zendu ziren. Gero, gaitza Oria ibarrean zehar hedatzen joan zen. Andoainen, esaterako, 3.000 biztanle zituen herrian, 40 lagun hil ziren (Xabier Lasa, Aiurri 530). Segidan, epidemia Zizurkilera iritsi zen. Horrek, noski, sekulako alarma soziala piztu zuen gizartean eta gure biztanlerian izua eta ikara eragin.
Behin zabalduta, gripe epidemiak oso gogor jo zuen Zizurkilen. Udal artxibategian jasota dauden garaiko aktak eta gutun ofizialak egun haietan bizitu zen kezka, izuaren ispilu ditugu.
Gure herrian, gripearen lehen erreferentzia 1918ko irailaren 22koa dugu. Gobernadore Zibilak Gipuzkoako alkate guztiei Espainian zehar zabaltzen ari zen epidemiaren berri eman zien. Zizurkilgo alkateak erantzun zioenez, “al presente, la salud pública en esta localidad es inmejorable”. Baina egun gutxi ondoren, kontua zeharo aldatu zen eta irailaren 30ean, gripe herrian sartu zela ohartarazi behar izan zuen. Itxura denez, Villabonatik etorrita, Elbarrenako hainbat etxe kutsatu ziren, larritasun handiegirik gabe hasieran. Gauzak okertzen joan ziren, ordea: urriaren 3an epidemia herri guztian larri zabaltzen ari zen eta eskolak itxi beharrean aurkitu ziren. Berehala iritsi ziren lehen heriotzak: Elbarrenan, Errekalden, Salugaraten, Zubimusun, Beibategin, Donemiliagan, Pantxikanen, Argurutzean… Udalak talde bat prestatu zuen gaixoei laguntza eskaintzeko, arropa kutsatuak egosi eta garbitzeko, gripeak jotakoen gelak karez txuritu eta desinfektatzeko… Trukean, laguntza-lan horretan ziharduten gizonezkoei 5 pezetako soldata agindu zitzaien egunez aritzeagatik eta beste 5 gauezko kasuetan. Emakumeei, lan beragatik, 3.5 pezeta ordainduko zizkieten. Hau guztiaz gain, Udalak garraiorako abereak alokatzea erabaki zuen, sendagileak eta laguntzak behar bezala irits zitezen baserri guztietara.
Errekalden, adibidez, gaitzak latz jo zuen eta hiru egunetan etxeko lau lagun eraman zituen. Hango Inazio Otaño zinegotzia izan zen heriotzak harrapatu zuen aurrenetakoa. Herriko apaizetako batek ere zendutakoen zerrenda luzatu zuen: 31 urteko Joxe Joakin Manterola. Egoera are eta gehiago okertu zen urriaren erdi aldean, Zizurkilgo sendagilea bera, Toribio Albea, gaixotu zenean. Asteasuko Isaac Muñagorri sendagileak hartu behar izan zuen herrikoaren zaintza-ardura: trukean, eguneko 30 pezetako soldata eta harat-honat joateko gastuak jasoko zituen. Urriaren 24an larritasuna ez zen baretzen: “la enfermedad de la grippe (sic) fue propagándose con aterradora fuerza difusora y adquiriendo en muchos de los atacados un carácter maligno, causando por ello muchas víctimas”, zioen Udal akta batek. Hori ikusita, udal ordezkariek laguntza eskatu zioten Gobernadoreari: “suplico se remita a esta Alcaldía, con la brevedad posible, los desinfectantes que sean necesarios para 40 camas…”.
Hau guztia gutxi, arazo berri bat sortu zen herrian: nola elikatu zendu ziren emakumeen haur jaio berriak. Udalak Fraisoroko umezurztegira jo zuen laguntza eske, haurrei bularra emango lieken inudeen bila, alegia.
Baina haur gehiegi eta ama gutxi zeudela argudiatuz, Fraisoron laguntza ukatu zitzaion Udalari. Herrian bertan ere lan horretarako prest legokeen amaren baten bila jardun zuten baina, beraiek ere gripeak kutsatzeko beldurrez, denak ukatzen ziren. Horrela, urriaren 26rako gaitza mendiko baserrietara iritsia zen: Arizgurutzeta, Illarratxoeta, Garmendi…
Epidemia Bidasoako mugatik Hegoaldean sartu eta gero, Oria bailararen barrena Zizurkilera iritsi zen.
ZIZURKILEN GRIPEAREN ERAGINEZ HILDAKOAK
1918ko Urrian-Azaroan
- 1- (10/3) Pedro Mari Beldarrain Imaz – 47 urte - Benezia
- 2- (10/4) Joxe Lorentxo Iztueta Dorronsoro – 41 urte - Errekalde
- 3- (10/6) Joxepa Antonia Iztueta Otaño – 10 urte - Errekalde
- 4- (10/6) Juana Bautista Otaño Odriozola – 45 urte - Errekalde
- 5- (10/6) Inazio Mari Otaño Odriozola - Errekalde
- 6- (10/6) Nieves Ibarra – 57 urte - Zubimusu
- 7- (10/7) Juan Joxe Mendizabal Beloki – 9 urte - Salugarate
- 8- (10/8) Joxe Joakin Manterola Larrañaga (apaiza)–31 urte-Pantxikane
- 9- (10/8) Pedro Garmendia Isasa – 40 urte – Aurrera
- 10- (10/9) Jexux Hernandez Urbieta – 15 urte - Zubimusu
- 11- (10/10) Bixenta Galartza Zubeldia – 39 urte - Alkitrai
- 12- (10/10) Damiana Iñurrieta Andikoetxea – 21 urte - Udaletxea
- 13- (10/11) Mari Juana Olozaga Sarasola – 19 urte - Aretazpikoa
- 14- (10/12) Juan Frantzisko Sarasola Zubeldia – 45 urte - Burrustidi
- 15- (10/12) Dominika Dorronsoro Garmendia – 75 urte - Beibategi
- 16- (10/13) Benito Lizarraga Portu – 38 urte - Remigioenea
- 17- (10/13) Migel Rasines Zamora – 73 urte - Zubimusu
- 18- (10/14) Mari Frantziska Ibarbia Aritzeta – 27 urte - Abeletxe
- 19- 10/14) Mari Bautista Aritzeta Dorronsoro – 63 urte - Abeletxe
- 20- (10/15) Joxe Frantzisko Mendizabal Olozaga – 52 urte -Pantxikane
- 21- (10/15) Eugenia Beloki Leunda – 49 urte - Salugarate
- 22- (10/15) Mari Joakina Iturriotz Aizpurua – 38 urte - Argurutzea
- 23- (10/17) Remigio Aiestaran Zaldua – 49 urte - Remigioenea
- 24- (10/18) Ana Joxepa Urdanpilleta Beloki – 27 urte - Nekola
- 25- (10/21) Asuntzion Loreto Alkorta Usobiaga – 15 urte - Nekola
- 26- (11/3) Joxepa Zaldua Galarraga – 23 urte - Zubimusu
- 27- (11/7) Mari Manuela Etxenagusia Etxabe – 56 urte – Saratxoeta
- 28- (11/9) Bittor Inazio Agote Etxenagusia – 27 urte - Saratxoeta
- 29- (11/29) Mari Modesta Segurola Uzkudun – 28 urte – Berastegi
Urriaren amaierarekin egoera baretzen hasi zela dirudi. Gaixoen kopurua jaisten hasi zen, baina epidemia urrituko etxe berrietara iristeak (Altxurriaga, Saratxoeta…), eskolak itxita jarraitzeko agindua ekarri zuen. Azaroan egoera lasaitzen joan zen eta hilaren erdirako epidemia bukatutzat eman zen. Hilaren 26an, ordea, ustekabea Berastegi baserritik etorri zen. Itxura denez, etxekoren bat Asteasun izan zen gaixorik zegoen senitarteko bat zaintzen eta hango gaitzarekin itzuli zen Berastegi baserrira. Azaroaren 29an zendu zen 28 urteko Modesta Segurola, gripeak Zizurkilen eraman zuen azkena.
Amaitzeko, bitxikeria: aipatu dugu gripearen eraso bortitzena 15 eta 54 urtekoen tartekoek jasan zutela. Gripeak Zizurkilen iraun zuen bitartean, herritar bakarra zendu zen bestelako arrazoiengatik: Irazugoikoako aitona, “a consecuencia de debilidad senil”. Eta txosten ofizialek ziotenez behintzat, Fraisoroko Umezurztegian (Casa Cunan) epidemiak ez omen zuen haur bat bera ere eraman.
Gripeak eragindako heriotzen zerrendak erakusten digu pandemia honek Zizurkilen hartu zuen tamaina. Gure herriak 1.000 biztanle pasatxo omen zituen 1918an eta gaitzak, 40 egunetan, 29 lagunen heriotza eragin zuen, gehienak gripeak gogorrenen jo zuen bizpahiru astetan zendu zirenak. Udalak berak aitortu zuen bezala, “un verdadero estrago dada la población que integra esta localidad”.
__
TEODORO HERNANDORENA KULTUR ELKARTEA
SUSTRAIAK
24. zkia -- Zizurkil, 2019ko martxoa