Covid19 | Datuak egunez egun

Intzidentzia-tasa nabarmen jaisteko zenbat denbora behar da?

Aiurri 2021ko abe. 5a, 07:00

©UrkoVallejo

Barrualdean bilkura sozial gehien egiten den urteko garaia da abendukoa. Eusko Jaurlaritzatik ematen dituzten datuak geroz eta okerragoak dira. Positiboak, ospitaleratzeak, heriotzak... Eguberrietara intzidentzia-tasa handiarekin iritsiko gara.

Zenbat denbora behar da intzidentzia nabarmen jaisteko?

Erantzuna asmatzea ez da ariketa erraza izango, garaian garaiko aldagaiak kontutan hartu behar direlako. Eguberrietara, ordea, intzidentzia-tasa handiarekin iritsiko gara. Jaurlaritzatik ematen dituzten datuak geroz eta okerragoak direlako. Positiboak, ospitaleratzeak, heriotzak... azaroa beltza izan da.

Datuen analisi zehatza egiten duen Urko Vallejo andoaindarraren ustez, "gutxienez bi aste beharko dira intzidentzia-tasan eragiteko. Eta hala gertatuko balitz ere, aurreko olatuetan hilabete baino gehiago behar izan dugu beherakada nabarmena izateko". 

"Aurreko olatuetan hilabete baino gehiago behar izan dugu beherakada nabarmena izateko"
Urko Vallejo, C-19 Analisia

Aurrekariak

C-19 Analisia Urko Vallejoren internet gunera jo dugu aurrekariek erakutsi digutena analizatzera. 2021eko apirilaren hasieran, olatu berria gerarazteko neurriak hartu zituzten. Egoera epidemiologikoa hobetzeko 19 egun behar izan ziren. Martxoaren amaieran abiatu zen laugarren olatu hura apirilaren 25ean apaltzen hasi zen.

Uztailean olatu berria iritsi zen, ikasturte amaierari nabarmen lotu zena. Uztailaren 15ean oldarraldi berriari aurre egiteko gaueko bilkurak debekatu zituzten, eta intzidentzia-tasa uztailaren 27an hasi zen jaisten.

Azken bi olatuetan 19 eta 12 egun behar izan dira, hurrenez hurren, egoera onbideratzeko.

Azaroaren 1etik 7rako kasu positiboak 1.424 izan ziren, eta 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua 109,24koa zen. Azaroaren 22tik 28rako astean positiboak 6.335eraino igo ziren, eta intzidentzia-tasa laukoiztu egin zen: 471,56.

Azaroaren 30an Sagardui Sailburuak 509ko intzidentzia-tasaren berri eman zuen. Eta abenduaren 1ekoa 577koa zen Euskadin. Gipuzkoan, ordea, 966koa.

Abenduaren 6an ateratzekoak dira azaroak 29-Abenduak 5 bitarteko datuak, eta intzidentzia-tasa nekez jaitsiko da.

Abenduan sartu gara, barrualdean bilkura sozial gehien egiten den urteko garaia. Urtarrileraino luza daiteke egoera epidemiologiko estua.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!