Euskaraldiko unitate didaktikoen aurkezpen publikoa egin dute gaur goizean Koldo Mitxelena Kultur Gunean. Euskaraldiak hezkuntza komunitatearen jardunean hizkuntza ohiturak lantzeko eskaintzen dituen aukerak azpimarratu eta euskararen erabilera dinamizatzeko haur eta nerabeen garrantzia nabarmendu dute prentsaurrekoan parte hartu duten eragile guztiek.
Unitate didaktikoak 3 fasetarako prestatu dira:
- Lehena, Euskaraldia baino lehen (irailetik azaroaren 20ra) burutuko da. Euskaraldia girotu, egitasmoaren kontzeptuak ezagutu eta bigarren edizioaren zabalkundea sustatzea du helburu fase honetarako prestatuko proposamenak.
- Bigarren fasea Euskaraldiak iraun bitartean egingo da (azaroaren 20tik abenduaren 4ra). Euskaraldiaren ariketari eutsi, bidean ager daitezkeen oztopo eta konponbideak aztertu eta hizkuntza-ohituren inguruan gogoeta aktibatzeko diseinatua dago unitate didaktikoaren etapa hau.
- Hirugarren fasea Euskaraldiaren ondoren gauzatuko da, abenduan. Ariketak iraun bitartean bizitakoa du oinarri, eta hizkuntza portaera emankorrak sustatzeko jarduerak osatzea du helburu atal honek.
Irrien lagunak elkarteko Garazi Urrosolok adierazi duenez, ahalegin berezi bat egin dute unitate hauek hezkuntza ez-formalera egokitzeko, haurrekin modu ludiko eta erakargarrian jarduteko aukera ematen baitu horrek. Asmo horrekin garatu dute Irria aldizkariaren ale monografiko bat aurten. Aldizkaria Lehen Hezkuntzako unitateetan txertatu da tresna pedagogiko osagarri gisa.
Aldizkaria urrian kaleratu eta Euskal Herriko ikastetxeetan zabalduko da Kutxa Fundazioarekin eginiko elkarlan bati esker.