Koronabirusa

Kalera irteteko aukera berrezarri dute

Aiurri 2020ko abu. 11a, 08:56

Herritarren aitortza jaso dute hilabeteotan San Juan bataiatzaileko langileek eta egoiliarrek.

Foru Aldundiak adinekoen egoitzetako neurriak arindu ditu, eta egoiliarrei paseoan irteteko aukera eskainiko zaie. Hori bai, agindu berriaren arabera, “prebentzio eta higiene neurri guztiak zorrotz beteta, eta une oro espazio jendetsu edo itxiak saihestuta”.

Gehienez ere ordu eta erdiko paseoak izango dira, aire zabaleko guneetan eta adinekoen egoitzatik hurbil ibili beharko dutelarik. Aldundiak zabaldutako oharraren arabera, laguntzaileei buruzko datuak erregistratuko dira; horrela, laguntzaileek beren senitartekoa edo gertukoa jasoko dute zentroan sartu gabe, eta dokumentu bat sinatuko dute, non prebentziozko higiene neurri guztiak mantentzeko konpromisoa hartuko duten. Era berean, prebentziozko eta distantzia sozialeko neurriak bete beharko dituzte, gainerako herritar guztiek bezala, maskarak nahitaez erabiltzea barne.

Zentrora itzultzean, tenperatura, eskuen higienea eta oinetakoen higienea kontrolatuko dira, eta gurpil aulkien, bastoien eta euskarri elementuen higienea zorroztuko da.

Maite Peña “Etengabeko alerta egoeran”

Gipuzkoako zerbitzu eta gizarte baliabideetan COVID-19ari aurre egiteko, prebentziozko 1.635 PCR proba egin dira abuztuaren 3tik 10era. Pandemiak Euskal Autonomia Erkidegoan izan duen bilakaeraren ondorioz, lan hori areagotu egin da azken egunotan. Erizainak eta DYAk osatutako zaintza talde espezializatu bat ari da lan hori egiten. "Testuinguru orokorraren bilakaera txarrak eta kasuen gorakadak zuhur jokatzera garamatza, agerraldi berrien gainetik egotera, azkar jokatu ahal izateko", adierazi zuen Gizarte Politiketako diputatu Maite Peñak.

Era berean adineko egoitzetako langileen zeregina goraipatu zuen: “Azpimarratu nahi dut adinekoen egoitzetako langile guztiak egiten ari diren lan ikaragarria, bai eta senideen laguntza ere. Guztiok asko ikasi dugu azken hilabeteotan, baina egoerak oso aldakorra izaten jarraitzen du. Kontu handiz segi behar dugu".

Erlazionatuak

Eguneko egoitzak berriro zabalik

Jon Ander Ubeda 2020 abu 03 Andoain

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!