TicketBAI, zalantzak argitzeko arreta zerbitzua

Aiurri 2021ko urr. 14a, 12:01

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza saila sistema berriari buruzko arreta presentziala eskaintzen hasi da. Besteak beste, Donostian Errotaburuko eta Okendoko bulegoetan eta Tolosako bulegoan.

"Zerbitzu berri honen helburua informazioa zuzenean ematea da, eta zergadunak izan dezakeen edozein zalantza edo kezka argitzeko", adierazi du Foru Aldundiko arduradun Jokin Peronak. "TicketBAI esku artean dugun erronka garrantzitsuenetako bat da, eta Ogasunetik laguntzeko gaude, lagundu egin nahi dugu". Halaber, TicketBAIko borondatezko epean sartzeko deia egin die zergadunei. "Sistemak nola funtzionatzen duen jakiteko eta harekin ohitzeko modurik eraginkorrena da, probak egiteko eta beldurrik gabe praktikatzeko". TicketBAIko inbertsioak finantzatzeko laguntzak eskainiko ditu Aldundiak: egindako inbertsioaren %60ko kenkari fiskal moduan, eta 1.000 euroko laguntza zuzena merkatari eta ostalarientzat.

Hitzordua profesionalentzat

Zerbitzua erabiltzeko, ezinbestekoa da aurrez hitzordua hartzea. Horretarako, 943 113 000 telefonora deitu behar da, edota Foru Ogasunaren webgunearen bidez bestela. Hitzorduak astelehenetik ostiralera hartu daitezke, 08:00etatik 14:30era, eta zalantzak argitzeko 30 minutuko tartea izango du. 15 teknikari kontratatu dira arreta zerbitzua eskaintzeko, eta arreta zerbitzua Errotaburu eta Okendo (Donostia) edota Tolosako bulegoetan eskainiko dute.

Zerga-betebehar berria

Jarduera ekonomikoak egiten dituzten zergadun guztiei eragiten die, 55.000 inguru Gipuzkoan. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean garatutako proiektua da . Gipuzkoan proiektua borondatezko epean dago, eta 2022an zehar derrigorrezkoa izango da: urtarrilaren 1ean, zerga-kudeaketako profesionalentzat; martxoaren 1ean, jarduera profesionaletan aritzen direnentzat; maiatzaren 1ean, merkataritza eta ostalaritza; urriaren 1ean, eraikuntza, higiezinen sustapena, garraioa eta aisialdiko edota kulturako zerbitzuak; eta abenduaren 1ean, fabrikazioa, handizkako merkataritza, telekomunikazioak, finantzak, artistak eta gainerakoak.

Erlazionatuak

TicketBAI, bai ala bai

Jon Ander Ubeda 2021 mai 27 Andoain

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!