Osasun krisiaren ostean, zer?
Alegia, zer aldatuko ote zaigun gure bizimoduan, jarreretan, habitoetan, mentalitatean…
Galdera izarra, edo izarretako bat, bilakatu zaigu egunotan. Nostradamus munduko profezia iragarle ospetsuaren pare jarri zaizkigu/gara guztiok ere.
Horratx nirea, trazu lodiez idatzita.
Egia da aditzera ematen ari zaiguna, hots, orain izango dugula aldarte egokia hausnarketa sakona egiteko, denon osasunerako izango diren politika publikoak sustatzeko, trantsizio energetikoari eta ekologikoari serio heltzeko… Eta abar luzea. Baino nago, bizimodu beretsuari berrekingo diogula tematsuki, hori bai, mundu mailan ongizatea are gehiago murriztuarekin bizitzera kondenatuta.
Eskrupulu moral edo etikorik gabeko finantzal munduak 2008an eragindako krisi ekonomikoaren ostean bezalatsu.
Gogoan hartzagun, esate batera, munduko inperiorik ahaltsueneko presidente zen Obamak berak inkluso nola zioen sistema kapitalista birformulatu/berreraiki beharko zela, ez zela posible berdin segitzea. Bada, krisiaren eragile ekonomiko eta bankuei egundoko dirutzak injektatu, eta hor amaitu zen ofizialki mundu mailako krisia. Akabo Obamaren eta enparauen ustezko intentzioak. Haizeak eman zituen orduan giza eskubideen urraketa gune zen -eta den- Guantanamoko presondegia ere ixteko kapaz izan ez zen Bake Nobel sariaren ustezko asmo ongileak. Eta gainerako mundu mailako agintarienak.
Oraingoan ere, osasun krisiaren aitzakia pean ederki sartuko digute ziri ekonomikoa, krisiaren kostua gutxiena duen jende xehearengan -gizarteko gehiengo osoan- zamatuz. Zehaztu ezin dena da zifretan zenbat galduko ote dugun; 2008az geroztik, %20ko erosteko ahalmena galdu dugu. Bada, 2020az aurrera zenbat pobretuko ote garen, hori da jakiteko daukaguna.
Gaitzaren eragin zuzen eta bortitzenak gainditzen direnean hemendik aste batzuetara, hasperen kolektibo sakona egingo da eta aurrera begira jarriko da gizartea, ahal duenak ahal duena eginez arintzearren golpe ekonomikoa, gaizki egin denari erreparatu gabe, autokritikari betoa jarriaz.
Izan ere, orain ez omen da kritikak egiteko ordua (denok elkarrekin arraunean egitearen metafora mila aldiz erabilia, badakizue), baina gerora ere ez da horretarako erraztasunik eskainiko (krisia gestionatzea egokitu zaien arduradun politikoen aldetik batez ere).
Hori bai, hildakoen omenezko makina bat ekitaldi eta omenaldiak antolatuko dira handikiro, gizartearen emozio eta sentimenduak bizia galdutakoenganako oroitzapenetan kontzentra daitezen, eta bide batez, gestio okerraren ataleko erantzunkizunak diluitu daitezen.
Onerako aldaketa bakanak, etortzekotan, osasungintzan helduko dira. Estatuen aurrekontuak handituko dira, bai, osasun sistema publikora bideratzeko. Eta zergatik ez, baita ere txertoen sailean; izan ere, mundu baliabide naturalen xahutzaile konpultsibo, kontsumista eta globalizatu honetan etorriko baitira osasun larrialdi gehiago.
Geroak esan beza.
Telelana, modako kontzeptua
Telelana da Nostradamus moderno askok hitzetik hortzera darabilten hitza, Koronabirusa hitzaren pare kasik.
“Krisiak zer aldatuko du geure bizimoduetan?” galdera eginda, erantzunen merkatu horretan telelana da gehien kotizatzen ari den arrazoietako bat. Pobreak lehen baino jipotuago (2008ko krisian bezalatsu) irtengo direnaren ondoren.
Urrutira gabe, sozialisten inguruko prentsan (Ser Katea, LaSexta, El País…) oso gogoko duten Pablo Simon politologoa (bai, begi-jauzkorduneko iritzi emailea, Antonio G. Ferrerasen LaSextako tertulietan maiz aritzen den horixe bera) telelanaren alde kategorikoki aritu zaigu Ser Katean aste honetan. Haren ustez, telelanaren defentsa egiteko, produktibitateari egin behar zaio so, nonbait: Estatu espainiarrean, hainbat lanbideetan, Europako herrialde modernoetan baino ordu bat gehiago, bederatzi, egiten da egunero. Baina, aldi berean, produktibitatea ez da proportzio berean lortzen, zazpikoa baita.
Ezaugarri jakin batzuek dituzten ogibideak eta langileak ditu hizpide Simonek, jakina: bulego-lantokiak eta horietara iristeko egunero bidean pare bat ordu galtzen dituzten langileak, alegia. Ez makinak derrigorrezkoak dituzten produkzio sistemetako lantoki eta langileak, esate batera.
Etorkizunean paradigma aldaketa horietako bat izango denik, ezin uka. Baina oraingoz, luzerako kontua izango da, izan ere Estatu espainiarreko estadistikek diote soilik langileen %8ak egiten duela lan etxean.
Nonahi irakurri daitezke egunotan, etxean lan egitearen abantailak eta desabantailak. Bildumatxoa ekarri dugu hona, segidan.
* Olaia Urtiaga esatariak eta bere lan taldeak gai horixe jorratu zuten Euskadi Irratian herenegun, ostegunarekin, Bai Pasa arratsaldeko magazinean (ordu eta 17. minututik aurrera). Usurbilgo Kabiene Elkarlanean lanean jarduten duen Julen Arteaga arkitektoarekin aritu ziren hizketan. Coworking enpresa modukoa da Kabiene, ekintzaileek edo euren kabuz lan egiten duten langileek partekatzen duten lekua.
Bada, “azken aldian saldu nahi zaigun telelanaren alde erromantikoa” desmitifikatzera etorri zitzaigun Arteaga. Eta horretarako, Kabieneko langileek sare sozialetan zabaldu duten manifestu baten pareko idatzia ekarri zuen besapean. Hara zer dioen idatziak:
“Telelana hitza bolo-bolo dabil egunotan, eta badirudi etxetik lan egitea zoragarria dela, arazo guztien konponbidea. Kabieneko kide asko urte luzez aritu gara etxetik lanean, eta jakin badakigu kontua ez dela saldu nahi diguten bezain ederra; bakardadea, kontziliazioa, bizitza pertsonala eta profesionala banatu ezina... Horrexegatik sortu genuen Kabiene!
Telelana aukera bat izan daiteke, agian ezinbestekoa egungo larrialdi egoeran, baina badu bere alde iluna ere. Beraz, animo egun hauetan etxetik lanean ari zareten guztioi, etorriko dira garai hobeak!”.
Kabienekoen antzera, egunotan, telelanean jardun behar izan duten hainbat langile beren esperientziak kontatzen ari dira. Ainhoa Arozena Aiurriko kazetariak, konparazio batera, orain hiru egun, etxean bi haurtxo edukita lan egitearen zailtasunak izan zituen hizpide. Eta Woman aldizkariak zenbait emakumerekin inkesta egina du oraindik orain.
Oier Aranzabalek Zuzeu agerkari digitalean bost aholku praktikotasun handikoak eman zizkigun martxoaren 20an.
Dena den, esan beharra dago ez dela gaurkoa telelanaren inguruko hausnarketa. Jada 2017an, Joxe Rojas tokiko aldizkarien eragileak, este batera, bota zuen hausnarketa, aldeko eta kontrako arrazoiak aztertuz eta bere zalantzak agertuz (“Baina ez nago oso ziur, balantzan jarrita, pijama kendu gabe txostengintzan aritzea hain-hain abantaila handia ote den”).
Gaurkotasunik galdu ez duen zalantza, alegia.
Nola ikusten ditugun aitona-amonak
“Pertsona adintsuenekin aparteko oldarkortasuna du birusak; epidemiak biluzi egin ditu gizon eta emakume adintsuen inguruko aurreiritziak ere, bere gordinean. Esaterako, nekatu arte nabarmentzen da hildako gehienak zaharrak direla”.
Halaxe hasten zen Arantxa Iraola kazetaria Berria egunkarian martxoaren 22an argitaratu zuen erreportaje luzean, Birusaren eta aurreiritzien mende izenburupean.
Jakingarriak dira oso bi psikologoek eta geriatra batek erreportajean zehar egiten dituzten gogoetak gizarteak zaharren inguruan daukagun ikuspegiaren gainean, eta osasun krisiak agerian utzi duena. Marije Goikoetxeak adierazitakotik, pasarte bat:
«(…) Esaten da, adibidez, lau pertsona hil direla, baina hiru zirela 90 urtetik gorakoak... Eta zer inporta du 90 urtetik gorakoak izateak? Hiru pertsona hil dira. Zer ari gara esaten? Zer ari gara transmititzen? 'Lasai, zaharrak hiltzen dira. Ez da inportantea?'». Arbuiagarri deritzo adinarekin lotutako datuak horrenbeste nabarmentzeari: «Atzean dagoen mezua da pertsona horien bizitzak gutxiago balio duela, gutxiago inporta dutela».
Cristina Fallaras kazetari eta idazle feministak (LaSextako iritzi emaileetako bat da) geure aitona eta amonen aldeko proklama zuzen bezain bikaina idatzi zuen Publico agerkari digitalean martxoaren 23an. Los ancianos son nosotros du izenburua artikuluak. Hona pasarte bat:
“(…) Me ofende hasta las vísceras la falta de respeto de esta sociedad por todo lo que nos han dado, toda nuestra deuda con ellos. La idea de que la juventud es vida frente a la madurez, que es muerte. Qué infantilismo de consumo rápido…”.
Ildo beretik, Xabier Huitzi La Salle Berrozpe ikastetxeko irakasleak bertso polita bota zuen atzo bere twitter kontuan. Aitona-amonak goratu zituen Gure mixeriak izenburupean, Aiurri aldizkariak bultzatuta jada 500 bat pertsona bertsoa kantatzera jarri dituen BertsoVid19 ekimenaren baitan.