M8 2022

"Borrokari heldu behar zaio nahitaez, bestela hortxe geratuko gara erosotasun batean eta ez dugu ezer aurreratuko"

Irune Alfonso 2022ko mar. 7a, 07:30

Pili Legarra Asteasuko alkatea eta Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkatea Subijana etxean elkartu ziren, Aiurriko elkarrizketarako. Hainbat pasarte bideoz ikusteko aukera dago Aiurri.eus webgunean.

Pili Legarra eta Beatriz Unzue Asteasuko eta Amasa-Villabonako Udal administrazioaren buru dira, eta biak ere feminismo aktiboaren aldeko jarrera erakusten ari dira. 

[Elkarrizketa sakonagoa da, pasarte honetan martxoaren 8ari eta feminismoari lotutako aztergaiak]

Martxoaren 8a iristear da, eta Aiztondo mailan mugimendu feminista trinkotuta ageri da. Zergatik iruditzen zaizue garrantzitsua dela eskualde edo bailara izaeratik eragitea? 

Pili Legarra: Ekitaldiei begira jartzen bagara, eta gehienbat kultur ekitaldiei erreparatuz, argi ikusten da herri bakoitza berearekin mugitzen dela, eta askotan ez da koordinatu ere egiten. Mugimendu feminista, aldiz, bailarako izaerarekin sortu da eta alde komunitario batetik irakurrita oso garrantzitsua da, beste hainbat ekintzetarako ere eredu izan daitekeelako. Emakumeen mugimendua zabalagoa izateak zentzu guztia du. 

Bea Unzue: Elkarlanean eta guztiok batera eginda aberasgarriagoa da, eta emaitza indartsuagoa.

Hitzorduetakoa feminismoaren inguruko hausnarketa bat da. Zeintzu izan daitezke zuen ustez 2022ko hasieran feminismoari eusteko gakoak?

P.L.: Feminismo eroso batera iritsi gara eta feminista izatea, jada, oso ondo ikusia dago; orain ez gara emakume zoro eta eroak. Aldaketa eman da, abiadura hartu du mugimenduak eta emakumearen jabekuntza oso presente dago. Beldur naiz: geroz eta gehiago sumatzen dut gazteen artean guztia lortuta dagoen sentsazioa ikustea. Ez dago borrokatu beharrik, izan ere, pertsona guztiak feministak garela suposatzen baita; edozein egitarauetan feminismo hitza agertzen da, edozein alderdi politikotan feminismoa hor dago… baina, beste gauza bat da horrek nola eragiten duen gizartean eta zer ekintza burutzen diren. 

Feminismo horretatik haratago, errealitatea dago. Oraindik bortxaketak daude eta filmatu egiten dira... Alabaina, ez dago ia kontzientziarik filmatutako bortxaketa horiek ikustea gaizki dagoenik, eta hori gure gazteen artean gertatzen ari da.

Gakoa sentsibilizazioa da, iparra ez galtzea. Emakume gazteen artean kezka hori, behar hori sorraraztea, eta horretarako ekimenak beraiekin egin behar dira, entzun behar zaie, eta errotuta geratu diren hainbat kontzeptu kuestionatu behar dira. Borrokari heldu behar zaio nahitaez, bestela hortxe geratuko gara erosotasun batean eta ez dugu ezer aurreratuko, atzerapausuak emango ditugu gazteengan. Hainbeste borroka egin ondoren hori onartezina iruditzen zait. 

B.U.: Arrazoi osoa du Pilik. Eta zerbait gehitzearren, pandemia honek zaintza jarri du mahai-gainean. Pertsona asko ikusi ditugu etxean eta horrek zaintza lana areagotu egin du, gehienetan zaintza lan hori emakumeak egin du, hor ikusi da familian zama zeinek eramaten duen.

Pandemia iritsi baino lehen, gizartean mobilizaziorako gaitasun handia erakutsi zuten martxoaren 8a edo azaroaren 25a... 2022an garai bateko dinamika berreskuratzeko aukera badagoela iruditzen zaizue?

P.L.: Bi urteko pandemiak eragin handia izan du, eta horrek ohiturak asko aldatu ditu. Berriro kolektibotasun horretara itzultzea kosta egingo da, ez bakarrik azaroak 25 edo martxoak 8an, baita hainbat eta hainbat ekimenetan ere. Indar gutxiago izango du ziurrenik, baina, berriro martxan jarriko da, hazia badago; herritar eta emakume taldeak hor daude, ez dira desagertuko eta beste gauza guztiak bezala berriro aktibatuko dira. 

B.U.: Aiztondo bailaran, aktibotasun hori badago, ez bi data seinalatu horietan bakarrik: 365 egunetan ikusi da. Pilik esan duen bezala, bailara bezala lortuko dugu berriro ere helburuak lortzea. 

Politikan polarizazio handia ematen ari da herrialde ezberdinetan, eta tartean alderdi politiko batzuk ezbaian jartzen ari dira genero berdintasuna edota hizkuntza eta lurralde ezberdintasuna. Kezkaz bizi duzue hori? Mehatxu bezala ikusten duzue?

P.L.: Izugarrizko beldurra ematen dit horrek niri. Gaur egun, gai horiek eztabaidan jartzen dituen alderdi politikoak egoteak asko esan nahi du. Lehen esan bezala, berdintasun gaiekin borrokatu egin behar dugu, oraindik zalantzan jartzen dituzte gauzak; generoa ez da existitzen, indarkeria matxista ez da existitzen... horrelako astakeriak entzuten ari gara eta muturreko egoeretara joaten ari garela egia da. Asko beldurtzen nau horrek eta nik uste dut gizarte honetan hausnarketarako gune batzuk behar ditugula, marra gorriak izan behar ditugu. Prentsan irakurri behar diren astakeriak izugarriak dira, inongo lotsarik gabe, arazorik gabe eta marra gorririk jarri gabe. Ezin da guztia onartu; giza eskubideak ezin dira zalantzan jarri. Hori egiten badugu, pentsa zenbat urtetan atzera goazen...

B.U.: Beldurra, eta kezka handia. Gure inguruan dagoen jendeak burua duela pentsatu nahi dugu eta ez garela urteetan atzera bueltatuko, ezin dugu isilik geratu.

P.L.: Krisi garaietan zabaltzen dira horrelako mezu gogorrak... Mezu gogorra sartu nahi baduzu, lehenik beldurra sortu behar duzu. Beldurra da emoziorik dominatzaileena; krisi garaian gaude, indibidualismo ikaragarria dago, kolektibotasuna galtzen ari gara eta horrekin jada sortu da hazia beldurra ereiteko. Jendeak beldurra duenean, irudi indartsu bati heltzen dio ezer zalantzan jarri gabe. Bozketetan ikusi daiteke, adibidez. Leku xumeenean alderdi politiko ultraeskuindarrenak boto gehien lortzen ari dira, eta hori beldurraren eraginez izaten da. Momentu latzean gaudela esango nuke.

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!