Sarek antolatutako bizikleta martxak eskualdea zeharkatuko du, ostegun honetan

Xabier Lasa 2020ko uzt. 22a, 16:00

Sarek Bizikleta Itzulia antolatu du Euskal Herrian barrena, “preso eta iheslarien etxerako bidea eta euskal jendartearen elkarbizitzarako eta bakerako bidea egiten jarraitu nahi dugulako”. Ostegun goizean Villabonatik (11:45), Andoaindik (11:50) eta Urnietatik (12:00) igaroko da. Lekunberrin hasi eta Hernanin bukatuko da hiru egunetako lehen etapa.

Sarek antolatuta, Bizikleta Itzulia egingo da uztailaren 23tik 25era. Lehen etapa lekunberrin abiatu eta Hernanin abiatuko da. Ibilbidean zehar harrera ekitaldia egingo zaie Andoainen eta Urnietan. Presoen eskubideen aldeko ekimena Goikoplazan aurkeztu zuten, joan zen astelehenean. Bertan izan ziren Joxean Barandiaran Andoaingo alkate ohia edota Karmele Urbistondo Urnietako zinegotzi ohia. Sareko kideen artean aurki zitekeen Joxe Mari Agirretxe "Porrotx" pailazoa ere. Hiru etapetan banatuko da ekimena, hartu beharreko segurtasun neurriak direla eta. Buruntzaldeko Sareko kideek ekimenaren xehetasunak eman zituzten Andoaingo Goikoplazan egindako agerraldian. Joxan Barandiaran alkate ohiak hartu zuen hitza.

Herritarrei ekimenarekin bat egiteko deialdia luzatu zieten antolatzaileek, “Bizikleta hartu eta gurekin bidea egitera animatu nahi zaituztegu”. Barandiaranek adierazi zuenez, “Preso eta iheslarien etxerako bidea eta euskal jendartearen elkarbizitzarako eta bakerako bidea egiten jarraitu nahi dugu". Urte gogorra izaten ari da urrun duten presoen senideentzat, “Covid-19a dela eta, hiru hilabete igaro behar izan dituzte senideek bisitarik gabe. Haurrek ezin izan dute gurasoekin bisitarik izan, eta denbora horretan guztian ezjakintasuna eta ziurgabetasuna nagusitu dira. Eta baita beldurra ere, espetxeetan dagoen higiene gabezia eta masifikazioaren ondorioz”.

Kilometroak errepidean

Buruntzaldeako presoen senitarte eta lagunek jakinarazi dutenez, asteburuero 24.087 kilometro egiten dituzte. Zehazki, Hernanitik, 18.177 kilometro (13 motxiladun haur, 3.540 kilometro); Lasartetik, 2.680 kilometro; Usurbildik, 1.000 kilometro; eta Andoaindik 2.230 kilometro (motxiladun haur bat).

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!