Herritarren elkartasuna Lizarribarri eta Gelbentzuri

Aiurri 2021ko abe. 28a, 12:05

Urnietako elkarretaratzea, atzo.

Elkarretaratzea deitu zuen atzo Sarek Andoainen eta Urnietan arratsaldeko 19:00tan, Jon Lizarribar urnietarrari eta Ruben Gelbentzu andoaindarrari elkartasuna adierazteko asmoz. Izan ere, berriro ere ireki da beren kontrako auzia, aspalditik itxita egon arren. 

Bi herrikideek Auzitegi Nazionalaren aurrean deklaratu zuten atzo, telematikoki. Urnietarrak Donostian egin zuen, eta, aldiz, andoaindarrak Iruñera joan behar izan zuen. Adierazi dutenez, fiskalaren galdeketei erantzun zieten, epaileak ez baitzuen kasik hitz egin. Motz jo zuen eta etxean dira, prozesuak, hurrengo hilabeteetan, zein bide hartuko duen zain. 

Prozesuaren nondik norakoak

2003. urtean Espainiako Polizia Nazionalak operazio bat ipini zuen martxan. Hori horrela, hamabi pertsona atxilotu zituen Euskal Herrian, ETAko kide izatea egotzita. Tartean ziren Lizarribar eta Genbeltzu. Zenbait hilabeteren ostean, ordea, epaileak prozesutik at utzi zituen biak ala biak, froga eza dela eta. 

2013. urteko ekainean, bi kideak atxilotu zituen Guardia Zibilak. Espetxera bidali zituen epaileak, haren esanetan, hamar urte lehenago ETAko komando bat osatzeagatik. Tratu txarrak eta torturak jasan zituztela salatu zuten bi herritarrek, eta urtebete egon ziren preso gartzelan. Auzia sekula epaiketara ailegatu gabe, aske utzi zituzten, akusazioak faltsuak zirela egiaztatuta.  

Hori horrela, 2020. urtea amaitzear zela, Espainiako Auzitegi Nazionalera deituak izan ziren eskualdeko bi kideak, beste bi euskal herritarrekin batera. Epailearen aurretik igaro behar izan ziren berriro ere, 2003. urteko akusazio bera medio. Alabaina, bestelako ekintzak ere leporatzen ziztzaizkien. Bi kideek gezurtatu egin zituzten horiek guztiak epaitegian. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!