“Lana ematen duen mendia da Adarra"

Andoni Urbistondo 2021ko urt. 17a, 09:06
Alex Gomez Eusko Jaurlaritzako Larrialdi teknikaria da

Telebistan, irratian, egunkarietan… toki guztietan agertu dira azken egunetan mendian egindako erreskateak. Azkena Anboto mendian gertatutakoa. Puri-purian dago gaia. Beharrezkoa den zuhurtziarekin ibiltzen ote gara mendian, eguraldia ona ez denean, edo mendiak zurituta daudenean? Axolagabekeriak ordaindu egiten al dira? Egiten al dugu, bada, axolagabekeriarik?

Alex Gomez Eusko Jaurlaritzako Larrialdi teknikaria da, eta ematen dituen datuak aintzat hartuz, Euskadin mendizaleek zentzuz eta arduraz jokatzen dute. “Gertatzen diren kasuen %90a pasatxo istripuengatik gertatzen dira. Beste arrazoiengatik %10 baino gutxiago”.

Bukatu berri den 2020 urtean 500 erreskate pasa egin dituzte, 2019an baino ia 100 gehiago. Hazkuntza hori, ordea, ezin da  aztertu 2020a urte berezia izan dela aintzat hartu gabe. Alegia, etxeratze agindua bi hilabetez luzatu da, eta horrek mendira joan den jende kopurua biderkatu egin du. Eta noski, mendira jende gehiago joan bada, erreskateren bat egiteko probabilitatea ere hazi egiten da. Gehitu horri erreskate batzuk mediatikoki oso deigarriak direla, erreskateena interes handiko kontua bilakatzeko.

Gomezek istripuak koordinatzen ditu, baliabideak nola erabili erabakitzen du. “Mendi eremuetako istripuetan espezializatuena Ertzaintzaren mendi erreskate atala da, baina beste hainbat talde edo erakundek parte hartzen dute: EAEko suhiltzaileek,  boluntarioek, Gurutze Gorria eta DYAkoek… Bilaketa lanetan ere Euskal Herriko Txakur Salbamendu taldekoek laguntzen dute”. Eta zer egiten dute, bada, erreskate taldeek? “Mendizalea geratu den tokira bertara joan, egonkortu edo ebakuatu”. Arazoa kokapen zehatzik ez dagoenean gertatzen omen da, baina “sakelakoari esker arazo hori asko murriztu da, denek baitute kokapen zehatza”. Gomez  112 aplikazioaz mintzatu zaigu. “Orain gutxi jarri genuen martxan, eta aktibatuta eramanez gero, guk beti kokapen zehatza dakigu”. Ezagutzera ematen ari dira aplikazio hori, oraindik, “eta pixkanaka zabaltzen joatea espero dugu”.

Teknikariak garbi uzten du erreskate guztiak egin, egiten direla: “Beti laguntza ematera joango gara, laguntza eskatu duena artatu, eta bertatik ateratzen saiatu. Horretarako gaude”. Beste eztabaida bat omen, erreskateak kobratu behar ote den. “Gu ez gara dirua biltzea bilatzen duen erakunde bat”. Pasa den urtean 8.000 euro baino ez zituzten bildu, eta horrek esan nahi du oso gutxitan zigortu zela mendizalea, axolagabekeriagatik: “Disuasio-neurri gisa erabiltzen dugu kobratzeko ohartarazpen hori, jendeak arduraz joka dezan, ez dirua biltzeko asmoz”.

“Lana ematen duen mendia da Adarra"

Urteko lehen egunean Urnietan hizpide izan zen bazkalostean egindako erreskatea. Ertzaintzaren helikopteroak futbol zelaian lur hartu zuen, eta horrek hango eta hemengo txutxumutxu festa piztu zuen herrian. Adarra inguruetan erreskatatu zuten emakumea ebakuatu zuten. Egun horretan Adarramendin 6-8 zentimetro elur zeuden, zeropeko tenperatura, baina eguraldi aldrebes-aldrebesik ez. “Adarra nahiko lan ematen duen mendia da, Gorbeia, Aralar eta Aizkorrirekin alderatuta apalagoa bada ere garaieraz. Jende piloa joaten da, eta istripuak egotea normala da, neurri batean”, esan digu Gomezek.

Teknikariak esan bezala, larrialdi deia bete zuten, eta gero gerokoak, ikusiko da erreskatatu zuten pertsona horrek ordainsariren bat egin beharko duen edo ez. Eta bukatzeko, mendizaleak arduraz jokatzeko zer egin behar duen galdetu diogu teknikariari: “Arropa egokia eramatea mendira, sakelako bateria beteta eramatea, eta norberaren ezagutza aintzat hartzea mendira joan aurretik, ezusteak saihesteko”. Egin kasu, beraz. Denontzat hobe!

Isunak lau kasutan banatuta:

1. Arriskuko kirol bat egitea mendi eremuan (motokrosa, eskia, eskalada, kirol teknikoagoak). Mendian ibiltzea ez da, noski, arriskuko jarduntzat hartzen.

2. Seinaleztatuta edo debekatuta dauden arrisku eremuetan sartzea: elur jausi edo bestelako arriskuak.

3. Meteorologia txarra dagoenean, aktibitatea alerta laranja edo alarma gorriko kasuetan egiten denean eska daiteke ordainsaria. Mendi federakuntzaren asegurua edukiz gero, jakina, aseguru horrek hartuko luke erantzukizuna, lasaitasun handia mendizalearentzat.

4. Abisu faltsua ematea, beharrik gabe. Azken hau ez omen da batere ohikoa larrialdi teknikariak dioenez.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!