Ohikoan bezala, Adarran erromesaldi modukoa biziko da urtarrilaren lehenean. Goizean goizetik eskualdeko eta Donostialdeko mendizale ugari gerturatzen da, gehien gehienak ibilgailuan. Pilaketak saihesteko, Urnietako Udalak oharra argitara eman du:
Ordutegia: 08:00ak arte Besabira kotxez igotzeko aukera dago. Xoxokan bertan itxiko dute errepidea, eta hortik aurrera soilik Besabitik jaisteko aukera baimenduko da.
Igoera: Zelai tabernatik Besabira, Andoain-Urnieta mugatik. Layle eta gasolindegiak dauden eremutik gertu abiatzen den errepidea da.
Jaitsiera: Besabitik herrigunean dagoen trenbide aldera, Igarategi eta Erratzu industriguneetara.
Aparkalekua: Errepidean, Besabira bidean ezker aldean soilik utzi daiteke ibilgailua. Ohartarazpenik ez dagoen eremuetan, beti ere. Horiz markatutako guneetan ezinezkoa izango da kotxea aparkatzea.
Neurriak betetzeko erregua egin du Udalak, “izan ere, bi alboetan aparkatuz gero, eta larrialdiren bat gertatuko balitz, larrialdi zerbitzuak bertatik pasatzeko behar duten espaziorik gabe geratu litezke”.