"Haurren aurrean helduok heldu" egitasmoa aurkeztu du Euskaltzaleen Topaguneak

Aiurri 2021ko aza. 9a, 12:05

“Haurren aurrean helduok heldu” ekimena jarri du martxan Euskaltzaleen Topaguneak, Euskarak 365 egun lan ildoaren barnean. Herritarren arteko mintzapraktika izango da, eta hizkuntza-ohituretan eragitea du xede azaroaren 22an hasi eta abenduaren 5ean amaituko den egitasmoak. Aiztondoko zenbait herrik parte hartuko dute, eskualde mailan. 

Haurrak erdigunean kokatu nahi ditu proiektuak; ez dira, ordea, protagonista izango. Izan ere, umeak gertu dituzten helduak (guraso, hezitzaile, lagun heldu, zaintzaile eta abar) dira erronka honetan parte-hartzaile nagusi, beren hizkuntza-praktikak aldatzeko, batetik, eta bestetik, euskararen erabilera sustatzeko. Euskal Herri osoko 80 herrik baino gehiagok antolatuko dute ariketa praktikoa beren eremuetan: herriko plazetan, parkeetan, eskola irteeretan, etxeetan eta helduak haurrekin biltzen diren inguruetan.

Nola parte hartu?

Helduei ariketa egiteko honako urratsak egitea proposatzen dute antolatzaileek.

  1. Pentsatu norekin alda ditzakezun hizkuntza ohiturak parkean, eskola inguruan edo umeekin egiten dituzun bestelako ekintzetan / eremuetan.
  2. Kide horiei elkarrekin ariketa egitea proposatu.
  3. Informatu zure ingurua ariketa egitera zoazela umeekin partekatzen dituzun espazioetan zaudenean.
  4. Ariketa soziala egin.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!