Erosketak egitea, ileapaindegira joatea, arropa erostea... itxiera perimetralarekin egoera asko zaildu zaio Aduna, Larraul eta beste hainbat udalerri txikietan bizi den biztanleari. Zer egin hurrengo egunetan? Araudiak zorrotza dirudi, baina oinarrizko erosketak egiteko eskubidea bermatu behar da. Udalerri txikietatik ondokora doan herritarrak parean topa dezakeen ertzainaren edota udaltzainaren esanetara egon beharko du, gaur gaurkoz.
Josu Amilibia Adunako alkateak 012 telefono zenbakira deitzeko aholkua luzatu du. Villabonatik gertu, Adunako lurretan badago supermerkatua. Baina bertan egon ez daitezkeen produktu eta zerbitzuen premian egon daitezke adunarrak. Zer egin horrelakoetan? Hauxe alkatearen hausnarketa: “Jendeak zalantza asko eduki ditzake, neronek herritarrei gomendatuko erosketak ahalik eta gertuen egitea, eta Adunan bada askoz hobeto. Bankura edota osasun-etxera, Villabonara edota Andoainera joan daitezke”.
Itxiera perimetralak iraun bitartean premia asko sortuko zaizkio Aduna, Larraul eta beste hainbat udalerri txikietan bizi denari. Premia asko, eta beste hainbeste zalantza eta galdera. Eusko Jaurlaritzak "Ohiko galderen erantzunak, Koronabirusari aurre egiteko neurri zehatzak" izeneko gida argitara eman du, eta bertan hauxe adierazten da: "Udalerritik irten ahal izango da bizi den udalerrian ez dauden erosketak egiteko edo zerbitzuak eskuratzeko".