Infantil eta kadete mailaraino zabalduko da Eskola-Kirolari dagokion etenaldia

Eskola-Kirola jarduerako partidak eten egingo zirela jakina zen, baina arratsaldean ezagutzera eman da Foru Aldundiak harago eramango duela kirol lehiaren etenaldia. Eta erabakiak infantil eta kadete mailaraino eragina izango duela. Eusko Jaurlaritzak eskatuta, urtarrilaren 28ra arte etengo da adin txikikoen kirol jarduera, Gipuzkoako Foru Aldundia ados ez badago ere.

Koronabirusaren oldarraldi berriak eraginda, aurreko astean Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Foru Aldundiari eskaera zehatza egin zion: eskola-kiroleko lehiaketak aldi baterako bertan behera uztea. Gaur Aldundiak federazio ezberdinetara oharra bidali die, eta kirol lehiaketen etenaldia txikienen jardueraz harago doala ikusi da. Horrek berehalako erreakzioa sortu du kirol taldeen artean.

Pilota: Adunako partidak bertan behera geratu dira

Aduna eta Hernani arteko gaztetxoen partidak iragarrita zeuden gaur arratsalderako. Bada, bertan behera geratu dira. Beste batean jokatuko dira partida horiek. Tartean ziren kadete mailako neska-mutilak.

Eskubaloia: infantil eta kadete mailako etenaldia

Andoainen eta Urnietan eskubaloiak indar handia du eta hainbat talde lehian aritzen dira. Leizaran eskubaloi taldeak tokiko hedabideetara arratsaldean zabaldu duen mezuaren arabera, “Diputazioak kadete eta infantil mailako lehiaketak bertan behera utzi ditu, gutxienez urtarrilaren 28ra arte. Entrenamenduak orain arteko baldintzekin egin daitezke”.

Leizaran taldeko hainbat partida bertan behera geratuko dira, asteburu honetan ohikoak direnak baina partida gehiago jokatu behar zituztelako. Aurreko asteetan hainbat partida atzeratu ziren eta asteburu honetan galdutakoa berreskuratzeko asmoa zuten. Kadete mailako 5 partida iragarrita zituzten, eta infantil mailako 3. Horiek guztiak, eta hurrengo asteetakoak ere, bertan behera geratuko dira.

Futbola: Infantil mailako etenaldia, erabatekoa

Aiurri harremanetan jarri da Euskaldunarekin, eta egoera aztertzen ari dira. Ez baitago garbi zein mailari eragingo dion gaur arratsaldean Aldunditik zabaldu duten agindua. Benjamin eta alebin mailari eragingo diela argi dute, Eskola-Kirola bete-betean hartzen baitu. Baina infantil mailari dagokionez zalantzak dituzte. Antza denez, infantil mailako partidak eten egingo dituzte urtarrilaren 28ra bitarte. Atzo ez zegoen garbi zer gertatuko den Ohorezko infantil maila eta Infantil Txiki mailarekin. Ostiral goizean, ordea, iritsi da jakinarazpena eta Ohorezko eta Infantil Txiki maileko partidak ere bertan behera geratu dira.

Futbol federazioek desadostasuna agertu dute

Sare sozialen bitartez, Euskadiko lurralde bakoitzeko federazioek adierazpen bateratu argitaratu dute. Ez daude ados hartutako neurriarekin: “Ez gaude ados neurri horrekin; izan ere, berriz gazteenen kirol jarduerari eragiten dio eta era guztietako ondorio negatiboak dakartza”.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean ikuspegi ezberdinak daude

Gipuzkoako Eskola Kirolaren Lurralde Kontseiluan eskaera argia egin dute: “Eusko Jaurlaritzari jakinaraztea Gipuzkoako Eskola Kiroleko Lurralde Kontseilua ez dagoela ados eskola-kirolaren inguruan orain arte hartutako neurriekin, ezta oraingo honetan proposatzen diren neurriekin ere. Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kiroletako diputatu Harkaitz Millan Etxezarreta Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuordeari zuzendu zaio, iradokiz, lurraldeko agenteen eta Foru Aldundiaren beraren iritzia ikusita, neurria berriz azter zezala”.

Desadostasuna agertu badu ere, Aldundiak Jaurlaritzak egindako eskaerari bidea emango dio: “Gipuzkoako Foru Aldundiak jarduera fisikoari eustearen aldeko eta debekuaren aurkako jarrera izan du, baldin eta indarrean dauden protokoloen araberako prebentzio-neurriak hartzen badira. Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak egindako errekerimenduari erantzunez, eskola-kiroleko lehiaketa-jarduerak aldi baterako etetea erabaki da, urtarrilaren 28ra arte".

Erlazionatuak

Bertan behera geratu dira ostiral honetarako iragarrita zeuden pilota partidak

Aduna

Adunako Udalak sare sozialen bitartez Txulobi elkarteko partiden berri eman zuen. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak, ordea, Eskola-Kirolako jardun...
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!