1931ko Ategorrietako sarraskia gogoan hartuz, biktimentzako justizia eskatu zuten

Xabier Lasa 2021ko eka. 2a, 16:28

 Orain 90 urte, Donostiako Ategorrietako auzoan, guardia zibilak manifestazio batean parte hartzen ari ziren Trintxerpeko zazpi langile hil zituen. Egun Donostiako memorian ezkutatuta segitzen duen sarraski hura gogoan hartzeko eta justizia eskatzeko, hainbat ekitaldi antolatu zituzten joan den larunbatean: Josetxo Otegi historialariaren hitzaldia, biktimen aldeko lore eskaintza, Andoaingo Fanfarre Errepublikanoarekin kalejira, musika kontzertuak… Larunbateko argazkiak eta bideoak, klik batera:

Andoaingo zenbait kantarik eta musikarik osatzen duten Fanfarre Errepublikanoak Donostiako ekitaldiari bere ekarpena egiteko gonbitea jaso zuen, eta berriro martxan jartzera animatu zen era horretan, osasun egoera dela-eta urte eta erdiz geldirik egon ostean. Fanfarreak larunbatean antolatu zen kalejira gidatu zuen, eta kantutegi antifaxista zabaldu zuen Donostiako kaleetan barrena. Besteak beste, honako kantuak jo eta abestu zituen: Si me quieres escribir, A las barricadas, El paso del Ebro, Ekaitza, Grandola Vila Morena, Arroja la bomba, Internazionala

 

Langileen aurkako sarraskia, ahaztuta

Hainbat astetan luzatzen ari zen grebak oihartzun handiagoa izan zezan, 1931ko maiatzaren 27an, portuko langileek manifestazioa antolatu zuten, Trintxerpetik abiatu eta Donostiara heltzeko asmoz. Horrela, 2.000 lagunez osatutako manifestazioak Donostiarako bidea hartu zuen. Haur, gazte eta helduek osatze zuten kale protesta, eta Ogia gure Seme-alabentzat leloa zeraman; portuko langileentzat lan baldintza duinak eskatzeaz gain askatasuna eskatzen zuten aurreko egunetan atxilotako lankideentzat Ategorrietako erlojuaren parera iritsi zirenean, guardia zibilek tiroka eraso zieten. Zazpi lagun hi zituzten bertan: Jose Carnes, Manuel Perez, Jose Novo Martínez, Antonio Barro, Julien Zurro Perez, Jesus Camprosola eta Manuel Lopez Diaz. Aldi berean, guardia zibilek makina pertsona zauritu zituzten egun hartan.

Gertakizun haiek aski ikertuta dauzkan Josetxo Otegik “Ategorrietako sarraskia” hitzaldia eskaini zuen Intxaurrondoko Letaman gaztetxean, larunbatean goiz partean. Gertakarien inguruko kronika orduan proklamatu berria zen II. Errepublikaren testuinguru historikoan kokatu zuen, eta horretarako, garai hartako prentsa zein agintari eta sindikatuen adierazpen eta idatziak azaldu zituen hitzaldian zehar.

Bere ustetan, Donostiako memoria historiakoak ez du jaso gertakizun odoltsu hura, “nahiz biktimen kopuruari erreparatuz gero, Euskal Herrian XX. mendean, langileen aurkako sarraskirik handiena izan”.

“Memoria deserosoa” eragiten duen gertakizun dramatikotzat jo zuen Ategorrietakoa, eta zenbait arrazoi garatu zituen Ategorrietako gertaeren inguruan dagoen ezjakintasuna ulertarazten lagun diezaguketenak: 1935eko altxamendu militarrak ekarri zuen genozidioak Errepublikan gertatu ziren beste atal errepresiboak eklipsatu egin zituen; irudiak egundoko indarra daukan gizartean bizi gara, eta 1931ko gertakari haren inguruko argazkiak, biktimen arpegiak… falta zaizkigu; orduko prentsa (idatzia, gehienbat) burgesiaren esku zegoen eta honek ez zeukan langileen lan eskakizunak plazaratzeko interesik; estatuko indar armatuen (ejertzitoa, Guardia Zibila, Asaltoko Guardiak…) inpunitatea langile eta nekazarien protestei tiroz eta bortxaz erantzuteko orduan; gertakariek, ezkerreko indarren zatiketa islatzen dute (CNT alde zegoen; STV eta UGT, ordea, kontra, uste zutelako mobilizazioak lan baldintzen aldekoak baino gehiago Errepublikaren aurkakoak zirela)…

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!