Ongi Etorri Eskolara

“Bigăr ur-jauzia, bi gara, bagara”

Alba Cabrera Jauregi 2021ko eka. 18a, 09:39

Hitzak eta koloreak uztartzeaz gain, kulturak nahastea du helburu Ongi Etorri Eskolarako “Lamiak eta lloronak” erakusketak. Maria Panicik eta Wentxi artistak hartu dute parte egitasmoan

Kondaira baten eskutik, sorterrira, Errumaniara eraman zuen Maria Panicik Iñaki Gozalo (Wentxi) margolaria. Inork gutxik ezagutzen duen elezaharra da, baina oso bere sentitzen du Panicik Bigăr ur-jauziaren istorioa. Beraz, kolore biziz gorpuztu ditu Gonzalok kontalariaren hitzak.

Paisaiari dagokionez, Euskal Herriak Errumaniarekin antzekotasunak izan arren, hemen inguruan ez da Bigăr bezalako ur-jauzi berezirik.

Maria Panici: Beharbada, egongo da, baina ez da ezaguna izango. Nire ustez, kondairak berak bihurtzen du berezi Bigăr ur-jauzia. Jende asko erakartzen duen istorioa da, maitasunaz mintzo delako, eta mundu guztiak nahi duelako maitasun-istorio ederra bizi. Bertako uraren jauzia zoragarria da, oso ur gardena da, eta goroldioz betea dago: energia berezia trasmititzen du lekuak, babesgune sentitzeraino.

Ezagutzen al zenituen tokia zein kondaira, Wentxi?

Iñaki Gozalo: Ez. Itxialdian ginen eta bi audio bidali zizkidan Mariak. Laburragoa zen lehena eta bigarren baten beharra sentitu nuen istorioa hobeto ulertzeko. Azkenean, ordea, Mariaren lehen kontaketa izan nuen ardatz obra sortzeko. Beraz, saiatu nintzen bere hitzetan oinarritzen, eta horrek transmititzen zidanetik lan egiten: horregatik ez du urjauziarekin antzekotasun handirik; erralitatean oso leku umela da, goroldioz beteta. Nire marrazkian, ostera, agerian dago harria. Bi arroka ikusten dira parez pare eta erreka txiki bana erortzen da horietatik, negarrez egongo balira lez. Haitzek bi mundu bereizten dituzte, gainera, erreala eta sinbolikoa, eta negar-anpuluak dira batetik bestera igarotzeko bide. Niretzat bereziena zen urjauziaren benetako irudirik ikusi gabe irudikatzea kondaira. Gainera, kontaketaren zenbait elementu ezagunak egin zaizkit, kondairek eta ipuinek, edozein dela jatorria ere, badizute beti hainbat elementu komunean.

Zer eman dizue proiektuan parte hartzeak?

I.G.: Ez nuen lehenagotik ezagutzen proiektua. Pena handia ematen dit, izan ere, koronabirusak eragindako egoera medio, ezin izan gara batu. Xarma handia galdu du ez elkar ikusteak. Baliagarria izan da Mariaren kultura ezagutzeko, nahiz eta oraidik ere ezer gutxi dakidan Errumaniaz. Nolanahi ere, beharbada, ate bat ireki zait; izan ere, Errumanian bertan ere inork gutxik ezagutzen duen kondaira baten berri izan dut.

M.P.: Proiektu berria da Andoainen. Marrazkilaria parez pare duzunean bestelakoa da kontua, berari zuzenean kontatzen diozulako zure kondaira: konplizitate handiagoa sortzeko aukera dago, elkar ezagutzeko aukera handiagoa. Hori ez ezik, artistak ere zure aurpegiko jarrerak antzemateko tartea du, ez baita gauza bera aurrez aurre hitz egitea edo mugikorraren beste aldetik kontatzea istorioa. Parez pare binkulo bat sortzen da.

Gainera, Maria, ez da herrian parte hartzen duzun proiektu bakarra.

M.P.: Askotariko proiektutan murgilduta ibili naiz, eta horietako bakoitzean herrian apur bat gehiago bertakotzen naizela iruditzen zait; geroz eta maitasun handiagoa diot Andoaini, nire etxe sentitzen dut. Horrela jarrai dezagun, beraz.

 

Bigăr ur-jauziaren kondaira

Munduan bakarra da ur-jauzia, eta parajeak gordetzen duen edertasun horren atzean kondaira triste bat dago. Nekazari bikote baten nahirik handiena oinordekoa izatea zen. Hala, emakumeari ametsetan sorgin batek aitortu zion beren desioa egi bihurtuko zela Minis ibaitik ura edanez gero. Alabaina, baldintza bat bete behar zuten, nahitaez: haurrak ezin izango zuen sekula maitemindu, hil egingo baitzen bestela.

Handik gutxira, bikoteak neskatxa bat izan zuen, eta, gazte zelarik, Bigăr izeneko mutiko bat harekin maitemindu zen. Sorginarekin oroituta, gurasoek erreka ondoko koban giltzapetu zuten alaba, bera ere mutil gaztearekin maitemindu ez zedin. Sorginak neskatoaren negar etsiak entzun zituenean, bere ilea eta malkoak ur-jauzi bihurtuko zituela esan zion, uraren zaratak Bigăr maitemina erakarriko zuelakoan: “Alabaina, inoiz ez zarete mundu honetan batera egongo”, aitortu zion sorginak, “zure malkoetan itota hil behar du mutikoak". Horrela, berarekin batera hilko zara eta biok beste mundu batean berpiztuko zarete, zuen maitasun-istorioa askatasunez bizitzeko”.

Sorginak iragarri bezala gertatu zen guztia, eta Bigăr ur-jauzia maitasunaren lekuko bihurtu zen. Orain mende batzuk gertatutako istorioa bada ere, belaunaldiz belaunaldi transmititutako kontaketa da ur-jauziaren kondaira. Egun, jende asko gerturatzen da bertara, ur-jauziko ura edanez gero, maitasuna aurkituko dutelakoan

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!