Aitortza zintzoa ahanzturari

Alba Cabrera 2021ko eka. 16a, 09:56

Pello Lizarraldek eskuratu du 2020. urteko Akademiako Saria. Argazkian, Ane Jalon lehendakariarekin eta Jon Unanue zuzendariarekin batera.

Literaturari ez ezik, literaturzaleei begira ere lan egiten duen erakundea da 111 Akademia. Orain mende laurden ekin zion Manuel Larramendi Bazkunak literatur aipamena egiteari. Iragan urteko gorabeherak gorabehera, Pello Lizarraldek jaso du saria, Argiantza eleberriarekin.

Egun sargorien ondorengo aje freskoak besarkatu zuen HIKA txakolindegia joan den ostegun iluntzean. Hala ere, berehala epeldu zituen ikus-entzuleak Don Inorrez musika-taldearen melodiak. Erniora begira hazi diren mahastiak igarota bildu ziren makina bat kide, 2020. urteko 111 Akademia sariketaren lekuko bihurtzeko asmoz.

Pandemiak sortutako larrialdi-egoerak mundua anabasa bilakatu badu ere, ez da oztopo izan erakundearen jarduna eteteko: orain mende laurden, hain justu, Manuel Larramendi Kultur Bazkunak abian jarri zuen Beterriko Liburua literatur aipamena (beranduago 111 Akademiaren Saria bihurtua), euskal literaturazaleei garrantzia emateko xedez. Joxean Agirrek irabazi zuen lehen edizioa, Elgeta eleberriarekin; harrezkero, euskal literaturgintzan arrastoa utzi duten obren hamaika idazlek eskuratu dute saria. Hala, Karmele Jaiok (2019 urteko sariduna) eman dio berriki Pello Lizarralderi lekukoa, izan ere, akademiakideek idazle zumarragarraren Argiantza obra izendatu dute irabazle.

Hori horrela, aitaren etxetik iragan mendeko 80. hamarkadara egin dute jauzi euskal literturazaleek, Euskal Herriko hainbat txokotan dauden (edo, hobe esanda, zeuden) zinema-aretoetara. “Atarira irten orduko akomodadoreari zipriztin gaziz bete zitzaion aurpegia”, dio eleberriaren lehen esaldiak. Eta horixe da Lizarralderentzat guztiaren abiapuntu, zeren ez baitio idazketari ekiten obraren lehen lerroa bururatu ezean. 

Bere liburu guztiek irudi bat dutela oinarri aitortu izan du zenbait elkarrizketatan Lizarraldek. Gainbeheran den aro baten erretratua egiten du idazleak, Ramon Beitia pertsonaiaren azaletik hasita, zinema-aretoen erraietaraino. Atzera begirako ariketan ipintzen du irakurlea, protagonistaren bizipen sakonenen berri izateko:  hainbat zinema-aretoren gerente, arduradun da Ramon, alargundu berri eta erretiroa aspalditik ate joka. Paradigma-aldaketa bizi du hamarkadak eta handi gelditzen zaio metamorfosia azal zaharra atzean utzi nahi ez duen gizon adinduari, mundu zahar batetik dator-eta. 

Urteen zama soinean daraman arren, argi du protagonistak oraindik baduela zereginik. Horrela, bidaia batean murgiltzen da, ibilbide pertsonalean bezain kolektiboan. Bi ildok bereizten dute kontaketa: batetik, pertsonaiak berak bizitako gorabeherek; bestetik, testuinguru sozialak politikoak zein ekonomikoak. 

Amore ez ematearekin tematuta bizi da protagonista, jakin gabe adio kutsua duela egiten ari den bidaiak. Adio; ez soilik zinema-aretoen atariko neoizko argi erkinei, adio ere obraren autoreak kapitalismo zaharra deritzonari, pribilegioak pribilegio –eta enpresaren errentagarritasunari begira bada ere–, bere langileen ongizatea bilatzen zuen buruari. Horren aurrean, duintasunezko agur baten aldarrikapena egiten du Ramonek: “Bukatu behar al dut? Bada, buka dezadan duin, eta egin dezadan egin beharrekoa, eta garbi gainera”.

 

 

Idatzitakoak ozen

Sari-banaketaren ekitaldian, Manuel Larramendi Kultur Bazkunako kideek ozen irakurri zituzten liburuaren zenbait pasarte, Garazi Kamiok eta Jon Unanuek.  Lizarraldek idatzitako dotorezia berarekin irakurri zituzten, Don Inorrezen musika lagun. Behera begira eta erne entzun zituen Lizarraldek bi kideen irakurketak, esaldi horien idazketan hizkien artean nola korapilatu zen gogoan. Jarraian, saria jaso zuen eta baita mikrofono aurrera hurreratu ere.

Ilunbistan nabarmentzen den argia da Argiantza eta, bere adierazpenean, eskerrak ematearekin batera, poz berezia sentitu zuen Lizarraldek, irakurle-sorta zabala dago-eta izendapen horren atzean; izan ere, bere esanetan, “literaturaz ari garenean aipatu behar da irakurlea ezinbestean”. Hala, horietako bakoitzarekin biltzeko eta solasteko desira adierazi zuen idazleak: “Nik ez dakit benetan zer idatzi dudan, harik eta literaturazale batek irakurri arte”. Hori ezinezkoa dela jakin arren, bere liburua irentsi duten hainbat zaleren iritziak entzuteko aukera izan zuen idazleak ekitaldian. 

Idazlea, irakurleen hitzetan

Zapore melankoliatsuz bezain ezagunaz irakurri du akademiakide batek Lizarraldek munduratutako azken obra. “Ikusten da mantso idatzia den testua dela, ondo pentsatua, deskribapenak bereziki landuak, oso gustura irakurtzen direnak”, azaldu du, eta biziki nabarmendu du eleberriaren “izaera poliedrikoa”, hots, abagune ederra gertatu zaio nobela irakurleari, egoera bera askotariko narratzaile-ikusleetatik erreparatzeko. Alabaina, funtsean, bada, irakurlearen berbetan, gailentzen den begira da bat, galtzailearena “protagonistak ezagutzen duen mundua akaberan, ezerezean amiltzen”, sumatu du literaturazaleak lerroartean. 

Literatura-ale bikaina denaren iritzi da beste akademiakide bat: “Obraren laburpena irakurri ondoren, ez dirudi liburuak inora eramango zaituenik”. Dena dela, geldi egoteko betarik ez du irakurleak kontaketak aurrera egin ahala. Herritarraren esanetan, poetika bikaina ontzen du Lizarraldek bere idazkeran, deskribapen aberatsez josita, “gozatzeraino harrapatzen du, eta bertan egoteraino lekualdatzen du irakurlea”. 

Aho batez, bat dator harekin ere hirugarren literaturazalea, eta interesa mantentzeko Lizarraldek duen erraztasuna azpimarratu du azken horrek,  istorioaren “argumentu sinple bat” prosa poetiko bihurtzeraino: “Oso laburra da liburua, baina ezin da azkar irakurri, istorioaren erritmo berean irakurri behar da, guztiz gozatzeko”. 

Horiez gain, orain gutxi Berria egunkarian argitaratutako Andu Lertxundiren artikulua ekarri zuten gogora ekitaldian. Lizarraldek euskarara itzulitako Elio Vittoriniren Solasaldia Sizilian eleberriaz dihardu iritzi-zutabegileak, baina zumarragarrak aurretik ereindako uztarekin ahantzi gabe. Irakurle adina erretratu fisiko zein psikologiko dituzte, Lertxundiren aburuz, Lizarralderen pertsonaiek: “Giro, garai, atmosfera oso pertsonal bateko tonu delikatua, airean balebil bezala testuari arnasa ematen...".

Hitzordua borobiltzeko, hasiera iragarri legez eman zion amaiera ekitaldiari Don Inorrez taldeak. Lagun du laukotea Lizarraldek, eta hamaika abestiren letren abiapuntu da idazlea. Horietako hainbatekin agurtu zuen taldeak ostegun arratsaldea: “Dardara hura” edo “Errautsen argia” kantekin, besteak beste. 

Ramon Beitiak sekula dastatu ezin izan zuen  gorazarrea egin zitzaion mundu zaharrari joan den astean HIKA txakolindegian. Une laburrez izan bazen ere,  inoiz baino biziago argiztatzen zuten Atlantic Zinemako neoizko argi dekadenteek, Lizarralderen gorputzaren alde bat urdintzeraino. Harrezkero, jada ez du ñir-ñir egiten c  hizkiak. Aitzitik, inoiz baino indar handiagoz egin zuen errotuluak dizdira ostegunean, eta txakolindegiko berdeguneak nahiz lauzak tindatu zituen, baita Lizarralde omentzera bertaratutako literaturazaleak ere. Aitortza zintoa ahanzturari, hil-kanpaiak joka dituen garai baten argiantza baita eleberria. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!