Azaroan hasita, Andoaingo mendigoizale taldea egoera aztertzen hasi zen. Orduko hartan iragarri zuten Mendi Astea bertan behera geratuko zela, baita Urteberriko salda emateko jarduera ere. Tradizio handiko ekimena bertan behera geratuko da, Alejandro Gonzalezek eta Ixabel Santa Cruzek bereziki sustaturikoa. 2017ko martxoan zendu zen Gonzalez, eta hala ere bere etxekoek ohiturari heldu nahi izan zioten. Euskaldunako kideekin batera, ehunka lagunen eztarria eta gorputza berotzen dituzte Adarramendin bertan.
Logistika handiko ekitaldia da, aurreko egunetan antolatzen hasten direna. Urte batzuetan gainera, haizea eta euria nagusitu dira eta salda ematea are gehiago zaildu izan da.
Koronabirusaren eraginez, aurtengoan ez da horrelakorik izango. Prebentzioa lehenetsi dute, eta gauzak ondo, 2022an berriro ekin nahiko liokete.