Kilometroak Kultur Elkarteko koordinatzaile gisa, Gipuzkoako ikastolen aldeko festa ugari bideratu duzu dagoeneko. Zizurkilgo herrigunean bizita, aurten eskualdean bertan lan egitea egokitu zaizu…
Bosgarren urtea dut aurtengoa. Hasi Usurbilen, Bergara, Oñati, Urretxu-Zumarraga, Zarautz eta etxe aldean azkenik, Aiztondo bailaran. Beti eragiten du ezagutzen duzun jendearekin lan egiteak. Erraztasuna ematen du, eta gauza berriak egiteko gogoa pizten.
Lan honek baditu bere alderdi positiboak: jende berriarekin aritzen gara urtero, eta urte batek askorako ematen du: harremanak sakondu, jendea ezagutu…, baita norberaren ibilbidea garatu eta aberasteko ere. Urtetik urtera asko elikatzen nau horrek.
Erronka potoloarekin ekin zenioten urteari. Eredu berriko lehen Kilometroak jaia antolatu behar baitzenuten…
Orain bost urte, konpromiso bikoitzarekin hartu nuen ardura: alde batetik, urtero Kilometroak jaia antolatzeko egin beharreko koordinazio-lana aurrera eramatea eta, era berean, Kilometroak bidea izena jarri genion hausnarketa-dinamika martxan jartzea. Kilometroak jaiak berritu eta gaurko egoera nahiz jendartera egokitu behar zuela ikusten baikenuen.
Bost urtez dinamika landu eta gero, eredu berria martxan jarriko genuela esan genuen, esperimentatu egingo genuela. Konpromiso hori Zubimusu Ikastolak hartu zuen bere gain, eta lan hori egiten saiatu gara aurten.
Urte berezia izan da oso. Jaiaren eraldaketa bete-betean, pandemiak leku handia hartu baitu ezustean…
Bi ikuspuntu ezberdin aipatuko nituzke gaurko egoerarekin eta eredu berriarekin lotuta. Batetik, gaurko pandemiak ziurgabetasun faktore handia dauka, eta horren aurrean, ezinbestean, oso epe motzeko doikuntzak behar dira. Bestalde, gauzak ez dira binarioak: modu eta aukera ezberdin ugari dago aurrera egin ahal izateko. Noski, beste egoera batean egotea nahiago genuke, baina Zubimusu Ikastolatik eta orokorrean Kilometroak Kultur Elkartetik urtean zehar erreakzionatzeko eta aurrera jarraitzeko gaitasuna, azken bost urte hauetan egin den hausnarketa eta prestaketagatik izan da.
Zalantzarik gabe, egin nahi genituen gauza asko egin gabe geratu da. Esaterako, Gipuzkoako beste ikastolekin batera antolatu genituen Milimetroak jaialdi txikiak. Prest genituen, baina konfinamenduaren ondorioz ezin izan dira aurrera eraman. Ezta urriaren 4an egin nahi genuen eredu berriko jaia ere. Eskertu egin behar zaio Zubimusu Ikastolari egindako lan guztia. Lan hori ez dago galduta, hor geratzen da, eta datozen urteetan beste tokiren batean praktikan jartzen saiatuko gara.
Koordinatzaile gisa nola bizitu duzu zuk egoera? Urte guztian zehar eginiko bidea?
Koordinatzaile batek beti dauka bigarren koordinatzaile baten babesa eta laguntza. Gaizka Ezeizaren lana aipatu nahi dut, nire funtzioak ez baitauka inolako eraginkortasunik ondoan beste koordinatzailerik ez badago. Alde horretatik, oso bikote ona egin dugu urte guztian zehar.
Bestalde, aurtengo lana labirinto baten moduan irudikatuko nuke: etengabe bide berriak bilatzen aritu gara, nahi genuen erdigune horretara iritsi arte. Eta iritsi egingo gara: zikloa itxi egingo baitugu urriaren 4an. Hori esatea garrantzitsua da, Kilometroak ez baita egun bakar bateko jaia, urte osoko lana baizik, eta Kilometroak ekimenak bere urtea egin ondoren, modu txukunean ziklo hori ixtea falta zaigu.
Elkarrizketa osorik Aiurri hamaboskariaren 567. zenbakian
-----------------------------------------------------------------------------------------------------
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.