Aztarrika

Atzokotik | Martxoak 31

Xabier Lasa 2020ko api. 1a, 21:43

Positiboa eman izanagatik lotsa sentitzea, informazioaren inguruko bonbardaketa, eta, gaixotuen kopurua loteriako zenbakiaren pare eman duen telebistako aurkezlearen kasua ditu hizpide Aztarrika azken zutabeak.

Lotsa, positiboa emateagatik

Erreparoa inguruko ezagunen artean, auzoan… koronabirusarekin kutsatuta zaudela jakin dezaten, estigmatizatua izateko beldurrez. Erruduntasuna sentiarazi, kriminalizatu…

Ana Irazabal Italian berriemaile gisa dagoen kazetariak zabaldu zuen hausnaketa hori sarean larunbatean.

"(…) Ez dakit zergatik, koronabirusaren estigma antzeko bat nabaritzen ari naiz. Asko, lotsatu egiten dira positibo eman dutela edo birusaren sintomak dituztela esaten…”.

Are gehiago, Irazabalek adierazi zuen Italiako agintariek Untore hitz ez erabiltzeko eskatzen ari omen dira. Italian, aurreko mendeetan, izurritea zabaltzea leporatu lehenbizi, eta ondoren estatuko aparatu errepresiboen eta herritar fanatizatuen jazarpena jasaten zuten pertsonei deitzen zitzaien horrela.

Irazabal Italiatik ari zen eta Italia zuen hizpide, baina gurera ekarri liteke bere gogoeta. Hain zuzen, Euskalerria Irratiako Juan Kruz Lakasta kazetariak, haren txioari erantzunez, aitortzen zuen irratian kostatzen ari zaiela gaixo dagoen inor topatzea. Beste bigarren kazetari batek, ETBko Amaia Etxezarreta andoaindarrak, zera gehitzen zuen:

“(…) Beste norbait kutsatzea norbere errua balitz bezala, bai. Lanean ari garenok bereziki dugu beldur hori eta batzuk isildu egin dute premiazkoekin salbu...”.

Igandean, Euskadi Irratiko Amarauna saioko esatariek, Koronabirusaren gaitza gainditzea lortu duen Mari Karmen Barandiaran 79 urteko lazkaotarra elkarrizketatzea lortu zuten. Emakumeak Zumarragako ospitalean egindako egonaldia kontatu zuen ezin garbiago eta naturalago, hizkera eta joskera ederreko euskara erabiliz. Merezi du benetan entzutea bere kasua kontatzera animatu zen Mari Karmenen kontakizun pertsonala. Sendatua dago jada, baina salbuespeneko egoera honetan ahalik eta bizimodu “normalena” egiten saiatu, eta zera gertatzen ari omen zaio:

“(…) Ateratzen naiz kalera, eta denek korrika alde egiten dute nire ingurutik. Denek dakite zer pasa deten, herri txikia da. Entenditzen det. Niregana puska batena ez dira arrimatuko…”.

Aiurri astekariak, bihar kaleratuko duen 645. zenbakian, gaixotasuna gainditze bidean den Marta Lopez Martin 39 urteko erizainarekin edukitako solasaldia dakar. Andoainen jaio eta hezi arren, orain zortzi urte Iruñean finkatu zen. Etxean osatzen darama egun batzuk, orain aurretik Universidad de Navarra klinikan lanean ari zela koronabirusa harrapatu ostean. Osasungintzako langile baten kontakizuna, bizipen pertsonala eta jakintza profesionala uztartuta.

 

Informazio bonbardaketa desinformatzailea

Andoaingo Rikardo Arregi kaleko Anita gozotegian egunero topa dezakegun Jaione Bitoria ez da ez da soziologoa edo psikologoa, ez du unibertsitate tesirik egin gai bat hitzetik hortzera darabilten komunikabideek gizartean eduki dezaketen eraginari buruz. Baina egunero ehunka pertsona pasatzen dira bere mostradorean, eta bi edo hitz egiteko denbora hartzeko ohitura du. Komunikabide horiek kontsumitzen dituen gizarte horren zati bati tenperatura, edo tenplea, hartzeko moduan.

Giza tratu horrek ematen dion eskarmentutik eta baita zentzumena aplikatzetik mintzatu zen azken Aiurri aldizkarian herritarrengan sumatzen den izu eta estresaren gainean oinarrizko den zerbait adierazteko: buruko osasunarentzat nekez behar du izan komenigarria irenstea komunikabideen goiz, arratsalde eta gaueko bonbardaketa informatiboa, su-etenik gabekoa.  

Gutako edonork predika dezakegun baina praktikan betetzea kostatzen ari zaigun gomendioa bota zigun, elkarrizketaren zati une batean:

“(…) Ezjakintasuna dago, bai, beldurra erraz zabaltzen baita. Egoeraren gainean hizketan hasten naizenean bezero batzuekin, telebista ez kontsumitzeko hainbeste gomendatzen diet. Ez da egia zenbat eta albiste gehiago ikusi, entzun edo irakurri, informazio gehiago daukagunik, edo gehiago dakigunik. Kontrakoa gertatzen da maiz, gainezkako informazioak antsietatea puzten du, eta burua nahastu. Sare sozialetatik datorkigunarekin ere kontuz ibili behar genuke, dena ez baita egia. Generalean, gizakiok gezur potoloak eta berri alarmistak aisa barneratzeko joera daukagu, modu sinesgarrian aurkezten badizkigute…”.

Pandemia monotema den bolada honetan komunikabideen kontsumoa inoiz baino gehiago dosifikatu beharraz idatzi zuen Xabi Larrañaga artikulu egileak Minuto y resultado izenburupean Noticias de Gipuzkoa egunkarian larunbatean, ohi duen estilo ironiko eta moztailea erabiliz,

“(…) desayuno con la prensa y paso de noticias hasta después de cenar. En esas catorce horas tampoco abro mensajes de expertos o vendepeines, ni atiendo a discursos mesiánicos o apocalípticos, ni reenvío proclamas partidistas…”.

 

Hildakoak, loteriako zenbakien gisa

Osasun krisiaren drama kirol irratsaioen formula berbera (Carrusel deportivo) erabiliz zuzeneko erretransmisioa egitea salatzen zien komunikabideei Larrañagak. Makina bat zelaietan jokatzen ari diren futbol partiduen “Minutua eta emaitza” eskaintzeko obsesio hori. Milaka hildakoak, gaixotuak, ingresatuak, sendatuak…

RTVE komunikabide publikokoa den Canal 24 horas-en Beatriz Pérez Aranda aurkezle beteranoak modu xelebrea erabili zuen martxoaren 21eko albistegian, Espainiako estatuan egun hartan zenbatu ziren kutsatuen kopurua adierazteko. Hain zuzen, 72.248ko zifra zenbakiz zenbaki ahoskatu zuen, Gabonetako loteriako zozketa iragartzen ariko balitz bezalaxe.

Esan beharrik ez, kazetari zein telebista publikoko kontsumitzaileen harridura eragin zuela, eta geroztik, belarrondoko ederrak ari dela jasotzen hainbat komunikabideetan zein sare sozialetan.

Perez Aranda aski ezaguna da zuzenean ari denean tarteka botatzen dituen hitz eta komentarioengatik edo egiten dituen keinuengatik, gidoitik kanpo nahiz mikroa irekita (beste lankide bat hizketan ari denean). Jende andana omen da Canal 24 Horas sintonizatzen aritzen dena aurkezle hori topatze hutsagatik. Ez haren ahotik jasoko duen informazio gosez, bere azken ateraldia topatzeagatik baizik.

Perez Arandaren alde ezer esatekotan, enpatia aplikatu eta onartu behar da latza behar duela izan mundu guztiaren aurrean egin beharreko zuzeneko ofizioa; edozein hitz, keinu… epaitua izateko arrisku bizia, hortxe beti mehatxatzen.  Latza behar du izan, egunero-egunero kameraren aurrean jarri eta aktualitateko gertakizunak kontatzea era sinesgarri batean, beste telebista kate guztiek adierazi dutena ez errepikatuz, edo errepikatzekotan, estilo propio batez.

Beatriz Perez Arandak, noiz edo noiz jakin izan du egindako akatsa onartzen, errektifikatzen eta bere buruagatik barre egiten. Eta hiru sekuentzia horiek denak, zuzenean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!