Covid19 | Datuak egunez egun

Eremu gorritik kanpo jarraitzeko aukerak daude bi udalerrietan

Jon Ander Ubeda 2021ko ots. 11a, 07:49

Andoain eta Urnieta eremu gorritik kanpo egon daitezke astearen amaieran, azken egunetako joerak nabarmen okertzen ez badira. Andoainen argiagoa da joera ona; Urnietan, aldiz, zuhurtzia gehiagorekin jokatu behar da.

COVID-19aren azken joerekin, intzidentzia tasa metatuaren eboluzioa jarraitzea interes handiko jarduera bilakatu da. Joera horren jarraipena egiten duen horietakoa Urko Vallejo da, zeinak Excelleko taula baten bitartez hurrengo egunetako joera aurreikusten ahalegintzen den. Datozen egunetarako, datuak eskuan, hauxe bere hausnarketa: “Ia ziurtzat jo daiteke Andoain zonalde gorritik kanpo izango dela, egun hauetan. Urnietaren kasuan, azkeneko egunetako joera ikusita, nahiko posible dirudi aste honetan zehar zonalde gorritik ateratzea, baina ezin da ziurtzat hartu. Urnietari gerta dakioke ere asteazkenean zonalde gorritik ateratzea, eta ostegunean berriro zonalde gorrira sartzea. Urnietaren kasuan, kontutan hartu behar da, biztanle gutxiago dituela, eta nahikoa da COVID19-a etxe batean sartu, eta bertan gerta daitezkeen 3-4 kutsaturekin udalerri osoa zonalde gorrira eramatea. Andoainen, hori zailagoa da”.

Andoain

Urko Vallejoren ustez, egoera nabarmen bideratuta dago: "Otsailaren 10ean eta 11n, 28 kutsatu edo gehiago izan beharko genituzke zonalde gorrira itzultzeko. Eta aurrekariek diote hori oso gutxitan gertatu dela. 2020ko urriaren 27an eta 28an 29 kutsaturen berri eman zuten, eta azaroaren 3an eta 4an 32. Garai hartan intzidentzia tasa metatua oso altua zen, eta joera kaxkarra. Gaur egun ditugun datuekin eta azken aldiko joera kontutan hartuta, ia ziurtzat jo daiteke ez garela zonalde gorrian sartuko ondorengo laupabost egunetan".

Urnieta

Urnietaren kasuan, zuhurtzia gehiago behar da: "Otsailaren 10ean eta 11n argitaratuko diren datuekin, 3 kutsatu edo gutxiago izan beharko genituzke zonalde gorritik ateratzeko. Azken sei egunetan behin bakarrik gertatu da bi egunetako baturak 3 kutsatu baino gehiago ematea. Hortaz, nahiko posible dirudi hurrengo egunetan zonalde gorritik kanpo egotea, baina ezin da, inolaz ere, ziurtzat hartu".

Euskadiko aldagai nagusiak

Intzidentzia tasa metatua

Grafikoa oso argia da, gorunzko joera geraraztea lortu da baina oraindik egun gehiago behar dira egoera onbideratzeko.

Birsorkuntza tasa

Seinale onena tasa hori 1aren azpitik egotea. Eta geroz eta baxuago egon, orduan eta hobe. Urtarrilean 1aren goitik nabarmen zegoen eta otsailean zehar jaisten ari da hori, Seinale ona da.

Ospitaleratzeak

Egoera epidemiologiko zailaren ondorioak beranduago nozitzen dira ospitaleetan. Eta horixe gertatzen ari da une honetan, Euskadi osoan. Ospitaleetan lagun asko dago, eta oraindik ere kezkaz jarraitu behar dugu UCI-ZIUtako okupazioa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!