Felipe Diez eta Patxi Modinoren kasuek badute sententzia

Xabier Lasa 2020ko aza. 17a, 13:27
Amiantoak kaltetutakoen elkarretaratzea, Donostiako epaitegi aurrean

Gipuzkoako epaileek bi sententzia jakinarazi dituzte, eta erreakzio gazi-gozoak eragin dituzte amiantoaren biktimen aldetik, poza eta haserrea aldi berean. Felipe Diez urnietarrari amiantoa arnasteak eragin zizkiola gaixotasun larria zein heriotza aitortu du epailea batek; Patxi Modino andoaindarraren kasuan, aitzitik, halakorik ez zela gertatu adierazi du bigarren epaile batek.  

Felipe Diez 2018ko azaroaren 11n hil zen minbiziak jota, eta familiak geroztik demanda jarri zuen. Diezen kasuaren inguruko jarraipena egin du Aiurrik oraindik orain.

Felipe Diez urnietarra, amiantoaren biktima

 

Patxi Modinori dagokionez, berak jarri zuen demanda larriki gaixo zegoela, eta sententzia argitaratu baino egun batzuk lehenago hil da, joan den ostegunean hain zuzen.

 

Felipe Diezen aldeko epaia

Maria Luisa Pericas epaileak aztertu du Felipe Diezen familiak jarritako demanda. Jakinarazi duen epaiaren bidez, familiaren alde jo du, eta Sidenor Industrial S.L. eta Cofivacasa S.A. enpresak 175.876 euroko kalte-ordaina ematera derrigortu ditu, Segurtasun eta Higienearen inguruko araudia bete ez izanagatik, eta ondorioz, Felipe Diezi gaixotasuna eta heriotza goiztiarra eragin izanagatik.

Epaileak ez du onetsi bi enpresa horien abokatuak epaiketan erabili zuen tesi nagusia, hots, Felipe Diez erretzailea zela eta horrek eragin ziola biriketako minbizia. Horretarako, Auzitegi Gorenak 2018ko abenduaren 21ean ezarri zuen doktrina gogoratzen du. Orduan argi jakinarazi zuenez Auzitegiak, amiantoaren mineral kantzerijenoarekin lan egitea eta hori arnastea nahikoa da gaixotasun profesionala eragiteko, eta baita ere heriotza; alde horretatik, erretzailea izatearen datua hutsala dela gaineratu zuen. Aldi berean, doktrina hartan zehazten zuen egiaztatzen bada enpresak ez zuela legedia bete eta ez zituela langileriaren osasuna bermatzeko neurriak hartu, bada, orduan, hari dagokiola, derrigorrez, erantzukizuna eta kalte ordainak ematea.

Pericas epaileak, Felipe Diez erretzailea dela aitortzen duen arren, ohartarazten du biriketako karzinoma tumore gaiztoa dela, eta amiantoaren eraginpean lan egin dutenengan garatzen dela; are gehiago, batzuetan, garapen hori ematen dela nahiz eta txikia izan substantzia kaltegarriekiko esposizioa.

 

Patxi Modinoren eskaera, atzera bota dute

Patxi Modinok jarritako demanda azaroren 3an egindako epaiketan aztertu zuen Rocardo Bandres epaileak. Hurrengo egunean jakinarazi zen sententzia, epaileak Modinoren eskaera gaitzetsi egin zuen.

Hamaika orrialde dituen idatzian, Bandresek aitortzen du Modinok biriketako karzinoma jasan zuela, baina era berean, adierazten du gaixotasun horrek eragile ugari izan ditzakeela. Epaileak aditzera ematen duenez, gaixotasun hori lantokiko jardunari leporatzekotan, lotura zuzena behar dutela eduki jarduna berak eta eragindako gaixotasunak, eta gainera, lotura hori modu jarraituan behar duela izan. Modinoren kasuan ezin omen da egiaztatu lotura hori. Aitzitik, egiaztatu ahal izan dena Modinoren habitu toxikoa izan da, “erretzailea izan zen, orain hemezortzi urte arte”, epailearen esanetan. 

Patxi Modino, Orbegozon amiantoarekin lan egun zuen langileetako bat, azaroaren 12an hil zen.

 

Epaileak, Pedro Orbegozo S.L. lantokian Modinoren lankide izandako lekuko batek epaiketan egindako deklarazioa kontuan hartzen du. Hark adierazitako bi datu, hain zuzen: lantokian denak erretzaileak zirela, eta, berak geroztik ez duela gaixotasunik jasan nahiz eta Modinorekin lantoki berean lan egin urtetan. Hortaz, epaileak ondorioztatzen du Modinori minbizia ez ziotela eragin lantokiko baldintzek, erretzaile izateak baizik.

 

Balorazio gazi gozoa

Pozik agertu da Felipe Diezen familia, Maria Luisa Pericas epailearen epaia irakurri ostean. Zera eman du aditzera, ohar baten bidez, “Poza eragiten digu demanda irabazi izanak, batik bat agerian uzten duelako arazo larri baten aurrean gaudela; pertsona askori eragin arren, ezjakintasuna da nagusi oraindik, guri orain gutxi arte gertatu zaigun bezala. Azpimarratu nahi genuke amiantoaren eraginpean lan egin duen langile ugarik jarraitzen duela ezjakintasun horretan. Horrexegatik, pertsona horiei mezua helarazi nahi genieke, garaiz detekta ditzaten gaixotasuna zein bere sorburua, eta horrekin, bere bizi kalitatea hobe dadin”.

Felipe Diez eta Patxi Modinori lotutako bi sententzien inguruko balorazioa egin du Jexux Uzkudunek, amiantoak kaltetutako Asviamie elkarteko ordezkariak. “Gure ustean kontraesankorrak dira bi epaiak. Diezen kasuan, epaileak onesten du  Auzitegi Gorenak 2018an ezarritako dotrina; justua iruditzen zaigu bide hori. Bandres bigarren epaileak, ordea, ez du kontuan hartzen aipatu doktrina, eta tabakoaren habituaren tesira makurtu da, enpresen interesekin bat eginez. Ez da lehenengo aldia hala jokatzen duela epaile horrek, epaiez epai sistematikoki hartzen ari den jarrera da hori. Alde horretatik, salagarria iruditzen zaigu. Lehendik ere errekurtsoak jarri izan ditugu goragoko instantzia judizialetan Euskadi mailan, eta irabazi izan ditugu kasuak. Oraingoan ere, halaxe jokatuko dugu”.

 

23 pertsona hilak, aurten

Asviamie elkartearen arabera, Euskal Herrian milaka dira amianto mineral kantzerigenoarekin lan egin ostean osasuna hondatuta hil diren langileak. Amiantoak langileengan daukan eragin zuzena modu jarraituan egiten ari da azken urteetan elkartea; Uzkudunek zehaztu duenez, “Euskadiko Autonomia Erkidegoan 23 pertsona hil dira aurten hil direnak. Kasu horiek zehaztu ahal izan ditugunak dira, baina ziur gaude gehiago direla. Problematika uste duguna baino askoz ere larriagoa da, eta ahal dugun neurrian erakunde publikoetan (politikan, justizian…) zein gizartean kontzientzia sortzen segiko dugu”.  

Uzkudunek, azkenik, azaroaren 12an hil den Patxi Modino goraipatu nahi izan du bereziki. “Lankide izan ginen Orbegozo enpresan, eta ondo ezagutu nuen. Maila pertsonalean, alaia eta bizi zalea zen, jendartekoa. Beti eduki zuen argi inplikatu beharra zegoela langileen eskubideen defentsan. Orbegozoko garaietan sindikalista izan zen, eta azken urte hauetan, diagnostikatu ziotenean minbizia eta jakin zuenean zerk eragin zion, prest agertu zen demandetan sartzeko, nahiz eta horrek buruhausteak eragin, oso pattal baitzegoen ordurako. Kontziente zen beharbada ez zela epaiketara ere iritsiko, baina horregatik ez zuen amore eman. Bazekien atzetik etorriko diren beste langile gaixotuen aldeko urrats txiki bat izango zela bere ahalegina”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!