Andoainen, esaterako, webgunearen aukeraz gain, Kale Nagusian dagoen ZASAn eman daiteke izena. Arratsaldeko 17:30etik 20:00tara bulegoa zabalik izango da. Eta ahobizi edo belarriprest txapak Urratsen jaso ahal izango dira, datorren azaroaren 26ra bitarte.
Aurreko ostiralean emandako datuen arabera, guztira 147.000 lagunek eman zuten izena Euskaraldian. Partaide horietatik %79k eman du ahobizi modura jarduteko izena eta %21 arituko da belarriprest rolean.
Lurraldez lurralde, izena eman duten herritarren %9 Arabakoa da, %33 Bizkaikoa, %44 Gipuzkoakoa, %12 Nafarroakoa eta %2 Ipar Euskal Herrikoa. Aurten, gainera, aipagarria da Euskal Herritik kanpo bizi diren ehunka lagunek ere eman dutela izena Euskaraldian parte hartzeko.
Partaideen ezaugarriei dagokienez, izena eman dutenen %63 emakumezkoa izan dela azpimarratu da.