Aztarrika

Atzokotik | Apirilak 21

Xabier Lasa 2020ko api. 22a, 21:56

Dolu prozesua ohiko baldintzetan egiteko ukazio ofiziala, polemika eragin duten El Mundo egunkariaren azaleko bi argazkiak, eta, Estatu espainiarrean botere ekonomikoekin lotura estua duten komunikabideen panorama ditu aztergai Aztarrika zutabeak, oraingoan.   

Dolua hankaz gora duen pandemia

Azken asteetan, hildako pertsonek bakardadean igaro dituzte beren azken uneak, senitartekoen gertuko presentzia fisikorik gabe, horien musu, besarkada, laztan… eta antzeko giza adierazpenik jaso ezinda. Bakardadean hil dira, eta prozesu hori bakardadean bizitzera behartu dituzte beren gertukoak.

Pandemiak, gertuko gizaki baten heriotzaren inguruan egin beharreko dolu prozesua irauli egin du azken batean. Dolua, pasa beharreko prozesu naturala baita, 2018ko abenduan Aiurri aldizkarian argitaratu zen erreportajean adierazten zen eran.

Ez kutsatzeko segurtasunaren izenean, galarazi egin da erritual sozial guztia, pausoz pauso ematen dena normalean: gertu egotea hiltzera doanaren ondoan, kontsolatzeko eta honen azken hitzak, hatsa, begiratua... sentitzeko; beilatokian ohiko ekitaldia, gorpua presente dela gertukoen doluminak jasotzeko; hileta elizkizuna edo ekitaldi zibila, azken agur kolektiboa eman ahal izateko: gorpuaren lurperatze edo hautsen zabaltze kolektiboa….

Gertu egitea hildakoaren gertukoei galeraren inguruko kontzientzia hartzea ukatu zaie, emozioen kudeaketa egokia egiten has zitezen.

Mina psikologia areagotu egin zaie, hitz batean. Prozesu anormal hori Andoainen sufritzen ari den pertsonetako bat den Nati Zalakainek, adibidez, “gogorra izaten ari” dela onartu zuen Aiurri-n oraindik orain, eta Euskadi Irratia-n atzo, astelehenarekin, Olaia Urtiagak zuzentzen duen Baipasa saioan (programaren hasieran entzungai). Natiren ama, Modesta Garaialde, herriko Zahar egoitzan hil zen apirilaren 1ean, bakardadean hil ere, bere lau seme-alabek ezin izan baitzuten bisitatu hilurren zela ere; ondoren ere, lau senideetatik soilik hiruren presentzia ametitu zuten kanposantuan gorpua lurperatzeko orduan.

Hiltzera doana agurtzeko aukera edukitzea bere familiarrek, psikologikoki zenbat den lagungarri ondo adierazi zuen Asier Aristondo billabonatarrak, Ainhoa Arozena kazetariak Aiurri-rentzat apirilaren 3an egin zion elkarrizketan. Osasun krisialdian aukera hori eduki zuen bakanetakoa da azken aldian.

Izan ere, gertuko pertsona horren heriotza dela eta gizakiek emozioak borbor sentitzen dituzte, tristuraz gain: ukazioa (defentsa mekanismoa errealitatearekiko deskonexioa egiteko) , urduritasuna, erruduntasuna, angustia… Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria kazetariaren galderei erantzunez Patxi Izagirre psikologoak Berria egunkarian martxoaren 21ean zehaztu zuen (“Kulpa sentimendua dolu prozesuetako korapilorik handiena da”) azken asteetan gertatzen ari dena hainbat familietan,

“Dolua egiteko orduan, garrantzitsua da hiltzear dagoenaren ondoan egotea. Egoera honetan, ordea, badirudi dolu prozesua pausa moduko batean gelditzen dela. Desagertutako pertsonen kasuan ere, esate baterako, pausa bat dago, baina baita ziurgabetasuna ere, ez baita gauza jakina hila dagoen ala ez. Kasu honetan, ez da horrela. Badakigu gertatu dela, baina, aldi berean, ezinezkoa zaigu harengana hurbiltzea eta agurra ematea. Hor sortu daiteke frustrazioa, haserrea edo kulpa sentimendua, ez baitago agur humanoa emateko aukerarik. Enkistamendu txiki bat sortzen da, eta sufrimendua”.

Artikulu interesgarriak argitaratzen ari dira egunotan, dolua prozesuaren eta egunotan galarazita dagoen aukera horren inguruan. Psikologia klinikoan aditua den Manuel Salgadok, Kübler-Ross psikiatra ospetsuak doluan zehar bizi beharreko ohiko faseekin (ukazioa, amorrua, negoziazioa, erruduntasuna eta tristezia, eta, onarpena) lotuta egin izan dituen proposamenak, pandemia egoerara moldatu ditu.

OME-AEN Osasun Mentalaren Elkarteak ere orientabideak zabaldu ditu egunotan, pandemia garaian nahiz bestela jarraitzeko egokiak direlakoan.

Euskadi Irratia-n igande goizetan emititzen den Osasunetxea irratsaioan Arantxa Arza kazetariak Zigor Egiarte psikologo sanitarioarekin solasaldi entzungarria egin zuen. Eguartek aholku eta argibideak eskaini zituen, egokiak dolu garai ilun honetarako.

Doluaren inguruan analisi ez horren profesionala eskatzen hasita, jo dezakegu Euzkitzek idatzi zuen zutabera, Noticias de Gipuzkoa egunkarian martxoaren 29an. Doluaz zuen izenburua, eta muxuak eta besarkadak eman edo jasotzeko orduan dauden perfil diferenteko zenbait giza jarrera (zale amorratuak, antisozialak diruditenak…) deskribatu zituen, gertukoei begira jarri eta gero.

 

El Mundo egunkariaren azalak, polemikaren iturri

El Mundo egunkariak aste beteko aldearekin azalera eraman dituen bi argazkik polemika bizi-bizia eragin dute azken egunetan, egunkariaren azalean azaltzearen aldeko eta kontrako iritziak plazaratu direlarik. Kazetarientzat edo semiotikako (zerbait komunikatzeko gizakiak erabiltzen ditugun seinu, irudi... ikertzen dituen zientzia) adituentzat inondik ere mugatzen ez den debatea da sare sozialetan mugi arazi dena.

Hain zuzen, apirilaren 8ko lehenbiziko azalean, Madrilgo elur palazioan, hilkutxa mordoa -bostehun bat- sailean jarrita ageri da. Hilkutxak, egunero, kanposantura joan aurretik edukitzen dituzte palazio horretan, ikusten denez.

Apirilaren 15eko bigarren azalean, berriz, Pakistango jatorriko emigrante bat Valentziako bere etxean zerraldo ageri zen; ondoan larrialdietako mediku bat eta erizain bat zeuden. Argazkia Alberto Di Lolli argazkilariarena da, eta Rodrigo Terrasa da erreportajearen egile kazetaria.

Egunkariko arduradunen hitzetan, lehenbiziko argazkiak Estatu espainiarreko marka dramatikoa adierazi nahi zuen; hots, mundu zabalean, Estatu espainiarra dela munduan hilkortasun tasa handiena daukana biztanleko.

Argazkia tragedia baten sinboloa omen; heriotzaren eta gizartearen eraldaketa sakona definitzen duena ederki asko. Horrek justifika dezake argazkia azalerara eramateak. Krisia ez omen da edulkoratu behar, den bezala erakutsi behar da. Eta gaineratu zutenez,

“herritarrek ez dute distrakziozko estrategiarik merezi agintarien aldetik. Errealitatean gertatzen ari den guztiaren kontzientzia osoa eduki behar dute, eta horretarako, ondo informatu behar zaio. Herritarra heldua da eta ez zaizkio ume baten pare eskaini behar albisteak”.

Bigarren argazkiari dagokionez, osasun langileen eguneroko jarduna azpimarratzea eta goraipatzea izan zen erabili zuten arrazoia El Mundo-ko arduradunek, bigarren argazkiak azaleko protagonismoa beregana zezan.

Editorialen ziotenez,

“gogorrak dira argazkiak, erretratatzen duten errealitatea bezainbat: estatistiketan kamuflatuak izaterik merezi ez dutenen bakardadeko heriotza”.

Eztabaida latza piztu zuten argazkiek sare sozialetan, esan bezala. Esate batera, hiru euskal kazetarien artean, Berria-ko Urtzi Urkizu eta Radio Euskadi-ko Iñaki Larrañaga eta Goizalde Landabasoren artean. Urkizuk azala aipatuta bere ezinegona azaldu ostean, Larrañagak ez zuen argi zergatik behar zen kritikatu, Aurpegia pixelatu diote. Ez da identifikatzen. Ez da lehen planoa. Ez dago odolik. Aktualitatekoa da. Beste informazio bat ematen du: gorpu bila doazenen ekipamendua”. Landabasok, ordea, sentsazionalismo kutsua topatu zion argazkiari, “Zer da hor erakutsi nahi dutena? Gaixoak jota dagoen pertsona, desinfekzioan ari direnak jo ta su, gaixotasunaren gordina? Hori beste era batera, dotoreagoan ta duinagoan, eta miseria agertu barik egin zezaketen”.

Gaztelaniaz egindako beste zenbait eztabaidetan, gordinago mintzatu ziren sare sozialetako zenbait erabiltzaile. Aldeko eta kontrako arrazoi batzuk, segidan doaz laburtuta.

Aldekoen bandoan, aipatu egunkariko iritzi saileko buru den Jorge Bustosen kontzentratu zen, batik bat. Honek, apirilaren 8an, esate batera, iritzi artikulua idatzi zuen, eta bere tesi nagusiaren arabera, heriotza proportzio industrialetan adierazten denean estatistika hutsean bukatzeko arriskua daukala, eta kazetarien zeregina behar duela izan errealitate horri kontra egitea.

Beste zenbait iritzi segidan, defendatuz bi argazkien azaleratzea:

- Ez dago morborako edo sentsazionalismorako gogorik, errealitatea ez izkutatzeko asmoa besterik ez.

- Koronabisaren inguruko prentsa kroniketan (telebista pribatu handienak eta RTVEko publikoak batik bat) Gobernua zuritzen ari dira. Horrela, hainbat ogibideetako (erizainak, medikuak, epideomologoak, suhiltzaileak, poliziak…) testigantzak jasotzen dira, eta poza, musika, balkoetan jendea txaloka, elkartasuna eta antzeko giza sentimendu eta jokabide baikorrak adierazten dituzte. Heriotza sinbolikoki edo explizitoki agertzen dituzten irudiak ezkutatzen ari dira.

- Ez munduko, ezta Estatu espainiarreko prentsak inoiz ez du inongo erreparorik agertu urrunekotzat jotzen zituen biktimen irudiak (Prestige, Mediterraneoko migratzaile iheslariak, Afrikako hainbat gatazketako biktimak...) edo gertuagokoak (ETAren biktimak, Ramblako edo Atotxa estazioko hilketak...) agertzeko orduan. Biktima horien guztien familiarrei ez zaie baimenik eskatzen. Urrunekoak ez ezik, gertukoak ere bai PP alderdiko senatari Vicente Azpitartek, adibidez, Turkiako kostaldean itota hilik agertu zen Aylan Kurdi umearen gorpuaren kontura munduan egin ziren makina bat egunkarirekin muntaia egin zuen.

Argazkiak azalean azaltzearen kontrako erreakzioak gehiago izan ziren kopuruan, eta milioi erditik gora jarraitzaile dituen Gerardo Tecé txiolari famatuaren kontura bildu ziren horietako asko. Vicente Azpitarteri erantzunez, Tecék bigarren mezua zabaldu zuen segidan hurrengo egunean, eta orduan ere argazkien kontrako arrazoi zaparrada mobilizatzea lortu zuen. Horra, horietako zenbait:

- Ez da egia errealitatea erakutsi nahi denik, Sanchezen Gobernuari presionatzea baizik.

- Sarraski zaleak dira egunkariko arduradunak; bost axola horiei hor agertzen diren biktimak.

- Gertakizun larri-larri baten inguruan informatzetik eta horri ikusgarritasuna ematetik morbo hutsagatik argitaratzera, mundu oso bat dago.

- Aylan umearen argazkia prentsa azaletan, konparazio batera, deontologia aktiboa da; gizartea kontzientziatzea du helburu.

- Argazkien erakusketak morbo siniestroaren eta nekrofagia sadikoaren adierazpenak izateaz gain, Pakistango jatorriko pertsona agertuz arrazismoaren faktorea gehitzen da. El Mundo-ko kazetariek inondik ere ez lukete beren seniderik agertuko modu berean, hilko balira koronabirusak jota.

- Hilkutxetan dauden hildakoen edo pakistaniarraren familiarrek eman al diote baimenik egunkariari argazkiak argitara ditzan? Eta bigarrengo argazkian agertzen diren medikuak eta erizainak? Legez, erantzukizun penalak izan ditzakete bi horiek, argazkia ateratzeko baimena eman badiote argazkilariari...

- Intimitaterako eskubidea urratzen ari dira, Konstituzioak jasotzen duena.

Oroimenean aztarrika hasiz gero, denok edukiko dugu gogoan prentsako azalaren bat deigarria edo mingarria egin zitzaiguna bere garaian. Niri, distantziak distantzia, 1994/10/04an Bilbotik Donostiara autobusez ikastera zihoazen bi unibersitari (Lander Astiz Barrenetxea eta Miren Gotzone Espilla) istripu batean hil zireneko gertakari hura datorkit pentsamendura, El Diario Vasco egunkariak bi gazteen gorpuen irudiak azalean bista-bistan erakutsi zitueneko huraxe. Biren familien, lagunen eta ikaskideen amorrua eragin zuen argazki hark, eta El Mundo-ko bi argazkien kontura egunotan irakurri diren iritziak, antzekoak, egin ziren orduan. Ez, noski, oraingo oihartzunarekin, 90eko hamarkadan, besteak beste, oraindik ez baitzegoen garatua nahikoa interneta, eta bere eskutik iritziak plazaratzeko sare sozialen tresna zabaltzaile masiboa.

 

Ustezko itzalketa mediatikoa

Estatu espainiarrean eskuinaren orbitan mugitzen den komunikabideetan eta sare sozialetako iritzi emaileen artean gero eta ozenago aipatzen da “itzalketa mediatikoa” gertatzen ari dela. Alegia, Sanchezen gobernua osasun krisiarekin egiten ari den gestioa dela-eta aurkako kritikak ekiditzea helburu izango lukeen isiltasun mediatikoaren tesia darabiltela.

El Mundo-ren bi azaletako argazki horien atzetik etorri den polemikan maiz errepikatu den argudioetako bat da.

Ikuspegi hori indartzeko apirilaren 1ean gobernuak onartu zuen dekretua aipatzen dute; hots, telebista pribatuentzat 15 milioi euro bideratzea erabaki zuen dekretua. Horrela, batik bat bi komunikabide talde handi, Atresmedia (Antena3 eta LaSextaren fusioa da, eta Neox, Nova, Mega eta Atreseries tele-kateak ere biltzen ditu; irratian, berriz, Onda Cero, Europa FM eta Melodia FMen jabea da) eta Mediaset (Telecinco, Cuatro, Factoría de Ficción, Boing, Divinity eta Energy) izango dira onuradun handienak.

Komunikazio talde handi horiek ez ezik, beste zenbait talde txikiagoak ere lagunduko ditu diruz dekretuak: Vocento (Paramount Channel eta Disney Channel), Unidad Editorial (DMAX eta GOL), Secuoya Taldea (TEN), DKISS, Real Madrid TV eta 13 TV (COPE). 

Estatu espainiarreko 3,2 milioi autonomoei gizarte segurantzari ordaintzeko martxoko kuota iritsi zitzaien egunean bertan dekretu hori jakinarazi izanak ere, ez zuen epeldu haserrea askorengan.

Gobernuak erabaki hori justifikatzeko, adierazi zuen osasun krisialdian ere telebista pribatu guzti horiek zerbitzu publikoa eskaintzen segi behar dutela, eta horretarako, beharrezkoa dutela likidezia edukitzea, kontuan hartuz gero jaitsi egin zaizkiela publizitateari lotutako diru sarrerak.

Ez da oso erraz irensten diru injekzio hori, aintzat hartzen badugu Atresmediak 118 milioiko eta Mediasetek 211 milioiko irabaziak izan zituztela iaz.

Diru laguntzaren dekretua nahiko isilean igaro da egia esanda, pandemiak eragindako osasun krisiak eta giza tragediak gainerako guztia estaltzen baitute hein batean.

Albistean pittin bat aztarrika eginez gero, baina, agerian uzten digu Estatu espainiarrean azken urtetan gertatzen ari den komunikabideen kontzentrazio prozesua, eta horrekin, komunikazio talde erraldoien sortzea. Datu bat, Atresmedia eta Mediaset komunikazio taldeen artean, telebistako publizitate guztiaren %85a eskuratzen dute gaur egun. Hain zuzen, Espainiako Ekonomia ministerioko menpeko den Merkatuen eta Lehiaketaren Batzorde Nazionalak (CNMC) Atresmediari 38,2 milioiko eta Mediaseteri 38.9 milioiko isunak jarri zizkien 2019ko azaroan, lehiakortasunaren aurkako praktikak egiteagatik, telebistako publizitatearen komertzializazioaren arloan.

Prisa da hirugarren komunikazio talde edo lobby mediatiko handia Estatu espainiarrean. 2008an, Prisak 5.000 milioiko zorrak zituen pilatuta bankuekin, eta bere presidente Juan Luis Cebrianek, zorrak saihesteko asmoz, gerora beste komunikazio taldeetan errepikatu den formula diseinatu zuen: zorrak banku horien akzioetan bilakatzea, alegia. Era horretan, gaur egun, Santander, Caixabank eta HSBC bankuak Prisa taldearen akzionista nagusienetakoak dira, Telefonicarekin batera.

Ildo beretik, esate baterako, Tele5 eta Antena3 telebistetako administrazio kontseiluetan Sabadell, Endesa, Entrecanales, Peugeot, JPMorgan o la italiana Enel bezalako banku eta enpresen ordezkariak esertzen dira.

Komunikazio talde erraldoi horien akziodunen zerrendan, Francoren diktadurarekin kolaboratuz hazi ziren hainbat sektoreetako (energia, bankuetxeak, kultura...) enpresak topa daitezke. Planeta Multimendia Taldea da Atresmedian akzio ugari dituen enpresa horietako bat, 36ko gerran kolpe zaleekin aritu zen Fernando Lara legionarioak 1949an sortu zuena. “Enprendedore” edo ekintzailetzat hartzen da gaur egun, eta segun eta nondik ikusita, “arrazoia” ez zaie falta: 50eko hamarkadan, Bartzelonako hainbat inprentetara joan, eta pistolaz papera ematera behartzen zituen bertakoak, liburuak inprimatzeko behar zituela esanda. Editorialgintzaren munduko rankinean, gaur egun, Planeta Taldea (Seix Barral, Espasa Calpe eta Destino) hamargarrena da.

Ba ote da ukatzen duenik Mediaset, Atresmedia eta Prisa komunikazio taldeetan botere ekonomikoek daukaten eragina? 

Jakina, komunikabideen eta botere ekonomikoen konexio zuzenerako prozesu guzti horrek bipartidismoan oinarritutako klase politiko historikoaren konplizitatea eta onespena eduki du beti.

Goi bulegoetako mundu horretatik urrun bizi garen herritar xeheentzat nahiko ezezaguna egiten zaigu komunikazio talde horietan mugitzen den injenieritza finantzieroa, korporatiboa eta akzionariala. Baina zentzumenak esaten digu botere mediatikoa gero eta esku gutxiagoetan kontzentratzen ari dela, interes politiko eta ekonomikoek ondotxo dakitela beren hariak mugitzen, eta joko perbertso horretan prentsa aniztasuna eta adierazpen adierazpena galtzaile irteten ari direla.

Zirkulatzen duen informazio zati handi-handi baten akaparatzaile diren komunikazio talde horien plantilletan, izartsuak ez diren kazetariei entretenimenduaren eta espektakuluaren mesederako izango den kazetaritza praktikatzea eskatzen zaie gehienetan, eta hortaz, opzio gutxi geratzen zaie. Bi, ziurrenik. Lehena, men egitea eta beren buruei autozentsura ezartzea jakitun izanda nortzuk diren heurei lan ematen dieten enpresaren jabeak, nahiz ta horretarako lan baldintza prekarioak irentsi behar. Ala, bestela, komunikazio ekimen independiente txikiak sortu.

Madrilgo kazetarien elkarteak bultzatuta, bertako kazetariei -goiko postuetan ez, baizik eta behekoetan daudenei- inkesta egiten zaie urtez urte, eta datuekin txostena osatzen dute. Bada, 2017ko urteko txostenaren arabera, inkestatutako kazetarien %80ak adierazi zuen presioak jasaten zituela informazioen edukiak alda zitzan, enpresen interesek eraginda. Inkesta berean adierazten zenez, %94ak aitortu zuen zenbait komunikabideak kapaz direla beren independentziari men egiteko publizitatea lortzearren. %65aren baino gehiagoren arabera, lanbide horretan arazorik larrienak komunikabideen independentzia politiko eta ekonomiko eza, langabezia eta lan prekarietatea dira, eta horiek denek kalitatezko informazioa oztopatzen dute. 2017an argitaratutakoa da txostena, baina 2018 eta 2019koan portzentajeak mantendu egiten dira.

Panorama mediatiko horretan murgilduz gero, kontsumitzaile askoren eztabaida izaten da jakitea telebista kate edo kazetari izartsu honek edo beste hark eskuineko edo ezkerreko ideologia ote daukan, holako edo halako alderdiaren orbitan ote dabilen...

Eta halakoetan, ahazten da komunikabide bakoitzaren jabetzaren faktorea, ezinbestekoa edozein analisi zentzudun egiteko orduan. Estatu espainiarrean Franco hil osteko trantsizioaren denboraldian, indartsu zeuden estatu-aparatu frankistek (politikoa, judiziala, poliziala, militarra, enpresariala…) eta ahul zeuden alderdi antifrankistek hitzartu (PSOE eta PCE gehienbat) edo onetsi (nazionalista katalanak eta euskaldunak) zuten erregimen kontserbadorearen kume, oinordeko… direla jabe guzti horiek, edo ia guztiek, ahazten da. Orduan diseinatu zuten estatu egituraren baitan, monarkiak eta oligarkia ekonomikoak tutelatutako sistema politiko bipartidista otzanean alegia, bizi direla eroso jabe ahaltsu horiek.

Telebistetan antolatzen dizkiguten eztabaida saioak sutsuak, belikoak, polemikoak, zalapartariak… izaten dira (LaSextan, adibidez, LaSexta Noche edo Al Rojo Vivo saioak) kazetarien artean, eta alderdi politikoek ere egundoko irainak eta ofentsak jaurtitzen dizkiete elkarri. Ezin eramanak eta gorrotoak estatuko unibertso politikoa eta mediatikoa erabat markatzen dutela dirudi, itxura batean.

Baina egiazki, sakon-sakoneko borroka ideologiko baten pelikula faltsu bat transmititzen digute, marrazten digute pantaila horretan.

Gehiago baitaukate antzerkitik, eszenifikaziotik. Showak beharrezkotzat duen pantomima dosia injektatzen diote guztiok etxean daukagun pantaila majiko horri.

Eztabaida sozio-politikorako prestatutako telebista plato horiek paralelismoa handia daukate Jorge Javier Vazquez kazetariak Tele5ko Salvame saioan arratsaldero gidatzen duen oilategiarekin, Maria Patiño, Belen Esteban, Kiko Matamoros, Mila Ximenez eta enparauen laguntzarekin. Nazkagarrikeriarik likitsenak jaurtitzen dizkiote elkarri. Baina hurrengo egunean, plato berean biltzen segitzen dute ezer gertatu ez balitz bezala. Ondo barneratuta baitaukate fartsa baten piezak direla, interes amankomunaren mesederako den simulaziozko komedia batean konplizeak direla.

Esango nuke LaSexta katearekin gertatzen dela maizen, ez jakitea ideologikoki nondik jotzen duen.

Azken aldian irakurri den txiorik komentatuenetako bat izan da “El mayor exitazo de la derecha española es haber inculcado en la sociedad la creencia de que La Sexta es "la izquierda", @MAGuisado izenez sinatzen duen txiolariak zabaldu duen mezua.

Jorge Verstrynge, 80ko hamarkadan APko fundatzaile Fragaren delfina izan zen, eta egun, ezkerreko politologoa izanik LaSextako kolaboratzailea da besteak beste. Juan Carlos Monederok En La Frontera interneteko saioan 2019/06/19an egin zion elkarrizketan, Estatu espainiarreko komunikabideen diagnosia egiteko eskatu zion. Hona bere erantzuna (21:45tetik aurrera):

“Arrancan de un bipartidismo, que fue lo que era, una gran traición a la democracia desde el principio... Derecha e izquierda son categorías que en este sistema ya no significan lo que significaban antes. En el fondo, ¿qué diferencias existen entre ABC y El País? Muy pocas. Cada uno tiene su candidato, pero no masacran al de enfrente, si no que estamos entre amigos, entre colegas o colaboradores. Verdad...”.

LaSexta kateko zuzendaria den Antonio Garcia Ferreras ez dela eskuinekoa gehituz bukatu zuen erantzuna Verstryngek. Eta Monederok, sententzia baten tonuan, erantzun zion: “LaSexta trabaja para una lógica de derechas, si no ¿Inda qué hace ahi?”.

2017/07/17an, Ferrerasek, “hacemos una televisión de centro izquierda, de izquieda o progresista” adierazi zion Juanma Castaño kirol kazetariari Cope irratian, El Partidazo de Cope irratsaioan.

Ferreras, Prisako Ser Kateko zuzendaria ez ezik Florentino Perezen Real Madrileko komunikazio arduraduna izan zen iraganean; LaSextara iritsi zenerako eduki zuen aukera, eduki zuenez, botere ekonomikoen kupulak, euren interesak, horiek lortzeko erabiltzen dituzten azpijokoak…. gertu-gertutik ezagutzeko.

Ezkertiar deklaratzen den kazetari bati min egin beharko lioke, esate baterako, zerbitzu publikoak pribatizatuz botere ekonomiko handien esku uzteko instituzio bipartidistek Franco hil geroztik hamarkadetan erakutsi izan duten joerak. Are gehiago Madrilgo Komunitatearen obsesioa, osasungintza publikoa pribatizatzeko. Bada, horixe da gizonari tabu egiten zaion gaietako bat Al Rojo Vivo saioan, zer esanik ez Madrili begira jartzen denean, non zahar egoitza gehienen kudeaketa Florentino Perez jabetzako Actividades de Construcción y Servicios (ACS) holdingaren esku dauden…

Espainian merkatuak eta konpetentzia arautzen dituen gobernupeko organismoak (CNMC) 2019ko urrian adierazi zuenez, ACS kontratuetan iruzur egiteagatik isun gehien ezarri zaizkion enpresa da (ia ehun miloi euro). 

Ameriketan ere ondo zabalduta dauzka negozio-iturriak enpresa horrek. Guatemalan, esate baterako, konplexu hidroelektrikoen eraikuntzan bertako indigenen komunitateen oinarrizko eskubideak urratzen dituen enpresatako bat da.

Mexikon ere egundoko negozioak ezarrita dauzka petrolio-putzuen ustiaketan, nahiz eta horretarako ibaiak kutsatu eta indigenen komunitateetan haize errotak baimenik gabe ezarri behar,

Perez abila da negozioetan, eta badaki zenbat balio duen politikoekin harreman onak edukitzea: Mexikon, bertan, gobernuan dauden alderdietako kide kualifikatuak bertan dauzkan enpresa filialetako administrazio kontseiluetarako fitxatzen ditu.

Perezen praktika enpresariala bai Estatu espainiarrean zein Ameriketan maiz delitu-ekintzetan oinarritu arren, gizona ekintzaile eredugarria da Ferrerasentzat, LaSexetarentzat eta establishmenteko prentsarentzat.

Katalunian burujabetzaren aldeko azken urteetan abian jarritako prozesuaren harira, Ferrerasek erakutsi duen ildo informatiboan erreparatuz gero ere, ondorio batzuk atera ditzakegu. Izan ere, bere saioari egunez eguneko jarraipen txiki bat eginez gero, ez da zaila ohartzen beligerantea izan dela, eta izaten ari dela; beligerantzia, España Una e Indisoluble leloaren mesedetan, eta, burujabe zaleen kontra. Azken horiek egindako edozein adierazpen edo ekimenekin tremendismoa, negatibismoa eta sentsazionalismoa praktikatu izan du, eta pasarte ugari topa daitezke hori frogatzen dutenak. Torra presidenteak Eslovenia aipatuz egin zituen adierazpenak Balkanetan gertatu zen gerra ankerreko irudiekin parekatu zitueneko hura, adibidez.

Azken batean, Ferrerasen ez ezik beste hainbat komunikatzaile guruen kazetari jarrera printzipio batek markatzen du, zuzentzen dituzten albistegi edo tertuliak bideratzeko orduan. Honako mentalitateak: “Izan gaitezke ezkerrekoak, zentrokoak edo eskuinekoak, baina elkartuta egin behar diogu aurre Kataluniatik datorkigun desafioari, 78ko erregimenaren zutabeak daude jokoan”.  

Atzera begiratuz gero, bi desafio izan dituzte dardarka jarri dituztenak azken hamarkadan: 2011ko M-15 mugimenduak eta bere hiritar haserretuek modu apal batean eragin zutena bata, eta Kataluniako prozesuak modu sendoagoan eragin duena bestea. Biek ere, 1978an berregituratutako erregimenaren estatu egiturak auzitan jarri zituzten, berrantolatu eta demokratizatzeko planteamendua plazaratu zutenean.

Izan ere, 1978az geroztik, aurrekaririk ez duen estatu auzi bilakatu da katalan burujabeek luzatutako hordagoa, eta estatuko establishment mediatikoko gainerako elementuen antzera, LaSextari ere prozesu katalanaren aurkako gurutzadarekin bat egitea egokitu zaio.

Azken batean, Espainia Bat eta Bakarraren aldeko sistema ekonomiko-politikoak ameti dezake euren kideen artean mokoka aritzeak, inkluso hala izatea nahi du “normaltasun demokratiko”  baten sintoma delakoan. Baina estatu auzo bilakatzen diren salbuespen-salbuespenezko egoerak pizten zaizkienean, ojoalkristo!, korneta-hotsak batailarako formazioan jartzea markatzen du, amankomuneko gain-gaindiko interes horiek defendatzeko.

Miguel Monzón El Gran Wyoming telebistako aurkezlearen inguruan ere despiste handia eduki ohi du jendeak. Askorentzat bere gaueroko telebistako presentziak zertifikatuko luke LaSexta ezkerrekoa dela, kritikoa 78ko erregimenarekin, bipartidismoarekin, botere ekonomikoekin…

Nire irudiz, analisi horrek ez du bereizten Wyoming El Intermendio-ko aurkezlea eta pentsamendu kritikoa daukan Wyoming pertsona.

Jot Down Cultural Magazine aldizkarian Fernando Olalquiaga kazetariak Wyomingi 2012ko urrian egin zion elkarrizketa luzean, zenbait giltzarri agertzen zaizkigu, ulertzen laguntzeko aurkezle horren pentsamendua maiz ez datorrela bat ez El Intermedio saioak jarraitzen duen ildo ideologikoarekin ezta saio horretan antzezten dituen gidoiekin.

Adibidez, kazetariak ¿Quién representa hoy a la izquierda?” galdetzen dionean, mihia aho bizarrik gabe astintzen du, salatuz alderdiek edo komunikabideek botere ekonomikoekiko daukaten menpekotasuna:

“(…) No lo sé porque estamos en un país muy especial. Si Caja Madrid quisiera, mañana desaparece el Partido Socialista. Tienen tal deuda contraída con ellos -que no van a pagar nunca- que ya está, todo aclarado. Mira al grupo PRISA: el propio Rodrigo Rato se encargó personalmente de darles un crédito cuando estaban con la soga al cuello. ¿Cómo van ahora a decir nada de Bankia? Es que este país es muy especial y no me gusta nada. Y no hablo de los políticos, no me gusta la baja condición moral a la que hemos llegado. Me crispa mucho…”.

PSOE alderdiari, Ser Katea irratiari edo El Pais egunkariari zuzendatuko halako gezi ziztakorrik sekula entzun al diogu El Intermedio-n Wyoimingi? Nik ez dut gogoratzen behintzat.

Elkarrizketako beste pasarte batean, kazetariak Wyomingi aipatzen dionean RTVEn Felipe Gonzalezen garaian 1993n nola aurkezten zuen El peor programa de la semana saioa (Espainiaren erradiografia surrealista eta ironikoa izateko jaio zena, Fernando Truebak zuzenduta), eta zuzendaritzakoek nola zentsuratu eta kendu zuten programa, justu Quim Monzó idazle katalana elkarrizketatzera zihoala. Idazlea antimonarkikoa izateagatik aplikatu zuten zentsura orduan, agi denez.

Bada, galdera horri erantzunez, Kataluniak eta Estatu espainiarrak partekatzen duten auziari buruz -eta, bide batez, estatu horretako adierazpen askatasunaren ahuleziari buruz- bere iritzia nahiko gardenki uzten du Wyomingek:

“(…) Y esto nos trae a la España Una de los cojones. Que a Quim Monzó le dan el Premio de las Letras Catalanas, trabaja en un programa de televisión, trabaja en un programa de radio y escribe en dos medios escritos. Y es un personaje público donde gobierna la derecha de allí, que es CiU. Es un señor que puede decir lo que le da la gana. Lo traigo una vez, la primera vez en su vida que va a salir en Televisión Española, a un programa de La 2 -ni siquiera estamos hablando del “prime time” de La 1-, y quitan el programa. Entonces, cuando hablamos de Cataluña estamos todo el rato mintiendo. Realmente Cataluña no es España…

(…) Ese señor puede trabajar en Cataluña en televisión, en radio y en prensa durante años, está premiado… ese señor era en Cataluña lo que aquí era Umbral. Pero viene y se cargan un programa porque le han invitado…

(…) Lo que no están pidiendo es la independencia de forma unilateral, piden hacer una consulta para ver qué se piensa. ¿Quién tiene miedo a la verdad? Porque entonces tendríamos que hablar de un país que está con nosotros o está cautivo. Porque si estamos hablando de que vaya el ejército, como dice La Razón, por ejemplo, no estaríamos hablando de que estén aquí por gusto. Entonces, el hecho de que se haga una consulta no vinculante… joder, ¿eso no se puede preguntar en una democracia? Debería ser obligatorio, al menos para saber qué piensan. A lo mejor saldría el no y se acababa todo este follón. Pero es que me parece ridículo. Esto se puede hacer en cualquier país del mundo. Menos en España…”.

Kasik egunero El Intermedio ikusteko adizioa daukaten tele-ikusleek -zutabe hauxe idazten duena horietako bat da- ez dut uste sekula halako diskurtsoa entzun dutenik Wyomingen ahotik, eta gutxiago ondoan dauzkan lankideen ahoetatik. Aitzitik, Katalunian burujabetzaren aldeko prozesua abian jarri zenetik, El Intermedio saioak ageriko aurkakotasuna erakutsi du mugimendu horren aurka -buruzagi politiko zen herri eragileen aurka-, bikain asko manejatzen dituen ironiaren eta sarkasmoaren eskutik.

Estatu espainiarreko telebistako komunikabideen panoraman, ziurrenik El Intermedio izango da eskuin troglodita eraginkorren astintzen duena, frogatuz ironiaren formatua izan daitekeela armarik zaztakorrena kritika politiko soziala egiteko orduan.

Bada, kuriosoa izan zen ikustea nola Katalunian burujabetzaren aldeko prozesuak indarra hartzeareki batera, El Intermedio-k, eskuinaren panpina bolada baterako bazterrean utzi, eta gerra-munizio guztia nola jarri zuen Kataluniara begira, independentisten desakreditazioa jomugan hartuta. Seguru saioko zuzendari-aurkezleak eta gidoigileek ez zutela goitik deirik jaso beharrik izan. Horiek ondotxo barneratuta daukate zein komunikazio taldearen pean egiten duten lan, eta espazio horretan disidentziak ez direla onartzen, 78ko erregimenaren egiturak desafiatzera datorren estatu-auzi potoloa planteatzen denean.

 

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!