Konfinamenduaren hasierarekin batera, Aiurrik #BertsoVid19 ekimena abiarazi zuen. Aktualitate gordina lantzeaz gain, etxeko egonaldia arinagoa egiteko eduki osagarriak txertatzea egoki ikusi zen. Lehenetako jarduera bertso-katearena izan zen, eta arrakasta sekulakoa izan da. Mila bertsotik gora Twitter bidez zabaldu dira, eta ondoren tartea eskaini zaio Aiurri.eus webgunean. Eskualdeko ekimena Euskal Herri osokoa bilakatu da, eta nazioartetik iritsitako bertsoak ere ez dira gutxi izan.
Hasiera izan zuen bezalaxe, ekimenari amaiera eman behar zaio. Eta zeregin horretan laguntza paregabea eskaini digute aktore lanetan jarri ditugun Mailu Arruti andoaindarrak, Jon Unanue urnietarrak eta Urtzi Ugalde billabonatarrak.