Euskaraldiaren bigarren edizioko berrikuntzarik nabarmenena ariguneak dira. Horiei buruzko xehetasunak emateko bildu dira gaur goizean Tabakaleran Eusko Jaurlaritzako nahiz zenbait enpresa handietako ordezkariak: Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topagunearen presidentea; Leire Okarantza Fagor Taldeko Gestio Sozialeko arduraduna; Xabier Iturbe Euskalteleko presidentea; Jabier Otermin Super Amara Bera Bera kirol klubeko komunikazio arduraduna; Estibalitz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Euskara Sustatzeko zuzendaria; Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari nagusia eta Edurne Otamendi Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuko burua. Gidari lanetan Euskaraldiko koordinatzaile den Arrate Illaro aritu da.
Euskaraz gehiago eta erosoago aritzeko hizkuntza ohiturak aldatzea du xede aurtengo edizioak. Ariguneak euskaraz eroso aritzeko guneak dira, pertsonek osatuak eta taldean ariketa egingo dute arigunea osatzen duten pertsona horiek, batzuk ahobizi eta besteak, belarriprest izango direlarik. Sektore ezberdinetako ehunka enpresa, erakunde eta elkarte ari dira bat egiten Euskaraldiarekin, hala nola erakunde publikoak, finantza erakundeak, industria alorreko enpresak eta kooperatibak, merkatal kate handi eta txikiak, dendak, kirol elkarteak, kultur eta aisialdi taldeak...
Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak adierazi duenez, "inertziak puskatuz, aurreko Euskaraldian ikusi zen hizkuntza ohiturak aldatzea posible dela eta euskararen aldeko urrats praktikoak ematea posible dela. Euskararen aldeko herri gogo bat eta euskara bizi nahi duen herri bat ere bistarazi genituen". Aurtengoan lorpen horiek sakontzen ahaleginduko direla gehitu du, belarribizi eta belarriprest gehiago erakartzen "eta urrats bat emango dugu aurrera, eta hori entitatekin batera emango dugu".
Euskararen aldeko apustua berritsi dutela azaldu du Estibalitz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Euskara Sustatzeko zuzendariak: "Berretsi dugu euskara gehiago, gehigoarekin eta gehiagotan erabili nahi dugula. Gure hizkuntzaren balioa berretsi dugu, baita gure hizkuntzari lotuta doazen balioak ere. Eta impass honetan ikusi dugu oraindik ere bide luzea daukagula denon hizkuntza eskubideak errespetatzeko eta gizarte berdinzaleagoa lortzeko, tokikotasunetik eta errespetutik abiatuta”.
Ehunka entitate Euskaraldian izena emanda
Arrazoi eta motibazio ezberdinetatik hurbiltzen ari dira orain arte izena eman duten erakundeak Euskaraldira. Batzuek aurretik lantzen ari diren ibilbideari jarraipena emateko aukera ona eskaini die Euskaraldiak, lehendik martxan zituzten euskara planen osagarri delako ekimenetik egindako proposamena. Beste hainbatek, aldiz, euskararen erabilera bultzatzeko espazio berriak sortu eta babesteko aukera ikusi dute Euskaraldiaren bigarren edizioan.
Beren esperientziaren berri eman dute Fagor Taldeak, Euskaltelek eta Bera Bera kirol klubak. Azken horretako komunikazio arduradunak, Jabier Oterminek, esan du kirolak balore ugari zabaltzen dituela, hala nola elkartasuna, kemena, adorea, erantzukizuna, lidergoa, talde lana...; "eta Bera Beran euskarari ere behar duen garrantzia eman behar diogu, kirolak ere harremanak sustatzen dituelako eta Euskal Herriko erreferentziako taldea garelako”.
Euskalteleko presidenteak, Xabier Iturbek, azaldu du 17 urte direla Euskara Plan bat lantzen hasi zirela Euskaltelen, bai barruan eta baita kanpoan ere. "Urte horietan asko landu dugu bezeroekin ditugun tresnak euskaraz izateko bai webgunea, arreta zerbitzuak edota gure dendak...". Bestetik, apirilean beroketa moduan 'Etxealditik euskaraldira' ekimenarekin bat egin zutela azpimarratu du, "oso harro eta oso konprometituta" sentitzen direla adieraziz.
Fagor Taldeko ordezkari gisa etorri da Leire Okarantza Fagor Taldeko Gestio Sozialeko arduraduna. "Gizarte erronkekiko konpromisotik abiatu zuen orain dela 20 urte Fagorrek euskara lan munduan txertatzeko ariketa; gure kolektiboen elkarbizitza linguistikoa sustatu, langileen arteko kohesioa sustatu eta motibazioan eragiteko helburuarekin".
3.200 arigune identifikatuta
Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzaileak zenbait datu eman ditu gaurdaino zenbat entitatek eman duten izena jakite aldera: "500 egoitzatik gora daude izena emanda, hau da, 500 denda, bulego, udal... Horietan identifikatuta ditugu jadanik 2.100 barne arigune eta 950 kanpo arigune. Barne ariguneak dira entitate barruko kideak aritzen diren ariguneak, eta kanpo ariguneak, berriz, entitate horiek herritarrekin harremanetarako dituztene espazioak. 3.200 arigune inguru identifikatuta ditugu eta horietan parte hartzen duten kideak 10.000tik gora".
Herri batzordeak lanean
Herrien izen-ematea ekainaren 27 arte martxan dagoela gogora ekarri du Arrate Illaro koordinatzaileak. 2018an egin zen Euskaraldiaren lehen edizioan Euskal Herri osoko 405 udalerritan batzordeak martxan izan zirela gogoratuz, aurtengo izen-ematea ere martxa onean doala azaldu du: “Euskal Herriko lurralde gehienetan duela bi urteko herri kopuruak eman du izena jadanik. Ipar Euskal Herrian azken asteetan aktibatu da herrietako batzordeen dinamika, eta beraz, astiroago doa, baina gure espektatiba, orokorrean, lehen edizioan beste herrik izen ematea da. Horrek erakusten du herrietan gogoz eta ilusioz heldu zaiola berriro Euskaraldiari, azken hilabeteetan batzordeek ohiko dinamikari eustea erraza izan ez arren”.
Covid-19ak eragin nabarmena izan duela azaldu du Illarok. Izan ere, batzordeak martxan hasita eta entitateekin lanean hasita zeudela heldu zen alarma egoera eta horrek plangintzetan eragin du zuzen-zuzenean, egoera berrira egokitu behar izan dutelako. Baina koordinazio taldetik eta herrietako batzordeetatik lanean jarraitu da hilabete guztietan eta horregatik Euskaraldia aurreikusitako datetan egingo dela berretsi dute antolatzaileek.